Durangoko heresia
Durangoko heresia
Euskal Herrian sorginen eta heresien kontra egindako epaiketen artean Durangokoa dogu ospetsuenetarikoa. Iturrietan dagoan nahasketea dala-eta ez da ondo ezagutzen 1440. urte inguruan jazotakoa. Bertan izandakoa kontetan hasi baino arinago ezagutu behar da momentu horretan Bizkaian eta Euskadiko lurralde askotan bizi zan egoerea: krisialdi ekonomiko handia, Bando-gerrak, kristinautasunaren barruan ideia barrien agerpena... . Ganera, Euskal Herriko lur honeetan abade eta fraileen arteko tirabirak egozan (noren ardurea zan eleizak eregitea eta ondoriozko diru-sarrerak...). 1437 eta 1442. urteen bitartean bertan zan Alonso de Mellak (beste batzuk Alfonso de Mela esaten deutse) ospe handia hartu eban bere sermoien eraginez. Beragaz batera bazan beste fraile bat, Guillen frailea. Biak be frantziskotarrak ziran. Aurretiaz, Alonso Mellak zerikusia izan eban frantziskotarren artean, txirotasun botoaren aurrean fraileak izan behar eben jarrerea zala-eta sortu ziran eztabaidetan.
Gauzea da Alonso de Mellak esandakoa ez etorrela bat Eleiza Katolikuak orduan esandakoagaz. Mellaren esanetan, gauzak alkartearenak ziran, hau da, ez eban onartzen norberaren jabegotzarik. Honegaz batera emakumeak be ez ziran gizon bakarragaz egon behar, danakaz baino, halan ezkontzaren sakramentua alde batera ixten ebalarik. Epaiketan jarraitzaileakandik batutako testigantzek dinoenez, gizakiarentzako 'sortzea eta hiltea' baino ez egoala pentsetan eben, eta liburu santuak euren erara irakurri eta sinisten zituen.
Laster hurreratu jakozan Mellari hainbat durangar zein alboko herrietatik, eta herrialde librea sortzea be otu jakon fraileari. Ideia honen eraginez edo jarraitzaileetariko batek salatuta, Erregeak aguazilak bialdu zituan haren kontra baina berak eta bere jarraitzaileek erabilitako tronpetakaz, batak besteari abisua emon, eta libre geratu ziran Mellaren jarraitzaileak. Tronpeta honeek erabilteak emongo eutson aurrerantzean Durangori 'Tronperri' ezizena.
Azkenean Mellagaz ziranak harrapau eta euren kontrako epaiketea egin zan, batzuk alde egin eta beste batzuk egindakoaz damutuz. Calahorrako presbiteroa zan Fernando Munquetak amaitu eban Mellaren jarraitzaileekaz 1442. urtean euretariko ehundik gora surtan errez.
Edozelan be, Mellak alde egitea lortu eban bere ideiakaz bat etozan emakume batzukaz eta ontzia hartuta Granadara heldu ziran. Bertan sermoiekaz jarraitu eta azkenenan mairuek hil eben Mella.
Nahiz eta heresiako protagonista nagusia hil, Durangon oraindino geratu ziran hainbat jarraitzaile, batzuk izkutuan eta beste batzuk inguruko mendietan. Urteak behar izan ziran, orduko agintarien esanetan, Mellaren ideiakaz guztiz amaitzeko.
Urte batzuk geroago sortu zan barriro Durangaldean beste heresia bat eta argi ez badago be Mellaren ideiakaz zerikusia eukan ala ez, 1440. urte inguruan jazotakoa oraindino danen buruetan jarraitzen ebala pentsetakoa da. Gaiaren harian, XV. mendean bertan, azken heresia honen ganean idatzitako liburu batean be 'durangas' izena erabilten da, sorginak izentetako.
Oraindino Durangoko jazoeren ganean gauza asko geratzen dira argitu barik, besteak beste, Alonso edo Alfonso de Mellaren ideiak. Bere sasoian eta osteko urte eta mendeetan izandako ideiakaz alderatuz, gaia ikertu daben batzuk, mende bat geroago izango zan anabaptisten mobimentuaren aitzindari modura hartzen dabe Durangoko heresia. Anabaptisten esanetan, lehenengo kristinauen txirotasunera itzuli behar ziran kristinauak, norberaren ondasuna bertan bera itxita, gauzak dananak zirala aldarrikatuz, baita emakumeak be. Azkenik ez eben gizarte maila desbardinik onartzen. Dana dala, idazle batzuen esanetan, Durangoko heresia Europa osoan Erdi Aroko azken urteetan bizi zan erlijino krisialdiaren eredua baino ez da eta Alonso de Mella beharbada Inglaterrako Wiclif edo Bohemiako Jan Husegaz konparatu leitekela.
Asier Madarieta
Euskal Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria
Sorginkeria eta enparauak
Euskal Herriko historian sorginkeria sarri aitatu da. Entzute handia izan dabe mendeetan zehar, Zugarramurdiko sorginak edo Pierre de Lancrek Iparraldean egindako epaiketa eta hilketak, danak be, erlijinoaren izenean eta sorginkeria eta heresia lurralde honeetatik kentzeko asmoz.
Sorginkeria Euskadin noiz edo zelan zabaldu zan jakiteko hainbat ikertzaile eta jakintsu jardun izan dira, gure egunak arte. Lehenengo aukerea beti izan da kanpokoei botatea errua. Esangura honetan, Guyenatik etorritako Hendo sorginari leporatzen jakon sorginkeriaren sorrerea, XVII. mendean idatzitako liburu batean. Halan, Hendaia eta Indamendi mendiaren izenak aurreko sorginaren izenean izango eben euren jatorria. Kanpotik etorritakoen artean, 'hungaroak' (ijitoak) izango ziran errudunak, sarri pasau dan moduan, eta ez bakarrik sorgin kontuetan.
Beste ikertzaile batzuk herriaren barrualdera begiratu dabe: pentsaera magikoa kultura guztietan dago eta naturea, mutua izan barik, sarri ikusten da gizonagaz hartu-emonetan, bere gogoa azalduz. Magiaren bitartez, hezkuntza handirik ez dan momentuetan, erantzunik ez daben jazoerak ulertu gura dira. Krisialdiak diranean (goseteak, izurriteak, uriolak, eta bestelakoak), prozesua areagotu egingo da. Gizona, ezinean, jainkoakaz adostutako paktuen bitartez, krisialdien eragina lasaitzen saiatuko da. Jainkoakaz hartu-emonetan hasteko beharrezkoa izango litzateke bitartekaria, dohain bereziz jantzitako pertsonaia, mirespenez eta bildurrez ikusitako pertsonaia.
kristinautasuna Euskal Herrian errotuz joan zan heinean, antxinako siniskerak erabat kendu gura izan zituan erlijino barriak eta hor sortu ziran arazoak.
Dana dala, sorginkeria eta heresia deitutako adibide desbardinetan ikusi leiteken moduan, erlijino kontua baino ez zan arazo bati, beste zerikusi batzuk gehitu jakozan: adibidez Zeberion (1555-1558) eta Zeanurin (1572) salatutako sorginkerien atzean, adituen esanetan, auzokoen arteko ezin ikusiak baino ez egozan; beste batzuetan, barriz, arazo politikoak. Idazle batzuen idatzietan, Gaztela eta Aragoiko erregeak Nafarroa bereganatu eta gero 1513. urtean, lurralde honetan ezarritako sorginkerien kontrako epaitegiak, erlijino arrazoiagaz batera, politikoa be baekarren, batasunarena hain zuzen be. Politikearen eraginaren beste adibide bat, barriro be, Bizkaian topau dogu 1616 eta 1617. urteetan, Zamudio, Bermeo, EreƱo eta Ibarrangeluko epaiketetan. Antza danez, bizkaiko jauntxoek euren jauntxotasuna gura eben zaindu, Gaztelakoen aldetik zalantzan jartzen zan momentu batean. Horretarako, sorginkeriaren atxakia erabili eben. Madrili epailea eskatu eutsen garrantzitsua zalako Madrilek ikustea Bizkaian ez zala ez judurik, ez ijitorik ezta ganerako hereserik onartzen. Ganera, oraindino Pierre Lancren eredua danon ahoetan egoanean, merezidu eban erakustea antzeko adibideak emoteko nahikoa zirala bizkaitarrak be.
Horrezaz ganera, Euskadin beste arazo bat egoan: hizkuntzea. Epaiketa gehienetan, salatutakoen eta testiguen deklarazinoak epaile erdaldunek hartzen zituen, epaitutakoak eta galdetutakoak euskeraz baino ez ekienean. Jardun ziran batzuetan konponbideak topetan, itzultzaileen bitartez, baina ez beti behar zan moduan.