Jan-edanak  IV. urtea // 121. zenbakia

Ardaogintzea Txinan (II)


Imanol Sarasola,
enologoa

Txinako ardaogintzea aztertu genduan aurreko artikuluan eta gai beragaz jarraituko dogu oraingoan be.

Emoten dau Asia osoan gora doala ardaoaren kontsumoa, izan be, erdi mailako jentearen artean gero eta gehiago edaten da eta baita bertako gazteen artean be; boom kulturala be deitu deutsie aditu batzuek ardaoaren kontsumoan izan dan gorakadeari. Txina handia da, jakina, baina urtero 700 miloe botila ardao inguru kontsumiduten dira.

Asiako fenomeno hau hain handia izanik, ardaoa produziduten daben lurralde guztiak Txinara begira ei dagoz. Datu lez baino ez bada be, Vinexpo Overseas, urte birik behin egiten dan nazinoarteko ardao erakusketa handienetarikoa, 2006an Hong Kongen egingo da.

2001ean Txina komertzioaren Munduko Erakundean (World Trade Organization) sartu zanetik, ardaoaren prezioak behera egin dau nabarmen; azken lau urteotan, % 60 baino gehiago bajatu da botilako ardaoaren prezioa. Hori dala eta, oso erraza da atzerriko ardaoa topetea Txinako saltokietan. 2003an kanpotik etorritako ardao kopurua txinan bertan produzidutakoaren % 11,2koa izan zan.

2003an kanpotik bertaratutako ardaoen artean, Txile izan zan gehien saldu eutsen herrialdea.

2003an Txinan, bertako produkzinoa 3400 mila hektolitrokoa izan zan. Era berean, bertan saldu ziran litroak 3800 mila hl. izan ziran kanpotik erositakoak gaineratuta eta litro bakotxaren salneurria batez beste, botilako 2,4 AEBetako dolarrekoa izan zan.

2004ko datu zehatzik ez badogu be, badakigu 3800 mila hl. baino gehiago produzidu zirala bertan eta kontsumidu 4300 mila hektolitrotik gora. Bestalde, salneurria 2,3 AEBetako dolarrekoa izan zan botila bakotxeko.

2003an, Shandong eskualdeko mahastiak izan ziran garrantzitsuenak Txinako produkzinoari dagokionean. Bestalde, ardaoaren kalidadeari jagokonez, Pekin eta Heibeiko lurraldeetako ardaoak nabarmendu behar dira.

Horrezaz ganera, Txinan badago beste ardao mota bat, eurek “edari alkoholikoa” deitzen deutsena; erdia baino gitxiago ardaoa da eta ganerakoa azukerea, azido zitrikoa eta kolorantearen nahasketea.

Mahastiei dagokienean, Cabernet Sauvignon, Merlot, Chardonnay eta Riesling dira gehien landatzen diranak, % 80 inguru. Txinan produziduten dan ardaoaren % 85 baltza da, izan be, gehien landatzen dana Cabernet Sauvignon da ia-ia % 50; Merlot bariedadea % 11 baino ez da eta zurien artean, Riesling bariedadea da nagusi, % 6; ondoren, Chardonnay dago (% 5).

Txinako ardaogintzeari buruz asko eta asko dago esateko baina zantzu batzuk emoteko nahikoa izan daitekeelakoan egina dago artikulu hau.