‘Abenduak 29’: Jabier Muguruzaren disko barria
Gotzon Uribe
Jabier Muguruza kantaria bere lan barria preparetan dabil, bere ibilbideko zortzigarrena, hain zuzen be. Diskoaren izenburua ‘Abenduak 29’ izango da eta Madrileko Resistencia diskoetxeak plazaratuko dau irailaren amaieran, azken orduko ezustekorik ez bada.
Jabierren lan barria entzunda zeozelako aldaketea dakarrela esan daiteke, aldaketea eta era berean aurrerapausua. Oraingoan eta Jabier Muguruzaren ibilbidea kontuan hartuta, lengoaia oinarrizkoago bat bilatu gura izan dau bere abestietarako, era berean intimismora eta izate minimalera hurreratuaz konposizinoak.
Gauzak holan dirala, lan barri honetan, gitarra akustiko bat eta emakume kantari baten ahotsa ditu lagun Jabierrek bere ahotsagaz eta akordeoiagaz batera. Irungo musikaria artifizio barik agiri da, biluzik, musikearen minimaltasunaren bila.
Apropos sortu gura dauen sonoridadea lortzeko eta abestiei etorri barri hori emoteko musikari finak izan ditu alboan. Gitarrajole lanetan, Angel Unzu beteranoa, gaur egungo hainbat talde eta musikarigaz ibilitakoa. Unzu jn.aren gitarra soinuak disko ugaritan azaltzen dira eta hori gitxi batzuk baino ez dabe lortzen. Bestetik, Mireia Otzerinjauregi kantari gaztearen ahotsa be entzun daiteke diskoan; ahots ederra dauka eta makinatxu bat erregistro.
Testuei jagokenean, Jabierren ibilbidean ohikoak diran idazleek parte hartu dabe: Bernardo Atxaga, Iñaki Irazu, Jose Luis Padron, Gerardo Markuleta... eta baita belaunaldi barriagokoak be, besteak beste, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe. Honeekaz batera, Jabierrek berak idatzitako zenbait testu be badagoz diskoan.
Lan barrian jorratutako gaiak Jabierren ibilbidean beti azaldu izan dira: egunerokotasuna, personen arteko hartu-emonak, gogoetak…
Diskoa Katarain estudioetan grabau dabe eta Angel Katarain izan da grabazinoaren arduraduna. Kolaborazinoen artean, Jorge Drexler kantariarena nabarmenduko neuke.