Eretxia  IV. urtea // 120. zenbakia

World Series eta 1 Formula


IƱaki Atxutegi

Orain arte ez dot World Series kotxe lasterketearen ganean ezer idatzi eta berandu bada be, nire eretxia gura neuke emon. Lasterketearen aurretik eta ondoren be asko izan dira kontrako jarrerea erakutsi dabenak. Ni, ostera, alde nago.

Ontzat hartzen ditut zabaldu diran kontrako eretxiak, baina nire ustez badagoz antzeko kalteak eta arazoak sortarazoten dabezan ikuskizunak eta ez dabe horrenbeste kontrako eretxirik jasoten, onurak kalteak baino handiagoak ei diralako.

Lasterketetan kotxeak zaratatsuak dirala eta hasarre eta kexu egon dira asko eta arrazoi guztiagaz. Baina kexa gitxi dago Bilboko Aste Nagusian izaten dan etenik bako eskandaluarengaitik. Lasterketak, azken finean, hasi eta amaitu egiten dira. Laburrak dira jaiekaz konparauta. Jaietako zarateak ia ia ez dauka amaierarik bederatzi egunetan zehar. Eta bateren bat kexu agertzen bada persona triste eta arrarotzat joten dabe.

Trafiko arazoak sortarazoten ditu karrerearen montajeak. Ez dago dudarik. Bilboko sarreratan eta horrenbeste kaletan trafiko pilaketak izan ziran. Baina ez deutsat inoiz inori entzun kexarik San Mameseko partiduen ondorioz edo txirrindularitza lasterketak dirala eta trafiko arazoak dagozalako. Ez dot uste, ganera, inor ausartuko litzatekenik. Honeek arazook asumidu egiten dira ikuskizunak zeozelako 'kostua' izan behar dauelako, kotxe lasterketetarako batzuek asumidu gura ez dabena, hain zuzen be.

Kontuak kontu, lasterketearen lehenengo edizinoa joan zan. Hurrengo urteetan be barriro etorri leitekez kotxeak Bilbora. Oraindino erakunde publikoek ez dabe aukera horren ganean eretxirik azaldu. Emoten dau, behintzat, jentea gustora geratu dala edo bestela gogoratu daigun Antonio Basagoiti zinegotzi popularrak esandakoa. Honen esanetan, karrerearen arrakastea ikusita Bilboren ondorengo helburua 1 Formulako lasterketeak Bilbora ekartea izan beharko litzake.

Baina, jakina, adierazpenak zabaldu eta berehala hasi dira "aditu" batzuk esanez hori ez dala sekulan pasauko dagoeneko 1 Formulako Espainiako saria badagoelako, Madrilen egiten dana, hain zuzen be. Puntu honetanm, nik neurea botako dot: ez ete da hori izango beste arrazoi bat euskaldunok geure buruaren jabe izateko? Gustura ikusiko neuke Bilboko kaleetan 1 Formula Euskadiko saria, alajaina!