Felixiana Inebasoko
1
Bertso barriak kantetan noa
(i)auskeraz eta (i)eroso
etorri hona inor badago
entzun eiteko ganoso.
Nor nazan bere esan behar dot
jakin daizuen hobeto:
Jataben jaio ta hazikoa naz,
Franzisko Orbegozoko.
2
Emaztegaie nor izen dodan
esan behar dot egie
Felixiana Inebasoko
izen da neure nobie.
Sarritten ondo jakinek gara
bata bestean barrie;
lehengo bidea itxitte orain
hartu dau bide barrie.
3
Aitte ta ama prest egon ziren
gu biok ezkonduteko
eta nobiek agindu eustan
etxea arreglateko.
Txarrie bere opa eustien
gure banendun hilteko;
baita hil gendun txarrie bere
bion artean jateko.
4
Ahaidetasune dekogula-ta
banandu gure geittue
gaur dabilena zelangoa dan
denboraz ikusikue.
Niganik kendu behar dauela
berotu dautse burue;
Franziskok orain azalduko dau
nortzuk daukean errue.
5
Errudunek bi jakinek dire
zein direan aitte ta ama,
herriko parroko jauna barrez
ez da gitxien daukana.
Hau da lehengusu nauria eta,
aita besoko dodana;
hauxe da beragana deitute
txaskue emon deustana.
6
Interesagaz eginegaittik
munduko bardintasune
amodioak apurtutea
ez da tokaten jakune.
Non dago aita, non dago ama,
non parrokoan zentzune?
Amodioak amodioa
dau beti bere lagune.
7
Hasikeratik egiten bada
ezkontza gustubakoa,
hori da gorputze ta arimea
betiko galdutekoa.
Poz handiegaz eginegaittik
ezkontza gozo-gozoa;
halanta bere agertuten da
samintasunik nahikoa.
8
Entzun hau ondo zagozienok
ezkontziaren begire
amorebako ezkontzak gero
okerrak izaten dire.
Egun horretan kurtze astun bet
dator lepoan erdire;
hauxe behar da gero eroan
kalbarioko mendire.
9
Kalbarioko mendi puntera
kurtzea eroatea
errez eztana erakutsiten
daukagu Jesus maitea.
Eztakienak eztaki zer dan
ezkonduaren nekea;
hau ezta ume negarrik barik
txokolatea hartzea.
10
Agur eta agur Felixiana
ta agur errudun guztiek
gauzak ederto argittu dodaz
Jaungoikoari graziek.
Buruko minik ezteust emoten
berba egitten hasiek;
hau papertxuau bete dauenak
esango leukez egiek.
Oraingoan neuk be bertso zaharrak dakardaz. Izan be, Bizkaian izen txikiko baina izan handiko bertsolari asko egon da. Horreen artean, neuk Franzisko Orbegozo parajetu gura dot Bizkaieko irakurleen begietara. Bertsook Joseba Santxoren eskutik jaso dodaz, Xabier Amurizak eta Labayruk jasota badaukiez be.
Istorio polita kontetan dau Orbegozok; deigarriena bere bertsoen teknika ona da. Begitu ondo zelan lotzen dauzen lehengo eta bigarren puntua. Eta osterantzekoakaz gozau bardin!
Xabier Paia