Sabino Arana kultur elkargoaren gorazarrea 0 gunean I-11ko hildakoei
Bizkaie!
Uda honetan, garagarrilaren 27tik 31ra bitartean, AEBetako Boiseko (Idaho) Euskal Kulturearen Nazinoarteko Jaialdiaren bosgarren edizinoko ekitaldietan parte hartzeko asmoagaz, Sabino Arana Kultur Elkargoak antolatutako bidaiako kideek New Yorkeko 0 gunea bisitau eben eta gorazarre egin eutsen 2001eko irailaren 11ko atentaduetan hildakoei.
Idaho Estaduko uriburura heldu aurreko egunean (garagarrilaren 27an), Kultur Elkargoko bidaideak New Yorkeko suhiltzaileen ordezkaritza bategaz alkartu ziran Merkataritzako Mundu Zentroan eta estela erregalau eutsien gomutagarri lez; bertan ondokoa irakurri daiteke ingelesez eta euskeraz: “Gure historia sakrifizioa da; gure oraina, itxaropena; gure etorkizuna, askatasuna. Sabino Arana Foundation. The Basque Country”.
Upper East Side Parkeko 16. Konpainiako Miguel A. Ramos eta Washington Heights-eko 36. Konpainiako Jose I. Garcia suhiltzaileek jaso eben oroigarria suhiltzaile guztien izenean eta adierazo eben “leku nabarmenean egongo dala New Yorkeko suhiltzaileen estaziboetako batean”.
Sabino Arana Kultur Elkargoaren eta New Yorkeko suhiltzaileen arteko hartu-emonak 2002ko urtarriletik datoz; Kultur Elkargoak urte horretan bere sarietako bat emon eutsen 2001eko irailaren 11ko Torre Bikien kontrako atentaduen ondorengo salbamentu-ekintzetan heroitasunez parte hartu eben guztien lan bihotz-zabal eta sakrifikatuaren eskerrona adierazoteko.
New Yorkeko geldialdiaren ondoren, bidaideak Boisera joan ziran, bost urterik behin Estadu Batuetako uri horretan antolatzen dan jaialdian parte hartzeko. Aurten, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria be bertan izan da.
Jaialdi hori euskal bizimodua eta ohiturak gogoratzeko ospatzen da.