Elebikeria
Kontuak kontu, normala da euskerea kantsagarri izatea: berbaldietan denpora bikoizle da, kalean txakur eta ume pribilegio eta legebiltzarrean hizkuntza zapaltzaile. Orain aspaldi zalantzan iminten neban euskaldunok hizkuntzea edo edukazinoa bietatik zein galdu behar ete genduan lehenago. Orain, ostera, ez daukat zalantzarik: oin puntea zapaltzen deutsunari, takonazoa!
Xabier Paia
Maria San Gil Maizpide euskaltegian dagoan bitartean, Mikel Atxagak definidutako elebitasunez berba egiteko gogoa sartu jat. Hain zuzen be, berbaldi, konferentzia eta abarretako interpreteen beharraz jardutea gustauko litxakit, handi-handika ezagutu dodan funanbulismoa dalako. Eta askotan, poliziaren galdeketetan lez, gauzez jaubetzeko ez da izaten modu hoberik kristalaren beste aldetik ikustea baino.
Atxagak Deian (2005-07-03) aitatzen ebanez, euskerea bilera elebidunen kantsagarri baino ez da:
[…] Euskeraz esandako guztia erderaz errepikatzen danean, erderaz be badakien euskaldunarentzat aspergarri eta nekagarri gertatzen da. Erdaldunentzat, barriz, nasaigarri eta alpertzaile, euskara ikasi beharrik izan ez dagien erderara itzuliko deutsee eta. Bada elebitasun gitxiesgarririk be: huskeriak, euskeraz; funtsezkoak, erderaz, meza, hitzaldi, bilera eta komunikabide elebidun izenekoetan jazo ohi danez. Eta bada erdaldunak tontotzat hartzen dauzenik be: "egun on/ buenos días", "jaun-andreok/señoras-señores", "Manterola kalea/calle Manterola" eta abar. […]
Ados. Ez dozu sinistuko eta zenbat alditan hasarratu nazen interpreteokanako mesprezu horregaz. Edegiera ekitalditik ikusi ohi da zeinen gogaikarria izango dan berbaldia: hizlariak “egun on/ buenos días” esaten dauen unetik ikusezin-mutuaren kartela iminten deuskue kaskoak jarrita aretoaren hezetasunik handiena dagoan zuloan sartuta gagozan kaskodun soldaduoi. Hizlariak dana esan behar badau, ni zertarako ekarri nabe? Kobretako baino ez? Dirua irabaztea asmo bakar eta nagusi daukienentzat ondo dago, baina ni lakoontzat sano abrosiduteko arrazoi bihurtzen da beharra. Behin pasetan jatzunean poztu egiten zara, baina enegarrenean zeure buruari esaten deutsazu: honeek burutik eginda dagoz ala zer? Emoten dau ni ekartearren dirua emoten deutseela! Eta akaburako konturatzen zara holan dala.
Nire presentzia diru iturri be bada. Elebitasunaren legearen arabera, euskerearen presentzia eta erabilerea jardunaldietan diru-laguntza atxakia izan leiteke. Hizlariak gaztelaniaz berba egiten dauenean, entzuleak labeleko euskalduna izan beharko dau kaskoak iminteko: diglosiaren alde positiboa. Euskal bersinoak gora egiten dau, hizlariak gaztelania ez dan erderaz berba egiten dauenean bakarrik.
Interpretazino sozialeko ikastaro batean, laster urte bete izango da hau itaunau bota nebana: kanpotarrei beharrizan danetarako hizkuntza bitartekaritza lana egiteari ondo deritxat, baina kanpotarrak etorkin bihurtzen diranean, noiz exijidu geinkio persona horri bertako hizkuntzea ikastea?
Espero nebanez, erantzunak ez eukan ez denpora epe ez mamin zehatzik: personearen kontzientziak ebatzi behar dau hori. Behartzea inposizinoa da eta hori gaur egun ezin da inon idatzi. Egin baino ez.