Aznar Saharan egongo da alkartasuna adierazoten. Arazoa konpontzeko balioko ete dau?
IƱaki Atxutegi
Azken urteotan Sartaldeko Sahararen ganean barri gutxi izan doguz. Uda partean ume batzuk etorri izan dira udako oporrak gure artean pasetan. Orduan ekarri izan deuskue gogora Tindufeko kanpamentuetan sufritzen daben bizimodu gordina. Udea pasauta, ahaztu egiten doguz Saharako kontuak.
Azken boladan Marocoko soberaniapean bizi diran sahararrekaz jazotakoaren ganean zeozer etorri izan jaku. Badakigu matxinadak izan dirala Saharako zenbait tokitan eta baita Marocon be. Atxilotutakoak eta epaitutakoak izan dira. Jazotakoak oso titular gitxi merezi izan dau gure artean. Marocoko estadutik oso informazino gitxi etorri da jazoeren ganean. Eta bertara joateko asmoa agertu izan dabenek ez dabe baimenik lortu Saharako eremura hurreratzeko be.
Horra joan dan astean euskal politikari eta kazetari batzuek bizitakoa. Ezin izan eben ezta hegazkinetik urten be. Marocoko agintariek ez eutsen baimenik emon errealidadea euren begiekaz ikusteko, euren ikuspuntua partziala ei zalako. Sahararren lider politikoa den Mohamed Abdelazizek, bere aldetik, salatu izan eban Marocoko gobernuaren errepresinoa. Halanda be, ahalegin honeek ez dabe arintzen sahararren sufrimentua.
Kontraesankorra da horren pobrea dan Marocoko estadua. Milaka eta milaka lagun eskapau egiten dira atzerrira euren herrialdea pobrea dalako eta bertan etorkizunik ez daukielako. Baina halanda be, behar diran baliabide guztiak erabilten dabez Saharako herriak askatasuna lortu ez dagian eta marocoarrak izaten segidu dagien. Nazino Batuek onartutako autodeterminazinorako eskubidea ukatu egiten jake sahararrei.
Bakarrik dagoz sahararrak. Ez daukie laguntzen deutsen gobernurik. Lantzean behin laguntzak joaten jakez persona edo gobernuz kanpoko erakundeetatik, baina honeek laguntzok ez dira nahikoa euren arazoari konponbidea emoteko. Euren zoritxarrerako, Maroco Estadu Batuek zonaldean daukien aliatu estrategikoa da. Ganera, Frantziak interes ekonomiko handiak daukaz bertan. Canariaseko gobernuak be inbersinoak egiteko asmoa agertu dau Marocoko gobernuaren eskutik. Ez dira edozelakoak sahararrek aurrean daukiezan arerioak.
Hori dala eta, aspaldiko partez, esan behar dot txalotzekoa dala Aznar Espainiako presidente ohiak agertutako jarrerea. Tindufeko kanpamentuak bisitatuko ditu Aznarrek. Askok uste dabe ez dauela baliorik orain, botererik ez daukanean holako bisita bat egitea. Baina eskaintzeko ezer ez daukan Saharako herriari holako alkartasun keinua luzatzea benetan azpimarratzekoa da. Bueltan Bush haren lagun minari kontauko ete dautso Aznarrek Tindufen ikusitakoa? Ze maniobra ilun ete da hau?