Euskerea berbagai  IV. urtea // 119. zenbakia

Eskumuturretik mingainera


Eskumuturrekoak non

- Garagarrilaren 20an: OSKORRI eta KUKUBILTXO taldeek emongo daben kontzertuan.
-Garagarrilaren 23an: koadrilen bazkarian, Zelaieta parkean.
- Garagarrilaren 26an: umeentzako ekitaldietan, Zelaieta parkean.

Xabier Paia

Amorebieta-Etxanoko Udalak silikonazko eskumuturrekoak bananduko dauz jaietan, euskeraz berba egiteko konpromisoa hartzen daben herritarren artean.

Eskumuturrekoen ideia Zornotzako Udalak izan eban. Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunei be gustau jaken ideia eta, beraz, kanpainea Foru Aldundiak eta Zornotzako Udalak egin dabe. Halan da be, Zornotzan jaietan egingo dabe eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskumuturrekoak Euskeraren Egunean bananduko dauz, abenduaren 3an. Kanpainearen leloa be Foru Aldundiak bere kanpainetan erabili ohi dauena da: 'Gure artean euskeraz'.

Udalak kasu honetan azaldu dauzen helburuak argiak dira, izan be, gaur egun modan dagoan eskumuturrekoen ohitura globala lokalizau gura dauelako eta ganera, euskerearen defentsan. Batetik, euskerearen erabilerea areagotuko dauela pentsetan dabe antolatzaileek; bestetik, euren ustez, ekimen honek jentearen kontzientziazino maila handiagoa izatea espero dabe, bai behintzat, euskeraz egitearen beharrizanaz jabetzeko.

Euskeraz egiteko konpromiso hori hartzen dabenentzat, udalak, bere aldetik, konpromiso honeek hartuko dauz:

 Kultura eta Euskera Sailetatik zuzendutako informazino guztia euskeraz bialtzea. Izan be, konpromisoa hartu dauenak gitxienez udalaren partetik informazino dana euskeraz jasoteko eskubidea daukalako. Edozelan be, eskumuturrekoa euki zein ez, hau eskubideau orokorra eta ohikoa izan beharko zan.

 Euskera Zerbitzuak egiten dauzen eskaintzen barri ematea. Gauzak holan dirala, herritar interesatuei euskerazko ekimenen informazinoa artez helarazo gura deutse, jakina dalako euskeraz egiteko, beste edozein hizkuntzatan berba egiteko lez, ezinbestekoa dala persona bat baino gehiagoren partehartzea.

 Euskerea bizitzako esparru guztietan zabaldu gurean, merkataritza esparrua lehentasunezkotzat jotea eta behar diran baliabideak eskaintzea.

 Herritarrek barriz, euskeraz berba egiteko konpromisoa hartu beharko dabe. Kasu honetan, ostera, pentsetan dot eskumuturrekoak txip bat sartuta euki ezean, sano gatxa izango dana herritarrek euskeraz benetan egiten daben jakitea. Hobe izango litzateke bakotxak txipa buruan edo kontzientzian sartuta eukitea. Edozelan be, espero daigun eskumuturrekoen modeak pegatinen modeak baino emoitza hobeak izatea.

Eskumuturrekoak herriko jaietan bananduko dira, hainbat egunetan eta hainbat gunetan. Horretarako, mahaiak jarriko dira eta konpromisoa hartzen dauenak kanpaina honetarako beren beregi egindako orria bete beharko dau. Orri hori izango da konpromisoa hartu dauen seinale.