Bertsotan  IV. urtea // 120. zenbakia

Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketearen harian


Bertsopaperen zabalpena

Dudarik ez dago. Bertsopaper lehiaketak zenbat-gura dagoz, baina saritutako bertsoak apenas emoten dira ezagutzera. ALBEk liburua emon eban argitara urtez urte, edizino bakotxeko bertsopaper saritu eta aukeratuekaz. Papelezko lekukotza hori beharrezkoa da. Baina bertsopaperen zabalpenerako ez da nahikoa. Papela ez da nahikoa. Beste zer edo zer egin behar da bertsoak ezagutzera emoteko. Musikeak asko lagundu dau, erakutsi dogun moduan. Egia da, hori lanori antolatzaileen esku ixtea karga astunegia izan daitekeela. Baina formulak topau leitekez. Aurkezten diran bertsoak kantuan emon musikearen laguntzinoagaz (eta zergaitik ez lehiaketearen azken epaia emon aurretik?), bertsopaper musikatuak grabau, herriko edo maila goragoko bakarlari edo taldeei sorta onenak opatu... Hori bai, horretarako ezinbestekoa litzateke bertsopaperen neurria laburtzea. Eskatzen dan bertso kopuruak (8-12) sorta luzeegiak egitea dakar, kantu formatuan musikatzeko luzeegiak. Eta sorta saritu askotan lasto dezente egoten da ganera. Bertso kopuru txikiagoa, bertso neurri txikiagoen promozinoa, hortik be jo leiteke.

Baina oraingoz, dagoenari heldu behar jako. Eta Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketearen edizino barria martxan dagoala eta, bertan parte hartzeko deia geure-geurea egiten dogu, lehiaketa horrek merezi dau-eta horrenbeste. Animau zaiteze beraz, bertsozale gaztetxo, gazte eta gazte izandako, bertso-jartzaile konsagrau eta estreinau bako, antolatzaileek deialdian dinoen lez, zuen bihotzeko teklak sakatu gura doguz, barru-barrutik idatzi dagizuezan euskaldun guztien bihotzetan eragiteko moduko bertsoak. Gogoratu daiguzan parte hartzeko arauak:

Bi ataletan parte hartu zeinkie: helduen atalean (18 urtetik gora) edo gazteenean. Helduek 8-12 bertso egin beharko dabez, eta gazteek 6-10. Bakotxak gura beste sorta bialdu leikez. Lanak jasoteko azken eguna 2005eko irailaren 1a izango da. Bertsoak posta elektronikoz bialdu leitekez, albegetxo@euskalnet.net helbidera, edo bestela posta arruntez:

BALENDIN ENBEITA 7. SARIA bertso-paper lehiaketa

ALGORTAKO BERTSOLARI ESKOLA "ALBE"
12. posta kutxa
48990 Algorta/GETXO – BIZKAIA

Sariak gogoratzea merezi dau, potoloak dirla esan dogu lehenago eta.

Helduentzat:

1.saria: txapela, 1.200 € eta oroigarria.
2. saria: 900 € eta oroigarria.
3. saria: 600 € eta oroigarria.

Gazteentzat:

1.saria: txapela, 300 € eta oroigarria.
2. saria: 150 € eta oroigarria.
3. saria: 90 € eta oroigarria.

Sari banaketea abenduaren 10ean egingo da, Algortako Getxo Antzokian, ALBEk antolatutako Ahobien Gala ekitaldiaren barruan.

Iñaki Aurrekoetxea

Hiru aste dira Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketearen barri emon geuntsuela. Algortako Bertsolarien Eskoleak (ALBE) Getxoko Udalaren laguntzinoagaz antolatu dauen lehiaketearen 7. edizinoa martxan dago eta berton parte hartzeko arauak emon genduzan. Oraingoan sariketa honi lerro batzuk eskaini gura deutsaguz, Euskal Herri osoko bertsopaper lehiaketarik garrantzitsuenetakoa dogulako berau, eta honetan dudarik ez dago, sari ekonomiko handienak banatzen dauzelako. Pentsau, aurtongo edizinoan, nagusien ataleko lehenengo saridunak 1.200 € jasoko dauz.

Dirua behintzat badago Getxo aldean. Bertsolaritzarako be bai, zorionez. Baina ez dirua bakarrik. Egia esan, bertsolaritzea sustatzeko ahalegin aberatsa egin dau ALBEk hogeita bost urtetan zehar. Eta egindakoen artean hor dago bertsopaperak promozionetako sortu eben lehiaketea, Bizkaiko bertso-jartzaile handienaren izena hartu ebana. Zazpigarren aldiz antolatu dabe aurten, baina esan behar da hamaika urteko hutsunearen ostean antolatu dabela hau. Datu zehatzik ez badogu be, 88an antolatu eben lehenengoz, baita urtez urte beste hiru aldiz gehiagotan be. 92an bosgarren edizinoa egin eta hurrengoa bi urte beranduago egitea erabagi eben, beste arrazoi batzuren artean, lehiaketearen aurrekontua potoloegia zalako urterik urteko erronkeari erantzuteko. 94an antolatu eben seigarrena, eta gaur arte. Hamaika urteren buruan dator indarbarrituta getxotarren bertsopaper lehiaketa entzutetsua.

Agur sagar beltzeran
edo beilegia
agur betiko hire
izar aurpegia.
Izango haiz ederra
baita ederregia
baina ez maitatua
ezin alegia:
Heuk ez sinestu baina
hori dun egia.

Ezaguna, ala? Ba lehiaketa honetako bigarren edizinora aurkeztutako sorta baten alea dozue. Xabier Amurizak bigarren saria lortu eban Agur sagar beltzeran sorteagaz. Lehenengo saria jaso eban sortea baino ezagunagoa egin da, baina gerora musikatu izanak (Anje Duhaldegaz batera argitara emondako diskoan) lagundu eban horretan. J.M. Etzezarreta “Izazpi”k irabazi eban orduan. Hurrengo urteetan Abel Enbeita eta Jon Enbeita izan ziran irabazleen artean. Bertsopaperen promozinoa helburutzat eukiela esan dogu. Horren lekuko da hasikerako edizinoetan atal berezi bat egoala lehiaketan, ohiko nagusien, gazteen eta gaztetxoen atalakaz batera. Bertso-eskolen arteko atala zan. Bertan norbanakoek hartzen eben parte batetik, beti be bertso-eskola baten izenean, eta bestetik, sorta gehien aurkezten ebazan eskoleak be saria eukan. Santutxuko bertso-eskoleak esaterako, sari asko jaso ebazan hareetan urteetan, eta bertso jarrien lanketarako motibagarri izan zan. Antolatutako azken edizinoan be, eskola artekoan sari batzuk lortu ostean, eskola horretako kide batek irabazi eban nagusien ataleko lehenengo saria. Sorta irabazlearen moldapen bat Mikel Urdangarinek egin eban ezagun geroago, Bazkalosteko kafean izeneko kantuan hain zuzen be. Iñaki Aurrekoetxea izeneko bertso-jartzailea zan sorta haren egilea.