Euskaldunok munduan  IV. urtea // 120. zenbakia

Joaquin Achucarro: 2005eko Euskal Herritar Unibertsala


Bizkaie!

Joaquin Achucarro piano-joleak 2005eko Euskal Herritar Unibertsala saria jaso dau. Eusko Jaurlaritzeak eta Euskadiko Kutxak Euskadiren irudia atzerrian ezagutarazoten laguntzen daben personak, alkarteak, eta erakundeak saritzen dabez eta aurreko urteetan, besteak beste, Eduardo Chillida eta Jorge Oteiza artistek, Juanito Oiarzabal mendizaleak, Donostiako Orfeoiak eta Ainhoa Arteta sopranoak jaso dabe.

Orain dala bederatzi urte hasi ziran urteko Euskal Herritar Unibertsala Saria emoten, Euskadiren irudia atzerrian zabaltzen daben personak, alkarteak eta erakundeak saritzeko asmoagaz.

Joaquin Achucarro Arisqueta Bilbon jaio zan 1932ko urtarrilaren 11n. Txikitatik erakutsi eban musikarako abilezia baina familiaren ohitureari jarraituz, Fisikea ikasten hasi zan unibersidadean. Edozelan be, laster baztertu ebazan zientzia kontuak eta orduan ekin eutson musikea ikasteari.

Madrilgo Kontserbatorioan pianoa joten ikasi eban eta ondoren, Sienako Chigiana Akademian eta Sarrebrückengo Hoschschullen jarraitu ebazan ikasketak. Sari garrantzitsuak be irabazi ditu, berbarako, 1959an, Liverpoolgo Nazinoarteko Lehiaketea. London Symphonv Orchestran, barriz, Harriet Cohen dominea emon eutsen. Achucarrok 58 herrialdetan jo dau eta 200 orkestra desbardinetan jardun dau 332 zuzendariren batutapean.

1989tik Dallaseko (AEB) Southern Methodist Universityko Estes Tate katedraduna da. Kontzertuak emoteaz aparte, irakasle be bada eta ez dauka aspertzeko astirik.

Xabier Antxotena artistearen eskulturea izango da saria baina abenduaren 14ra arte ezin izango dau jaso oso lanpetuta dabilelako.