Bidaide  IV. urtea // 120. zenbakia

Koreako argi-ilunak


Testua: Demelsa Gonzalez.
Argazkiak: Zigor Aldama.

Gerra hotzaren arrastoak edozeinek bisitau leikez munduan militarrik gehien dagoan inguruan. Horretarako, 46.000 won (38 euro) pagetea nahikoa da. Korea bien mugagunea da: Ipar Korean diktadura komunistea da nagusi eta sano pobrea da; hegoaldekoa, barriz, errepublikea da eta oso aurreratua dago.

Korea bien arteko gorabeherak 1950ean hasi ziran Ipar Koreako tropek 38 paraleloa pasau ebenean; marra hori sovietar eta estadubatuarrek ezarri eben 1945ean lurraldearen zati batzuk okupau ondoren.

Hiru bat urte gerran bi miloe lagun inguru hil ostean, Panmunjongeko Armistizioa sinatu eben eta, ondorioz, 38 paraleloaren inguruan dabilen 4 kilometroko zabalerea eta 240 kilometroko luzerea dauen mugea berbatu eben.

Seul iparraldetik 55 bat kilometrora dagoan lurralde hori Gune Desmilitarizatu (DMZ) lez ezagutzen da eta, esandako moduan, Seulen bertan kontratau daiteke ingurua ezagutzen joateko tourra. Hara heltzeko ibaiaren bidea jarraitzen dauen errepidea dago; ibai horretan galarazota dago arrantzan egitea. Ibaiaren beste aldean, Ipar Koreako herri bakarra dago: Gijong. Hormigoizko eraikin altuak eta eraikin txikiak be badagoz. Itxuraz, leku ederra emoten dau biziteko baina kontua da ze han ez dala inor bizi. Herri artifiziala da, han ez dago bizirik; Ipar Koreako gobernuak eregi eban orain urte batzuk herrialdearen irudi publikoa hobetzeko ahaleginetan. Sasoi batean, gauez neoizko argiak biztuten ebezan herriaren sarrera-urteeretan ondoko mezuak zabalduz: ‘komunismoa munduko sistemarik onena da’, ‘Ipar Korea leku ezin hobea da biziteko’ eta antzekoak.

Gijong herriaren ondoren, Panmunjong dago. Sarrerea zabal-zabala da eta oroitzapenezko estatuak, souvenir dendak eta jateko lekuak dagoz. Turistek derrigor behar dabe sartzeko baimena eta ilara luzeak egoten dira horretarako. Bien bitartean, militar irribarretsuen irudiak estanpaturik daukiezan kamisetak edo bestelako souvenirrak erosi leikiez. Gosetu ezkero, jatetxeak ugari dagoz eta bertako aperitibo nazionala probau daiteke: egositako larbak (txirritxirri edo kilker erreak gozoagoak dira).

Azken berrogeita hamar urteotako historia laburbiltzen dauen 7 minutuko film laburra eskaini deuskue museo berezian. Bertara ejerzitoak itxitako autobusean heldu gara. Filmaren amaieran, Zigorrek komentau deust ez ete dan Disneyren film laburra izan ze dana da ederra eta historiako datuen azalpena estadubatuarren ikuspegitik eginda dago. Kontuak kontu, zurtz eginda geratu gara Gune Desmilitarizatuan, hormigoizko hesi bildurgarriak dituan lekuan, 5000 bat soldadu estadubatuar bizi dirala ikusita; hori guztia, Hego Koreako uriburuaren erdigunean; ganera, bertara erraz heltzeko modua dago metroz eta geltokia benetan ikusgarria da.

Museoko filmagaz jarraituz, Korea bien bategitea Gune Desmilitarizatuko txorien bakeagaz konparetan da eta hori estadubatuarrei esker lortu dala ezagutarazoten da proiekzinoan. ‘Fikzinozko’ film laburra ikusi ondoren, hurrengo ikuskizunera eroan gaitue: iparkorearrek mugearen arazoari aurre egiteko zulotutako lau tuneletatik bat ikustera, hain zuzen. Hirugarrena ei da guk ikusi doguna. 1978an atzemon eben eta Seuletik 52 kilometrora dago. Ordubetean 10.000 lagun pasetako gaitasuna ei dauka baina gu hamarreko batzuk baino ez gara eta segurtasun neurriak sekulakoak dira.

Azkenean, DMZ edo Gune Desmilitarizatuko begiratoki batera joateko baimena emon deuskue baina argazkiak ataratea galarazota dago. Itxuraz, behintzat, parke natural erraldoia emoten dau (adituen esanetan, balio handikoa).

Horren guztiaren gainetik, despota hutsa dan gobernua dago; herritarrak ahaztu eta herrialdearen indar nuklearra munduari ezagutarazotea da euren ardura nagusiena.

Antxinako sasoietan lez, herritarren benetako egoerea zein dan jakitea oso gatxa da; Unicef erakundearen jarduerea be mugatuta dago eta miseria gorriaren eraginez, iparkorear asko goseak hilten dagoz. Koreako arraila muga bat baino zeozer gehiago da: garapen bidea eta miseria gorria eta babes faltea bereizten dituana, hain zuzen.