Sarean  I urtea // 15. zenbakia - 2002ko abenduaren 1a

Zinea, telebistea & Internet


www.televisionwithoutpity.com orrialdea (Internet Television Without Pity, Telebista Kupida Barik) oso ezaguna da telebista produktoreen artean, eta baita telebista ikusleen artean be (350.000 bisita izaten dira hilero orrialde honetan, eta bisita bakotxak ia 22 minutuko iraupena izaten dau).

Aitatutako foroek upealako eragina izaten dabe telebistako programetan, bai programak goraipatzeko zein gitxiesteko be bai. Holako foroak 'Expediente X' telesaio famatuagaz hasi ziran indartzen eta gaur egun telebistako programa gehienetan dago eretxi talde berezia. Argi eta garbi esan leiteke Hollywoodeko produktoreek aintzat hartzen dituela holako foroetan adierazoten diran eretxiak: pertsonaiak beste modu baten aurkeztu edo programearen haria aldatu edo gidoi barriak egiteko ideak be jasoten dira Interneten.

Berbarako, 'Felicity' saioko produktoreek saioko protagonistak ulea ebagi behar ebala erabagi ebenean, sekulako protesta piloa jaso zan Interneten eta ondorioz, aktore protagonisteari peluka bat ipinteko aukerea aztertzen ibili ziran.

CSI saio arrakastatsuari be kritikak egin jakozan foroetan eta honeek aintzat hartu zituen: noz edo noz gaizkileek 'irabazi' behar ebela azaltzen zan Interneten eta produktoreek kontuan izan dabe iruzkina.

Kritikak eta iruzkinak bai, baina honako web orrialdeek beste kontu bat be erakusten dabe: internautak dira telebista ikusleen arteko kritiko zorrotzenak eta programa horreen jarraitzailerik sutsuenak. Sarritan, Interneten ikusten diran eretxiak iraintzat hartzen ditue kazetari eta programa batzuetako arduradunek baina beste askotan benetako kritika fina be egiten da eta hori onuragarria da telebistako programa eta saioak hobetzeko.

Gotzon Plaza,
Informatikoa

Internet eta telebista, arerioak ala lagunak?

Telebistea / Irratia

Telebistea familiako beste kide bat da gure etxeetan. Gure etxeetako egongelak telebistearen inguruan preparauta dagoz, edo besterik ez bada, telebistea gelaren leku apropos ta berezian ipinten dogu, etxeko guztiok ondo ikusteko moduko lekuan. Gauzak holan dirala, pasau dogun azken mende hau, neurri handi baten, telebistearen sasoia izan dala esan geinke.

Telebistea agertu zan momentuan, irratiak ziran etxeetako elementu teknologiko barri bakarrak. Batzuk tramankulu bien arteko burrukea iragarri eben arren ez zan holakorik jazo eta bakotxak bere lekua, bere esparrua lortu eta bete egiten dau gaur egun be.

Internet Sarea

Antzeko zeozer pasau da Internetegaz. Telebista eta Interneten arteko burrukea hasita dago eta ez dago ukatzerik, astiro-astiro Internet mundu magikoak gero eta denpora gehiago jaten deutsona telebisteari. Nielsen/Netratings erakundeak azaltzen dauen moduan, estaduko internautak Internetera sartzen diranean, gitxi gorabehera 32 minutuko egonaldia egiten dabe (Europa mailan, mailarik altuenetakoa). Miguel Pérez Subías jaunak, Internet Erabiltzaileen Alkarteko presidenteak dinoanez, Internetera etxean eta egunero konektetan garanez, telebista ikusteko denpora gitxiago dago.

Interneten sartu eta telebistea ikusi, etxean egiten diran ekintzak dira eta informazinoa lortzeko beste bide batzuk (irratia, egunkariak eta liburuak, zinema) etxetik kanpo erabilten doguz edo, behintzat, etxetik kanpo be egin leitekez.

AEBetako Kaliforniako Los Angeleseko Unibersidadeak (UCLAk) egindako ikerketa baten ondorioz, argi azaltzen da AEBetako Internet erabiltzaileek astero lau ordu ta erdi gitxiago ikusten dabena telebistea internautak ez diranakaz konparauta. Kontuan izan behar dogu AEBetan ia-ia etxe gehienetan (portzentajea % 72,3koa da) Interneten sartzeko aukerea egon badagoala; EAEn, barriz % 29koa da portzentajea.

Ikertzaile guztiak bat datoz ondoko puntuan: Interneten sartzen dan jente kopuru handiena gazte eta gaztetxoek osotzen dabe. Lehen gazte jentea telebistea ikusten egoten zan, arratsaldeko seietatik zortzietara bitartean eta telebista programa ikusienak hasi baino lehenago, hau da, hamarretatik aurrera, baina orain denpora hori Interneten emoten dabe.

Internet eta telebistea, bata bestearen osogarri?

Hemen azaldutakoak ez dau esan gura Internet eta telebistea kontrako munduak diranik. Arerioak ez dira inondik inora eta sarritan alkarkide be izan daitekez. Horretarako Internet-en dagozan telebistari buruzko web orrialdeak ikusi behar doguz. Hemengo orrialdeetan izurtzen diran eretxiak sarritan gogorrak, mingotsak, zorrotzak eta erruki bakoak dira telebistako programak edo ta pertsonaiak aztertzen dituenean baina telebista ikusleen eretxiak jasoteko gune aproposa bihurtu dira.

Orain arte, programen arduradunek euren erredakzinoetara heltzen ziran kartak kontu handiz irakurten zituen ikuslegoaren eretxiak jasoteko. Gaur egun honako bideez ganera beste modu zuzenago bat be erabilten dabe: Interneteko foroetan sartu eta han esaten diran eretxiak ikusi eta aztertu: zeintzuk diran gustoko programak, zeintzuk diran programetako atalik interesgarrienak edota zein aurkezle dan gogokoena ikusleen artean.