Zein izan zan lehen ordenagailua?
Gai honen inguruan zeozer gehiago jakin gura izan ezkero, hor dagoz pelikula bi: “Bletchley Park” eta ‘U-571’. Azken honek be bere grazia dauka.
U-571 izeneko urazpiko alemaniarra, eraso baten ondorioz, kalte larriakaz egoan. Hori dala eta ur azalean geratu behar izan eban. Hau aprobetxatuz, amerikar soldatu talde batek eraso egin eutsen eta bertan “Enigma” makinea lortu eben. Modelo desbardinak be erabilten ebezan alemaniarrek eta armadakoa modernoena zan.
Britainiar Gobernua eta bertako gizartea hasarratu egin ziran pelikuleagaz, “Enigma” makinea ingelesek lortu ebelako eta ez amerikarrek. Baina zer demontre da hori, historia beste era batera kontetea? Akaso, hilargira lehen aldiz heldu ziranak ingelesak zirala kontetan deuskun pelikula bat amerikarren gustukoa izango ete zan ba?
Gotzon Plaza,
informatikoa
Liburu askotan erantzuna honakoa izango da: ENIAC izenekoa (Electronic Numeral Integrator and Computer). AEBetako armadeak 1943an enkargau eban baina 1946ra arte ez eben amaitu. “PX Proiektua” izentau eben eta Jon Mauchly eta John Presper Eckert izan ziran buru. Aurrerago, 1944an, John von Neumann batu jaken.
Sasoiko makinarik handiena izan zan, ia 18.000 huts-tutuz osotua. Baina tutuak berotu egiten ziran eta hamar minututik hamar minutura bateren bat apurtu eta benetan gatxa izaten zan kaltea non egoan topetea. Historiaurreko ENIAC ordenadorea segunduko 5.000 batuketa eta 300 biderketa egiteko kapaz zan, bere garairako gauza ikaragarria benetan.
1955era arte martxan jarraitu eban eta sasoiko egunkarietan adierazoten zan aktibo egon zan denporan egindako kalkulu guztiak metatu ezkero, gizarte osoak bere istorian egindako guztiak baino askosaz gehiago izan eitekezala. Gaurkoakaz konparauta, ez dauka zerikusirik baina lehenengoa izan zan eta bere diseinua eta beragaz lortu ziran ideia barriak guztiz oinarrizkoak izan dira gaurko mailara heltzeko.
Kontuak kontu, Britainia Handiko ikertzaileak ez datoz bat, izan be, euren eretxiz, lehenegoa “Colossus” izenekoa izan zan.
1938. urtea. Munduko Bigarren Gerrea begibistan dago. Europako gobernuak preparetan hasita dagoz, euren gudarosteak eta espioitza zerbitzuak edozertarako prest egon daitezan. Preparazino horreen artean, arerioaren komunikazinoak atzemotea nagusienetakoa zan baina arazo bat egoan: nazien gudarosteak makina berezi bat eukan euren komunikazinoak sekretupean eukiteko, “Enigma” izenekoa. Britainiar Gobernuaren agindupean matematikari talde berezi bat bildu zan Bletchley Park izeneko jauregian “Enigma” horren kodeak deszifretako.
Orduantxe jaio zan “Colossus” izeneko ordenadorea, nazien komunikazino militarrak ulertzeko asmoz. Aurreko urteetan matematikari poloniarrak saiatu ziran horretan eta euren lana oinarritzat hartuz, Bletchley Park-eko taldeak lanari ekin eutson. Talde honen barruan Alan Turing matematikari gaztea egoan, gaur egun informatikearen aitatzat edo sortzailetzat hartzen doguna.
“Colossus” hau Munduko Bigarren Gerrako sekreturik handienetakoa izan zan eta holan izan da oraintsura arte, Britainiar Gobernuak 30 urtetan sekretupean gordetako legea ezarri eutsolako. Beraz, 30 urtetan ez da ezelako informazinorik argitaratu honi buruz. Arrazoi militarrak izan ziran nagusi baina beste mota batzuetakoak be bai. Guzurra emoten dauen arren, gerra sasoian, alemaniarrek Ingalaterrako uri bat bonbardeau eben eta beste uri batzuetan lez, bonbak jausi ziran hildakoak eta zaurituak eraginez; kontua da ze “Colossus” ordenadoreari esker agintariek bonbardaketa horren barri izan ebela bonbak jausi baino lehen. Halan da be, ez eben ezer egin proiektua sekretupean egoalako.
Colossusen diseinatzaileek, Thomas H. Flowers, S.W. Broadbent eta W. Chandlerrek sekretupean egin behar izan eben euren lana. Seguridadea tarteko, eurek be ezin izan ebezan ikusi makina osoaren parte guztiak, ez zan eskulibururik idatzi eta makinea montetako be langileek txandaka egiten eben euren lana.
Gerrea amaitu zanean, hamarren bat makina egozala uste da eta 1946an zortzi edo desegiteko agindua emon ebala Winston Churchillek. Beste bat 1950era arte martxan egon zan eta azkena 1960an indargabetu eben.
Eta zeozertaroko balio eban “Colossus” honek? Bai. 1943ko bagilaren 1ean nazien mezu bat deszifrau eban. “Enigma” makina batez kodeatuta egoan eta mezua ez zan edozelakoa: Hitler eta bere goi mailako militarrek Calais-eko partean espero ebela aliatuen eraso nagusia. Bagilaren 6an erasoa izan zan baina Normandiako hondartzetan.
Hain gatxa ete zan nazien mezuak deszifretea? “Enigma” izeneko tramankulua erabilten eben, idazteko makinearen antzekoa baina barruan hiru gurpil eukazan. Gurpil horreetan 26 letradun alfabetoko letrak mobiduten ziran: letra bat lehen gurpiletik pasetan zanean, gurpilak posizio bat egiten eban aurrera. Lehen gurpilak 26 posizino pasau ezkero, bigarren gurpilak posizino bat egiten eban aurrera. Eta bigarrenak 26 posizino egin ondoren, hirugarren gurpilaren txandea zan. Azkenean, letra bat sartu arren, kodeatuta edo enkriptauta geratzen zan.
Edozelan be, makinea aurrean euki arren, ez zan bape erraza mezu bat deszifretea gurpilen hasierako posizinoa ez bazan ezagutzen eta alemaniarrek egun bakotxerako posizino bat euken.