Semen, una historia de amor
“A mi madre le gustan las mujeres” opera prima arrakastatsuaren ostean, Paris-Fejerman bikoteak beste komedia bat ekarri deusku, barre baino gehiago irribarre eragiten dauen filma, hatan be.
Ipuin modura filmatua, “Amelié” frantsesaren ildoko ikutu susmagarri eta guzti, “Semen, una historia de amor” izenburuaren pean komedia klasikotik genero zoro baterako tarte guztia ibilten dauen gidoiaz gozau daiteke. Filmak zelan edo halango erritmoari eusten deutso eta nahiko formatu erakargarria dauka. Ganera, estetika interesgarriaz jantzi dabe eta, berbarako, antzezleen arropek Johnny Deep-en lanik burubakoenetan erabilitakoak ekarten deuskuez gogora.
Bestalde, antzezleen zerrendea guztiz deigarria da. Gauzak holan dirala, Héctor eta Ernesto Alterio aita-semeak ikusi ahal izango doguz eta kimika berezia daukien hainbat eszena opetsiko deuskuez. Bestalde, Leticia Dolera antzezleak lañotasun, eztitasun eta maitetasuna emongo deutso pelikuleari.
Edozelan be, txinpartarik ez da bizten; komedia polita izanagaitik be, zer edo zer falta jako, beharbada hainbat estilo eta erritmo nahastetako egindako lanak kontakizunari sendotasuna eta indarra ostu deutsielako. Atsegina, beste barik.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Daniela Fejerman eta Inés París.
- Herrialdea: Espainia eta Erresuma Batua.
- Iraupena: 89 minutu.
- Generoa: komedia erromantikoa.
- Antzezleak: Ernesto Alterio (Serafín), Leticia Dolera (Ariadna/Penélope), Héctor Alterio (Emilio), María Pujalte, María Isbert.
- Argazkia: Néstor Calvo.
- Muntaia: Iván Aledo.