Juanjo San Sebastian: 'ez naz bape parrandazalea'
Bilbotarra (1955), mendizale amorratua, 16 bat urtegaz hasi zan eskaletan eta gaur egun bere 5 urteko semea eskalatzaile trebea ei da. Munduko tontorrik altuenetan ibilitakoa (Everest, K2, Shisha Pangama, Cho Oyu, Makalu, Broad Peak, ...), mendian lagunak galdu dituana, idazlea eta aurtengo Bilboko Aste Nagusian pregoilari. Egunotan, ‘Cita con la cumbre’ liburuaren berrargitalpena aurkeztu dau Bilbon eta Madrilen eta mendiagaz eta sukaldaritzeagaz lotuta beste liburu bat idaztekotan dago. Makinatxu bat kontu, beraz, Juanjo San Sebastianegaz jorratzeko.
1.- Tintigorri konparsako Aitziber Adell Ateca txupinereagaz batera, Bilboko Aste Nagusian pregoilari lana tokau jatzu. Zelan hartu dozu jai batzordearen izentapena?
Ondo. Jentaurrean zabaldu aurretik, Jon Aldaiturriagak aurreratu eustan barria, sarritan kanpotik ibilten nazanez, Bilboko Aste Nagusian berton izango nintzan ala ez jakin guran, izan be, proposatu naben hirugarren aldia da aurtengoa. Aurrekoetan, arrazoi bategaitik edo bestegaitik Bilbotik kanpora egon naz abuztuan eta ezinezkoa izan da. Aurten, barriz, baietz erantzun neutson eta, ganera, ohore handia zala niretzako Aste Nagusian pregoilari lana egitea. Lehenengo sentimentua, duda barik, kriston pozarena izan zan, zeozelan maitatua sentitzen zaralako. Bildurra be igarten dozu, batetik, zelan erantzungo dozun ez dakizulako zehatz ze egunean pare bat edo hiru ekitalditan parte hartu behar dot eta bestetik, jaietan gitxi ibilitakoa nazalako; atara kontuak, bilbotarra izan arren, ez dot sekula Aste Nagusia osorik pasau Bilbon.
2.- Pregoian zer esango dozun aurreratu zeinke?
Ez. Egunotan nabil ideiak ordenetan eta zeozer idazten. Aurreratuko deutsut idatzi neban zatiagaz gustura geratu nazala, izan be, irakurten hasi eta barregurea sortu jatan eta hori seinale ona da. Beste gauza bat be esango deutsut, akaso, bertan momentuan ausartzen banaz, kanturako tartea be hartuko dot pregoian.
2.- Zelan biziko dozuz jaiak? Parrandazalea zara?
Ez. Ez naz parrandazalea. Lagunakaz egotea, tabernatan eta kalean ibiltea asko gustetan jat baina ez naz jaizale amorratu horreetakoa, dantzan be ez naz bape trebea...
Oro har, nahiko lotsatia naz eta egia esan behar badeutsut ez dakit jaiak zelan biziko dodazan. Konpromiso asko izango ditut eta horreen arabera antolatu beharko dot nire agenda personala.
3.- Mendia maite dozu eta espedizino eta mendi altuak baztertuta euki arren, mendiagaz lotutako hainbat ekitaldi antolatzen dozuz, besteak beste, Pagasarrira Martxea, Pirineotako zeharkaldiak... Gogoratzen al dozu mendira joan zinaneko lehenengo aldia? Zer da zuretzako mendia?
Lehenengo aldia ez dot gogoratzen baina oso gazterik hasi nintzan mendira joaten gurasoakaz. Aitak kontauta dakit, ezelako laguntzino barik lehenengoz Pagasarrira 3 urtegaz igon nebala. Hamaika urtegaz, barriz, Gorbeiako tontorrera heldu nintzan, hori ondo gogoratzen dot.
Horrezaz ganera, Hernanin bizi nintzan sasoian, igon neban mila metrotik gorako lehenengo mendia, Gorbeia baino lehenago, Aizkorri izan zan.
Gorbeiaren ostean, bolada haretan nik gehien maite neban mendia, Anboto igon neban; orduan, zailtasunaren ikurra edo eredua zan mendia, hain zuzen be.
Bigarren galderea benetan gatxa da. Mendia zer ete dan niretzako? Gaur egun errealidadea baino gehiago oroitzapen bat da mendia niretzako. Orain, 5 urteko semeagaz ibilten naz mendian, berari eskaletea gehiago gustau arren eta Madrileko lagun bategaz urtero egiten dot irteeratxo bat (aurten, Ararat mendian izan gara) eta mendiagazko hartu-emonak goitik behera eten ez badodaz be, askosaz trankilago bizi naz.
Jakina, mendiak gauza asko erakutsi deustaz, berbarako, norberaren buruaren jaube izaten; bildurrei, zalantzei aurre egiteko mendiak asko lagundu deust. Erreferente argia da niretzako mendia eta momentu tristeak eta gogorrak be bizi arren, balantzan gehiago izan dira bizitako momentu ederrak.
4.- Orain bost urte Temas argitaletxeak plazaratutako ‘Cita con la cumbre’ liburua sano arrakastatsua izan zan gurean eta gure mugetatik kanpo eta orain, barriz, Desnivel argitaletxeak berrargitaratuko dau. Zergaitik?
Liburu hori Temas de hoy argitaletxeagaz argitaratu neban eta bigarren edizinoa saldu zanean, argitaletxeak abisau eustan konpromisoa amaitutzat emoten ebela. Edozelan be, Desnivel argitaletxeak aspaldi egin eustan eskaintzea liburua berrargitaratzeko eta berez etorri dan kontu bat izan da. Jakina, liburua barriro argitaratzeak sentsazino bikotxa eragiten deutsu, alde batetik, beti gauza bera kontetan zagozala emoten dau, pelmadea emoten zagozala eta, bestetik, gaur egun be zeozertarako balio dauela liburuak, jenteak badaukala interesa. Editoreak, hitzaurre barria idazteko esan eustan eta ahalegin batzuk egin arren, idazten neban guztia kontauta egoala konturatzen nintzan eta bere horretan itxi neban.
5.- 94an K2 mendiaren tontorra zapaldu eta beheranzko bidean Atxo Apellaniz laguna galdu eta han bizitako esperientzia gogorra kontetan dozu liburuan, emozinoak, sentimentuak, ezintasuna...dira osogai nagusiak.
Bai. Ordenadorearen aurrean jarten nintzanean, pentsetan banengo lez sentiduten nintzan. Ez eustan bape lotsarik emoten barruan neukazan gauza guztiak idazteak. Nire sentimentuak, pentsamentu eta emozinoak kanpora atara eta han bizitakoak lehenaldiko kontua zirala jaubetzeko ahalegina izan zan liburua idaztea. Nire bizitzako fase baten amaierea zala argi sentidu neban baina ezelako nostalgiarik barik. Orain bizitzak beste egoera bat emon deust eta badakit ez nazala pasautako etapa horretara bueltauko.
6.- Hamaika urte beranduago, zelan gogoratzen dozu orduko igoerea?
Nahikoa urrun dago K2-ra egindako espedizinoa baina oso gogorra izan zan. Sentimentu fisikoen artean, hotza nebarmenduko neuke, benetako hotza pasau gendualako; atara kontuak, 8000 metrotik gora bibak bi (mendian, denda barik lo egitea) egin behar izan nebazan eta Atxok, barriz, hiru. Beheranzko bidean, eginahalak egin genduzan Sebastian de la Cruzek, Ramon Portillak eta hirurok Atxorengandik eta azkenean, edozein lekutan, edurretan eta bakarrik hil beharrean, geure ondoan, dendan hil zan, beheko kanpamentutik sei ordutara. Inpotentzia, estutasuna, amorrua, tristezia lako sentimentuak gogoratzen dodaz. Jakina, egindakoak eginda dagoz eta horrek ez dauka atzera bueltarik baina gaur egun, K2-n gora barik behera egingo neban segurutik.
7.- Gaur egun, mendizale profesionalak dagoz eta mendia, neurri batean, negozioa da. Zein da zure eretxia?
Ni oso pozik nago nire garaia bizi izan dodalako eta bolada hori amaitu dalako. Gaur egun, jente larregi dabil mendi handietan eta hor ez dago disfrutetako modurik. Mendiak zeozer interesgarria badauka, bakardadea nabarmenduko neuke.
Bestalde, mendia negozioa ete dan esan deustazu eta duda barik ez dago hori ukatzerik; edozelan be, negozioa ‘legala’ da eta ni neu be bizi izan naz horretaz.
8.- Mendia eta sukaldaritzea buztartuz, liburu bat idazteko asmoagaz zabiz. Zer aurreratu zeinke?
Lapiko artean ibiltea beti gustau jat eta ezpedizinoetan be kozineru beharra gustora egiten neban. Gero, etxean be nire zeregina da hori. Kontuak kontu, Desnivelekoek egin eustien proposamena, mendia eta sukaldaritzea buztartuz liburua idaztearena, hain zuzen. Errezeta liburua baino gehiago izango litzateke, umore puntu bategaz, irakurleari barregurea eragiteko, jateko kontuak eta lekuan lekuko pasadizoak buztartuz.
Dana dala, ideia bat baino ez da eta oraingoz ez dakit idatziko badot be. Zeozer idazten hasi nintzan baina nahiko geldi daukat kontua.
9.- Zein da gehien maite dozun mendia?
Txindoki. Oso polita da eta oroitzapen ederrak dakardaz.
10.- Oporretan nora joango da Juanjo San Sebastian?
Segurutik, emazteagaz eta semeagaz Galiziara astebeterako. Aurten 50 urte bete ditut eta lagunek bela ikastaroa erregalau deustie eta han Galizian egiteko amesa daukat.
Bestalde, Pirineotako zeharkaldirako behar egitea tokau jat azken urteotan eta aurten be ibiliko naz. Bateren batek Pirineotako zeharkaldi horretako zatiren bat edo egin gurako baleu, hona hemen nire proposamena: Marialles aterpetxea-Canigo-Cortalets aterpetxea, sano ederra da, zazpi bat orduko ibilbidea eta zailtasunik bakoa.
Koldo Isusi Zuazo