‘Euskal Inter Musika 2005’ Lekeition abuztuaren 6an eta 7an
2005eko egitaraua:
- Abuztuaren 6an, 22:30etan:
Euskal Herria, Eskozia eta Ingalaterrako Rock Alternatibo taldeak:
SPINDRIFT (Eskozia).
MUTED (Euskal Herria).
DIRTY ELECTRIC (Ingalaterra).
ANPLITUDE (Euskal Herria).
- Abuztuaren 7an, 20:30etan:
Musika Tradizionalaren arloan, talde euskaldun, irlandar eta brasildarrak izango dira:
THE KANE SISTERS (Irlanda).
BATUQUE USINA (Brasil).
ZURE (Euskal Herria).
AITXITXA MAKURRA (Euskal Herria).
Euskal taldeak:
MUTED
Muted 2003ko irailean sortu zan Bilbon. Urte bereko abenduan Berrizen urtero egiten dan maketa lehiaketea irabazi ostean, euren lehen maketea grabau eben 2004ko martian; kantuetako batean, ganera, Gorka Urbizuren (Berri Txarrak) laguntzinoa izan eben. Euskal Herri mailako lehiaketa desbardinetan parte hartu eta nahiko ondo geratu ostean, aurten Euskadi Gazteko XIV. Maketa Lehiaketan, entzulearen sarian bigarren postua irabazi dabe.
Musika estilo ugariren eragina daukie, berbarako, hip-hopa, musika elektronikoa eta azken belaunaldiko metalarena eta euren estiloa metal gogorra da, ukutu elektroniko eta melodikoagaz.
ANPLITUDE
Lagun arteko proiektu lez 2003an hasi ziran ensaioak egiten Lekeition. Euren musikea estilo desbardinen fusino eta nahasketearen ondorioa da. Eragin asko ditu taldeak, horren erakusgarri zenbait abestitako, hardcore, funky eta pop ukutuak izango litzatekez.
Garagarrilean lehen maketea grabau dabe Ondarruko IJM estudioetan.
ZURE
Zure euskal taldea orain urtebete sortu zan Euskal Herriko musika tradizionala plazaratzeko asmoagaz.
Taldekideek musika proiektu desbardinetan parte hartu dabe eta ia danak MUSIKENEtik datoz (Euskal Musika Eskola), eta ETXAT proiektuan dabiz Kepa Junkeragaz batera, txalapartea munduan zehar erakutsi eta zabaltzeko helburuagaz.
Jaialdi askotan parte hartu dabe, besteak beste Calaf Nazinoarteko Jaialdian, Seu de Urgellen, Borges Blanquesen, Bellver de Cerdanyan, Bartzelonan eta orain Lekeition, EIM2005an.
AITXITXA MAKURRA
Lekeitioko talde gazte hau Lea Artibai eskualdeko musika tradizinoei eusteko asmoagaz jaio zan.
Bizkaie!
Euskal Internazionalak arreta berezia eskaintzen deutse hizkuntza minoritarioen erabilereari musika arloan (euskerea, galegoa, punjabi, gaelikoa...); beraz, hizkuntza horreek erabilten dabezan artistak izaten dira protagonista jaialdiotan. Era berean, alkarren arteko truke kulturala sortu eta sendotzea da helburu nagusienetakoa.
Musika arlo guztietako artistak ekartea da asmoa: rock, pop, tradizionala, World & Roots, elektronikoa, dance eta bestelakoak; edozelan be, aurten be, rock alternatiboak eta musika tradizionalak berebiziko tartea hartuko dabe.
Euskal Herriko kulturearen eta musika industriaren arteko hartu-emon onak sortzeari ekin gura deutse antolatzaileek, era horretara, nazinoarteko merkatuagazko loturak sendotzeko. Joan-etorriko bide bat eregi gura dabe, jaialdi honetara datozen mundu osoko eta Euskal Herriko artistek bata besteakandik ikasi dagien, alkar aberasteko eta alkarregazko loturak sendotzeko.
Lekeitio aukeratu dabe antolatzaileek oraingoan be Euskal Inter Musika jaialdirako, Euskal Herriaren eta bere kulturearen aberastasuna mundu zabalean ezagutzera emoteko. Euskal Internazionalaren entrepresa herrian kokatzeaz aparte, jaialdia bertoko turismo eta ekonomiarentzako zeozelako pizgarria izango dalakoan dagoz.
Euskal Inter Musika jaialdiak bere lekua dauka musika industriaren topaleku garrantzitsuenetan (Midem - Cannes Frantzia, Celtic Connections - Glasgow Eskozia, Vic - Katalunia, Womex - Itinerante, In The City - Manchester Ingalaterra, Camden Crawl - Londres Ingalaterra) eta, horrezaz ganera, jaialdiko arduradunak atzerriko beste musika jaialdi erakundeakaz hartu-emonetan dagoz, besteak beste, Irlandako Northern Irish Music Commission, galiar musikaz arduratzen dan Welsh Music Foundation, Eskoziako Hail eta Shetland Arts Trust izenekoagaz lan-sare bat osotuz, truke kulturala sendotzeko.