Endika Korkostegi: 'Itxas Argia euskal kulturea babestu eta indartzeko jaio zan'
Getxoko Itxas Argia elkarteak mende erdia daroa euskal kulturearen aldeko ekintzak antolatzen eta ezagunenetakoa Aixerrotako Paella Lehiaketea da, aurten 50 urte bete dituana. Daborduko nazinoarte mailakoa dan lehiaketa honetaz, elkartearen jardueraz hartu barri dauen karguaz berba egiteko, Itxas Argiako presidentea konbidau dogu.
1.- 1958ko zemendiaren 27an, Getxoko gazte batzuen ekinbidez sortu zan Itxas Argia, hasieran mendi talde lez, sasoiko lege arazoei aurre egiteko. Bazkideentzako orduko kuotak ondokoak ziran: 3 pezeta nagusientzat eta 2 pezeta 15 urtetik beherakoentzat eta emakumeentzat; gauzak asko aldatu dira...
Goitik behera. Getxoko taberna giroan, kultur talde baten beharraz, luzaroan gogoeta egiten ibilitako gazte talde baten ideia izan zan hau guztia baina gaur egun berrehundik gora bazkide gara; azpiegitura eta baliabideen aldetik be gauzak asko aldatu dira, izan be, hasieran ez euken batzeko lekurik be eta, beraz, etxe partikularretan, Andra Mariko eskoletan eta La Venta tabernan batzen ziran; gaur egun, barriz, lokal eder bi eta azpiegitura sendoa daukaguz. Orduko giro politikoak be ez eukan zerikusirk gaur egunekoagaz nahiz eta gaur egun be makinatxu bat eraso sufriduten dogun. Orain berrogeita hamar urte mendi talde lez aurkeztu behar izan eben elkartea lege arazorik ez eukiteko baina gaur egun be badakizu, euskal usaineko kontu guztiak dira susmagarriak.
Bazkideen kuotak be aldatu dira, jakina, gaur egun 3 pezetagaz ez dago zeregin handirik; hori bai, jubilatuek eta umeek erdia baino ez dabe pagetan.
Oro har, beraz, gauzak nabarmen aldatu dira baina geure geureak doguzan tradizino eta ohiturei eusteko asmoetan gaur elkartean gagozanon jarrerea ez da aldatu.
2.- Oraintsu hartu dozu Itxas Argia elkartearen presidente kargua. Aurrekoen bidetik jarraitzeko asmoa dozu ala ideia eta ekarpen barriak egiteko gogoa?
Hogeita hiru urte baino ez daukadaz eta umetatik nago elkartean baina presidente karguan ez naz luzaroan egongo, martian hartu neban kargua eta urtebete egitea da asmoa. Elkartea zuzentzeko kontuetan nahiko berde nago eta, beraz, nagusien laguntzino handia jasoten dot. Horregaz esan gura dot aurrekoen bidean nabilela buru-belarri, ekarpen personaletarako aukera larregi barik. Aurten, ganera, Paella Sariketearen 50. urteurreneko preparazinoakaz nahiko urte gogorra izan da eta ez dogu esperimentuetarako astirik izan.
3.- Itxas Argia euskal kulturea babestu eta indartzeko jaio zan. Gaur egun be horixe da alkartearen helburua?
Bai. Asmoetan eta helburuetan ez da aldaketarik izan. Kultur elkartea da Itxas Argia. Euskal kulturea, tradizinoak, dantzak eta ohiturak babesten eta indartzen jarraitzen dogu; Olentzero, Santa Ageda, San Juan bezperako ospakizunak, Paella Sariketea, dantzak eta kirol jarduerak antolatzen doguz urtero eta horretan segidutea da gure asmoa.
4.- Alkartearen 70eko estatutuetan zazpi jarduera bereizten zenduezan: kulturea, dantzak, antzerkia, mendia, korua eta kirolak. Gaur egun arlo horreetan behar egiten dozue?
Gitxi gorabehera horrexek dira gure jardunbideak. Berbarako, antzerkia eta kirol arloak gaur egun ez doguz lantzen, abenduaren amaiera aldean antolatzen dogun krosa kenduta. Pentsaizu lehen futbol taldea be izan ebala Itxas Argiak.
Dantza taldean inoiz baino jente gehiago dabil eta mendi taldeak be makinatxu bat jarduera antolatzen ditu urtero; arlo bi honeek inoiz baino indartsuago dagoz.
Korua Santa Ageda bezperako kantuetarako baino ez da batzen baina talde polita dago kanturako sekulako zaletasunagaz.
Kontuak kontu, orain urte batzuk baino arlo gitxiago jorratzen doguz baina, akaso, indar handiagoagaz.
5.- Zenbat bazkide zarie gaur egun Itxas Argian?
Elkarte guztietan beti izaten dira bolada onak eta txarrak eta sarritan jente asko egoteak ez dau bermatzen elkartearen arrakastea. Gauzak egiteko gogoa eta ilusinoa dira aurrera egiteko oinarrizko osogaiak eta horretan polito gabizela uste dot.
Bazkide kopuruari dagokionean, momentu ona bizi dogula esango neuke. Gitxi gorabehera, 250 bat izango gara gaur egun eta azken urteotan gorabehera handirik ez da izan. Gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago dira elkartean baina nahiko arrunta da familia osoak izatea Itxas Argiako bazkide, gurasoak euren seme-alabakaz eta hori oso pozgarria da.
6.- Itxas Argiak antolatutako Aixerrotako Nazinoarteko Paella Lehiaketearen 50. urteurrena da aurten. Lehenego urteetan 3-4 koadrila batzen ziran baina igaz, berbarako, 255 koadrila eta 30 mila lagunetik gora alkartu ziran Aixerrotako landatan. Zein da arrakastearen sekretua?
Ez dakit. Holako ekitaldi batera 30 mila lagun baino gehiago erakartea ez da bromea. Jai giroan, familiartean eta lagunartean ondo pasetako eguna izaten da eta nik uste dot hor dagoala arrakastearen giltza. Topagune berezia da eta kasu askotan, urte osoan ikusten ez dozuzan lagunakaz egoteko modua egoten da.
Damian Ayo, Antonio Bilbao eta Felix Yurrebaso izan ziran Getxoko Lehenengo Paella Lehiaketea antolatu ebenak eta gero hartu eban lekukoa Itxas Argia elkarte jaiobarriak.
7.- Batzuk alkoholagaz eta desfaseagaz lotzen dabez Aixerrotako paellak. Zein da zure eretxia?
Alkohola eta jaia buztartuta egon dira beti Euskal Herrian, ez da oraingo kontua; dana dala, egia da azken aldian umetan hasten dirna alkohola kontsumiduten eta mozkortzeko asmo argiagaz. Ikastolen aldeko jaiak, Paella Sariketea, edozein bariku edo zapatu nahikoa atxakia izaten dira alkoholdun edariak kontsumiduteko. Horixe da errealidadea eta gizarte mailako arazo larria.
Kontuak kontu, ganerako arloetan lez, edateko orduan be norberak jakin behar dau bere burua jagoten, beste erremediorik ez dot ikusten.
8.- Paella Sariketearen 50. urtebetetzea ospatzeko ekitaldien artean, tona bateko eta 2000 lagunentzako paella erraldoia preparau eban Mitxel Vega sukaldariak eta razinoak euro bateko prezio sinbolikoan banatu ziran Getxon egoitza dauen Sahararen aldeko Atfal alkartearentzat. Zelako esperientzia izan zan?
Esperientzia zoragarria. Aurten, igazko marka guztiak txiki geratu dira. Aurten, 40.000 lagun inguru izan ginan Aixerrotan eta paella erraldoiarena sano arrakastatsua izan zan; ganera, asmoa ederra zan, euro bateko prezio sinbolikoan, paella razinoa Sahararen alde; jenteak ondo erantzun eban. Ikusgarria izan zan Mitxel Vega eta bere senitartekoen lana, 200 kilo arroz, 350 litro ur, 50 litro salda, 150 kilo okela eta ganerako osogaiak preparetan ikustea. Datu lez, esango deutsut 3 tona egur erabili ebezala, paellea behar bezela egiteko.
Bestalde, paella lehiaketarako izena emon ebenak 241 izan ziran, igaz baino % 10 gehiago eta, azkenean, 'Piperrak' taldeak irabazi eban.
Edozelan be, paella erraldoia ez eze, hainbat ekitaldi antolatu doguz aurten 50. urteurrenaren harian: aurreko edizinoetako argazkien erakusketea, zapatuko zaldi probak edota paella egunean bertan, sokatiran, 640 kiloko kategorian, Euskal Herriko lur gaineko txapelketako finala, Nuarbek irabazi ebana, bertso-saioa eta erromeria; ganera, igazko abenduan hasita, Olentzero, gabon bueltako krosa, Santa Agedako kantuak, maiatzeko urteroko dantzaldia, San Juan bezperako suak, mendi irteerak (Loiuko LaiƱomendi mendian postontzia jartea) eta bestelakoak aparteko indarragaz antolatu eta bizi izan doguz, izan be, urte berezia da hau guretzako.
9.- Lau urte barru, Itxas Argia elkarteak 50. urteurrena beteko dau. Hasi zarie ospakizunak preparetan?
Ez. Esan deutsudan lez, oso lanpetuta gabiz aurten eta oraingoz ez dogu ezer zehaztu. Hori bai, Itxas Argiaren 50. urteurrena behar dan moduan antolatu gura dogu eta ideia batzuk hausnartzen hasita gagoz. Berrogeita hamar urteotan bizitako momentu onak, txarrak, arazoak, gorabeherak, bazkideen joan-etorria, elkartearen lana eta enparauak liburu batean jaso gura geunkez.
10.- Hamar urte barru Itxas Argia bizirik egongo ete da?
Baietz pentsetan dot. Direktiban jente gaztea gagoz eta aurreko urteetan egindako ahaleginak ez doguz inondik inora zapuztu gura. Arazoak arazo eta burukominak burukomin, Itxas Argia elkarteak lan handia egin dau euskal kulturearen alde eta urte honeetan danatan gurean beharrean ibili diranei eskerrona helarazo gura deutset. Gure aurrekoek ereindako soloa lantzen jarraitzeko gogo handiagaz gagoz eta, beraz, hamar urte barru eta ondorengoetan be Itxas Argia bizirik egotea espero dot.
Koldo Isusi Zuazo