‘Eskuekin’ artisautza aldizkaria plazan
Bizkaie!
Arbaso, Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkarteak hiru hilabetero argitaratuko dan aldizkaria sortu dau. Zero zenbakia nekazaritza produktu eta artisautza azoketan banatzen ari dira eta abuztuaren amaieran atarako daben lehenengo zenbakitik aurrera euskal uriburuetako liburudendatan be salgai egongo da.
Euskal Herrian artisautzeak bere barruan hartzen dituan hainbat arlo ezagutarazo gura ditu hiruhilebetekariak.
Artisauen jarduerea ezagutzeko, naturatik ataraten diran produktuak eta artisautza lanak egiteko erabilten diran prozedurak eta material teknikoak azalduko dira atal finkoetako baten. Gauza teknikoez ganera, denda birtual txiki batean zenbait artisauen produktuak erakutsiko dabez eta artisauek euren eretxia emoteko beste txoko bat izango dabe. Lanbide desbardinen barri emoteko ale bakotxean artisauren bati alkarrizketea egingo deutse.
Ikuspegi historikoaren harian, lanbide zaharren edo lanbide ezezagunen nondik norakoak azalduko dituan atal bat be egongo da.
Hainbat alorretako aholku praktikoak be izango dira. Gauzak bota beharrean zelan konpondu daitekezan azaltzen dauen zaharbarritze txoko bat egongo da eta Euskal Herriko hainbat lekutako kultura, artisau, ibilbide edo jateko eta lo egiteko leku interesgarrien barri emongo dabe.
Aldizkariaren zati handiena gaztelaniaz dagoan arren, euskerearen alde egiteko lanabes edo tresnen euskal izenen glosario bat argitaratuko dabe ale bakotxean.