Garoña, zentralik zaharrena
Arazoak arazo, hilebete gitxi barru Garoña estadu osoko zentralik zaharrena izango da eta, aurreikuspenik ezkorrenak beteten badira, Burgos nahiz Arabaren arteko muga eder horretatik Euskal Herria mehatxatzen jarraituko dau luzaroan.
Begiluzea
Garoñako zentral nuklearrera abiatzen dan errepidea ingurune magiko eta eder batean dago. Erdi Aroko torreak, errebuelta estu-estuak, Ebro ibaiaren ondoan egindako tunelak... Zentrala, arbolen artean, asaotik ikusi daiteke tximini luze baizen bildurgarri baten modura eta erreaktorea hartzen dauen hormigoizko kaxa handi baten antzera. Zentraleko herrian, ostera, paitak, indioilarrak eta okak ikusi daitekez eta mune batean, apur bat urrunago, orkatz familia bat eta guzti.
Segurtasun neurriak zorrotz-zorrotzak dira: alanbradak, hesiak, segurtasun jagoleak. Irailaren 11koaren ostean, ganera, neurriok gogortu dira. Edozelan be, igazko urriaren 19an Greenpeace-ko hamazortzi ekintzailek zentraleko sarbide nagusia blokeau eben, Rodríguez Zapatero jaunak hauteskundeetako programan agindutakoa bete daian eskatzeko: energia nuklearra albo batera ixtea behin betiko.
Luzapenaren bila
Garoñan, barriz, beharrean dabilz gobernuari 10 urterako ustiapen baimen barria eskatzeko beharrezko dokumentazinoa atondu guran. Une honetan indarrean dagoan baimena 2009ko garagarrilean amaituko da. Guadalajarako Zoritako nuklearra 2006ko apirilaren 30ean itxi eta gero, Garoña izango da estadu osoko zentralik zaharrena. Aurreko urteko martian 34 urte bete ebazan. Eta “Nuclenor” enpresearen planen arabera, beste 14 urteko epean egon leiteke beharrean.
Nuclenor-eko espezialista talde batek eta kanpoko hainbat enpresatako 15 personak lanean dihardue baimenaren luzapena eskuratzeko baldintza guztiak bete daitezan. Azterlan bat egiten dabilz, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari aurkezteko. Horren ostean, erakunde horren txostena Industria Ministerioari bialduko jako, luzapenaren inguruan erabagi daian. 1999ko garagarrilaren 5ean emondako azken baimenak be luzapenaren aukerea jasoten eban.
Arrakalak
“Greenpeace” eta “Ekologistak Martxan” erakundeek sarritan kritikau dabez Garoñaren zahartzea eta segurtasunaren elementu giltzarriei eragiten deutsen korrosinoa. “Nuclenor” enpresako bozeroale baten esanetan, 'enpreseak berak emon eban erreaktorearen barruko elementuetan egon diran higadura arazoen barri. Edozelan be, erakunde zientifikoen arabera, higadura horrek ez dau segurtasun arazorik sortu eragiten'.
Ganera, arrakalak topau dira fisino nuklearra geldotu edo arintzeko zeregina beteten daben kontrol barretako osogai eragileetako estalduretan; horren inguruan, “Nuclenor” enpreseak adierazo dau arrakalon jatorria pieza honeei 70eko hamarkadan emondako tratamentu metalurgikoan dagoala eta hori guztiori egokiro arteztu eta zuzentzeko 55 zigilu mekaniko ezarri dirala 3,5 milimetroko arrakalak dagozan tokietan. Dana dala, beste 11 arrakala ei dagoz, ezelango zigilu barik. Era berean, korrosinoari aurre egiteko asmoz, kalteturiko eremuan hidrogenoa txertatzen da, oxidorik agertu ez daiten.
'Argi dago arazoak okerrera egingo dauana eten barik. Datu barriek agirian ipini dabe Garoñako segurtasunean dagoan degradazinoa; zentraleko bizitza erabilgarria agortzeko zorian dago', adierazo dau Greenpeace-k.