Zinea  IV. urtea // 120. zenbakia

Aizpea Goenagak Bernardo Atxagaren nobelan oinarritutako filma zuzenduko dau


Joseba Terreros

Aizpea Goenagak Zeru Horiek Bernardo Atxagak 1995ean idatzi eban nobelea telebistarako moldatu dau. Hilaren 18an hasi ziran Bartzelonan pelikula hau grabetan, euskera hutsean.

Hasikera batean, Enrique Urbizuk zinemarako egokitzapena egin gura eban, baina proiektuak ez eban aurrera urten. Orain, nobelea argitaratu eta hamar urtera, Aizpea Goenaga aktore, antzerkigile eta zuzendariak telebistarako moldaketea egingo dau.

Nagore Aranburu izango da filmeko aktore protagonistea, baina Joseba Apaolaza, Loli Astoreka eta Teresa Calok be, besteak beste, hartuko dabe parte filmean.

Zeru horiek Espainiako Estaduko telebistearen produkzinoa izango da, eta proiektu horren inguruan, Anjel Lertxundiren eta Ramon Saizarbitoriaren lanak be egingo dauz euskeraz.

Lau urtean preso egon ostean, Irenek, 37 urteko andreak, kartzelatik urtengo dau Birgizarteratzeko Legeari helduta. Kartzelatik urten eta gero, Bartzelonatik Bilbora abiatuko da, eta bidaia horretan, iraganeko bizipenak gogoratuko ditu, orainaz gogoeta egin, eta etorkizunak zer ekarriko deutson pentsauko dau.