Arrats beran, bide barrijen maitale kutuna
Lauaxetaren oroimenez
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
Datorren abuztuaren 3an beteko da Esteban Urkiaga “Lauaxeta” olerkigilearen jaiotzearen mendeurrena. Hori dala eta aurten Lauaxetaren urtea izentau dabe euskal literaturgile eta olerkigileek. Gauzak holan dirala, Mungiako herriak (olerkigilearen herria nahiz eta jaiotzez Laukiztarra izan) hainbat ekintza antolatu ditu euskal poetearen oroimenez..
Baina ez dogu hemen ezer barririk esaten Lauaxetak euskal olerkigintzan, literaturan eta kulturan edo bestela kazetaritzan zein politikagintzan izandako garrantzia azpimarratzen badogu.
Gure asmoa hurrengo lerroetan Lauaxeta ezaguna egin eban ekintzearen barri emotea dogu: Errenterin ospatutako Olerti Eguna. Lehiaketa hau irabazi eta gero egin zalako ezaguna Lauaxetaren izena.
Olerti egunaren barriei eutsi aurretik, ospakizun horren zergaitia apur bat ulertzeko, datu gitxi batzuk emon beharko geunkez orduko egoerea aztertzeko.
Aurreko mendeko 30eko hamarkadan euskal kultureak bere momenturik gozoenak bizi ebazan. Politikan be abertzaletasunaren ideiak gorakada itzela ezagutu eta gero, sensibilidade handiagoa egoan euskal kulturearen inguruan. Alderdi abertzaleen ekinbidez, aurrerakada handia izan zan euskerearen munduan, literaturan, musikan, eta beste hainbat arlotan. Literaturea eta olerkigintza ez ziran alde batera geratu, “Orixe”, “Lizardi” edo gure artikuluan protagonista dogun Lauaxetagaz.
Olerti Eguna
Mobimentu guzti honen bultzatzaileetariko bat José Aristimuño “Aitzol” abadea izan genduan. Berak antolatuta, 1930eko abuztuaren 3an Errenterin Olerti Eguna izan zan, euskal olerkigileak saritu eta bultzatzeko asmoz. Egun honetarako antolatutako ekintzen artean, goizeko 9:00etan umeen olerti emonaldi bategaz hasi ziran. Hau amaituta, sasoi honetako edozein motatako ekintzetan falta ezin zan ospakizuna, mezea. Ostean, Aitzolen ahotik “Euskal literaturearen historia” izenburupeko berbaldia. Aitzolen hitzaldiaren osterako geratu zan olerti egunaren ekitaldirik garrantzitsuena: aurkeztutako olertien arteko sari banaketea.
Epai mahaiko lehendakaria zan Antonio Labaienek emon eban epaileen eretxiaren barri eta askoren harridurarako, ordura arte batzuntzako ezezaguna zan Lauaxetak idatzitako “Maitale Kutuna” olerkiak irabazi eban, sasoian primerako olerkigilea zan Nicolás Ormaetxea Orixe-ren “Irutasuna” olerkiaren aurretik. Holan ba, aurkeztutako 50 olertigileen artetik Lauaxeta zan Olerti Eguneko irabazlea eta berarentzako izan zan aretx adarra irudikatzen eban garaikurra.
Olerti Eguneko jaiak eta ospakizunak aurrera jarraitu eben eta besteak beste epaileen eretxia entzun eta sariak banatu eta gero, Barrena andereñoak irakurri eban olerki irabazlea. Ostean, Enbeita bertsolariaren txandea heldu zan. Bazkaria, barriz, Elizetxeanean preparau eben. Bazkaldu eta gero Errenteriko txistularien ordua heldu zan eta herriko plazan Txirrita, Erauskin eta Iparraldeko beste bertsolari bik hartu eben parte.
Aurrean esandako guztiak amaitu eta gero mitinaren ordua heldu zan. Hurreratutakoak antolatzaileek espero ebezanak baino askoz be gehiago zirala ikusita, mitina On-Bide alkartean barik Azoka Plazan egin zan. Berton berbea hartu ebenak elebitasunaren aldeko apostua luzatu eutsen entzuleei. Lehenengoa Miguel Urreta izan zan eta hezkuntza euskeraz eta erderaz bete ahal izateko emon beharreko pausuak komentau ebazan, azkenik bertoko irakasleen beharrizana eskatuz. Bigarren Pagoaga diputadua izan zan mitinean. Honek ume euskaldunen eskubidea aldarrikau eban. Azkenik mitina Enbeita bertsolariak amaitu eban bertso sorta eskeiniz.
Honexek ba Esteban Urkiaga Lauaxeta ezagutarazo eban Olerti Egunaren ospakizunak. Sei urtean zehar euskal literaturan erreferente bihurtuko ziran “Bide Barriak” eta “Arrats Beran” liburuak.
1936an hasitako gerra madarikatuak eroan eban olerkigile ospetsua. Gernikan zala, hango bonbardaketearen barri atzerriko kazetariei erakutsi eta azaltzen, preso hartu eben eta frankotarrak. 1937ko bagilaren 25ean, Gasteizen fusilau eben.