Zelan idatzi: a ze lana!
Xabier Paia
Eusko Jaurlaritzearen Hezkuntza Sailaren Ikasmaterialen Aholku Batzordea estilo-liburua osotzen dabil, ikasmaterialak egiteko hizkuntza-erispideak finkatuta egon daitezan. Atalka argitaratuko dabe: lehen atala 'Ortotipografia' izenekoa da eta Joxe Ramon Zubimendik preparau dau.
Urteak dira Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailak, Euskera Zerbitzuaren bidez, euskal ikasmaterialgintzeari ekin eutsona, hezkuntza jarduna artez eta moldez aurrera eroateko behar-beharrezkoak diran lanabesen artean, izan be, lehentasun osoa dabe ikas- eta irakasmaterialek. Unibersidade aurreko ikasmailetarako euskerazko ikasmaterialak sortu, argitara emon eta zabalkundea ziurtatzen ahalegintzen da Saila. Xede horixe dau EIMAk, bere sorreratik.
Ikasmaterial horreek egokiak eta kalidadezkoak dirala ziurtatzeko, hizkuntzazko eta edukizko azterketak egiten jakez eskola-materialei. Azterketa hori egiteko ardurea, aspaldiko urteotan, teknikari berezituen eskuetan iminia dau Sailak. Hizkuntzazko egokitasun-azterketea, hain zuzen be, Euskera Zerbitzuak bideratzen dau hainbat onespen-aztertzaileren lankidetzaz.
Azterketa modu horri jagokonez, bi dira onespen-aztertzaile horreek erabilten dabezan egokitasun-erispideak: alde batetik, Euskaltzaindiaren arauak, gomendioak eta aholkuak; bestetik, barriz, Ikasmaterialen Aholku Batzordeak (IABk) emondako argibideak eta aholkuak. Xabier Mendiguren Bereziartu (Euskal Editoreen Alkarteak izentaua), Joxe Ramon Zubimendi (Euskaltzaindiak izentaua), Juan Gartzia Garmendia (EIZIEk izentaua), Andres Alberdi (Hizkuntzazko egokitasun-azterketarako adituen koordinatzailea) eta Euskera Zerbitzua dira aholku-batzorde horren kide.
Gauzak holan dirala, bere-bereak dituan eskuduntzen harira, eskola-materialen Estilo Liburua osotzea da aspaldidanik Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailaren asmoa. Ortotipografiari buruzko liburukia ez da izango langintza bakarra, testuinguru zabalago horren hasierako zatia baino. Hainbat dira euskerazko ikasmaterialen hizkuntzazko egokitasun-azterketea ahalbidetu aldera finkatu, adostu eta eguneratu beharreko hizkuntza-erispideak. Horretan dihardu Ikasmaterialen Aholku Batzordeak.
Ortotipografia izeneko liburuki hau dozu, esandako moduan, asmo zabal horren lehen emoitzea. Aholku Batzordeko kide dan Joxe Ramon Zubimendik atondu dau, baina jente askoren ekarpenak jaso dauz bere ibilbide luzean. Aholku Batzordeko kideenak, lehen eta azken faseetan; baina ez eurenak bakarrik. Denporea hartu zan azterketarako: urtebete pasa. Euskaltzain, idazle, onespen-aztertzaile, argitaletxeetako teknikari, itzultzaile, eskoletako hainbat irakasle..., jente asko izan da lehen idazkuntza hari bere ekarpen-erreparo-zuzenketak eta hobespen-oharrak egiteko aukerea izan eta egin dauena.
Zabalkundeari eta eraginkortasunari begira, azkenik, Euskaltzaindiaren oneretxia be jaso dau lanak. Aztergai dago Euskara Patronatuaren web gunean.