Kulturea  IV. urtea // 120. zenbakia

Harry Potterren liburu barriaren 6,9 miloe ale saldu dira AEBtan lehenengo egunean


Bizkaie!

Harry Potterren abentura barriak biltzen dituan liburuak 6,9 miloe ale saldu ditu AEBtan salgai izan dan lehenengo egunean, hau da, orduko 250.000 ale, ume magoaren beste liburu batek aurretik eukan markea hankaz gora jarriz.

'Ospatzeko modukoa da, ez bakarrik Scholasticentzat (argitaletxea), baita edonongo liburuen zaleentzat be', adierazo dau Lisa Holton Scholastic Children's Books argitaletxeko presidenteak, izan be, Holtonek zuzentzen dauen argitaletxeak plazaratzen ditu AEBtan J.K. Rowling britainiarraren eleberriak.

Harry Potterren seigarren atala dan 'Harry Potter eta printze mestizoa' eleberriaren salmentek erraz gainditu dabez 'Harry Potter eta Fenixaren ordena' aurrekoaren salmentak. Haur-magoaren azkenaurreko istorioa 2003an argitaratu zan eta bost miloe ale saldu ebazan lehenengo 24 orduetan.

Scholastic argitaletxeak liburu barriaren 10,8 miloe aleko tiradea aurreikusi eban hasieran, baina, orain bi urte izandako salmenta handien ondorioz, tiradea 13,5 miloe alekoa izatea erabagi eban azkenean.

Liburuaren ale bakotxa 29,99 dolarretan saltzen da AEBtan, baina liburudenden kate ugarik, Barnes & Noble eta Borders lakoek, % 15eko beherapenagaz saldu dabe liburua. Halan da be, egun bakar batean diru-sarrerak 100 miloe dolarretik gorakoak izango dirala kalkulau dabe adituek.

Euskerazko itzulpena irakurteko urtebete edo itxaron beharko dogu. Udagoienean edo hasiko dira euskeratzen. Orain arteko liburu guztiak IƱaki Mendiguren itzultzaileak euskeratu ditu eta azken hau be berak itzuliko dau.