Kalean be ezin erre
Honaino Tokion hartutako neurri harrigarri baizen bitxi honen ganeko kontakizuna. Hemendik aurrerako guztia horrelako arauek dakarguen filosofia onartzean eta horren inguruan hausnartzean datza. Lege zorrotz eta baztertzaile mueta honeen atzean norberaren askatasuna dago jokoan; gaur kalean erretea izan daiteke eta bihar-etzietan ulea urdinez pintetea edo alkandorea kanpotik atarata eroatea. Hori bai, guztion mesedetan hartutako erabagia izango da.
Joseba Terreros
Orain dala gitxi, gure aldizkari honetan leku publikoetan erretea galarazo behar ete zan itaundu euskuen; erantzuna argia izan zan: parte hartu ebenen % 78,8k leku publikoetan erretearen aurkako eretxia azaldu eben eta % 21,2k aldekoa. Dana dala, inork ez eban argitu zer hartzen eban leku publikotzat. Tokion eretxi hori muturreraino eroan eta hainbat kaletan erreteak 16tik 160 eurora bitarteko isuna ekarri leikio herritar xumeari.
Tokioko erdigunean erretea galarazoten dauen legearen lehenengo biktimetariko batek 30.000 yen behearen ganera bota eta arineketan joan zan. Ez eban gura isun eztabaidagarri batek beharlekura belu ailegau eragitea. Atzetik, kalean zigarro bat erretearren, isuna ipini gura eutsien funtzionario biak joan jakozan. Bueltak emon behar eutsiezan: 28.000 yen.
Jazokera hau bala-bala zabaldu da Japoniako uriburuan. Hilebeteko epean, Japoniak tabakismoaren aurka inoiz onetsitako neurririk zorrotzenak erretzaileen azken gordelekua, kalea, suntsitu gura dau.
Tabako konpainien iragarki erraldoi eta distiratsuak ipinten ziran toki berean, gaur egun, gazteek tabakoak osasunari nahiz kaleko garbitasun eta segurtasunari dakarkezan arriskuen ganeko foiletoak banantzen ditue. Atzean, kartel beilegi handiek mezu mehatxagarria zabaltzen dabe: 'Kale honetan ezin da erre'.
Debekua indarrean jarteko arrazoiak
Araua zemendiaren 1ean indarrean sartu zanetik, Chiyodako barrutiko hainbat kaletan zigarrotxu bat pizteak 16 eurotik 160ra bitarteko balioa dauka. Agintariek dinoenez, neurria osasuna jagoteko baino, sute eta erredurak ebitetako hartu da, egunean-egunean kale horreetatik zehar miloe bat persona ibilten dalako.
Edozelan be, udalak arau urratzailearen ondasunak bahitzerainoko neurria hartu leike, horrek 'zerga' (funtzionarioek halan esaten deutsie) ordaintzeari uko egiten badeutso. Legea indarrean sartu aurretik egindako hilebeteko saioan 7.282 lege urratze izan ziran eta indarrean egon dan lehenengo astean 200 persona inguruk ordaindu behar izan dabe isun ospetsua.
Legea betearazoteko patruilek egunero 30 isun inguru jarri ohi ditue, errenkadan dabilz eta buruan polizia batek kanpainaren barri emoten dauen kartel bat daroa, ikur militarra balitz legez. Atzean jaka beilegiz jantzitako ofizial bik jarraitzen deutsie eta atzerago lan-jantzi urdina daroen hiru persona gehiagok. Azken horren beharra besteei laguntzean datza, beti be erretzailea lar hasarre paretan bada.
Legeak ez dauka indarrik jaubetza pribatuetan; hori dala eta, behea lerro batez mugatu eta handik aurrerako lur eremu osoan erretea galarazoten da. Patruila eraikin, ikastetxe, bulego, lorategi, etorbide, geltoki eta abarren aurretik pasetan da. Jentea aurretik igaro eta batzuek irribarre zuriz aditzen deutse. Andra batek zigarro bat iziotu dau, baina ez deutsie isunik ipini, espaloia zapaltzen egon arren, lur pribatuaren ganean dagoalako eta hautsontzi baten ondo-ondoan. Argi dago, legeak lege, persona horrek ez deutsona momentuz erreteari itxiko.
Agintarien eta enpresa pribatuen ardurak
Chiyoda barrutiko ingurumen politikearen arduradunak adierazo dau astebeteko epean kalean erreten dabenen kopurua % 10 inguru murriztu dala. Japoniako gizarteak azken urteotan tabakoari behin betiko agur esateko emon dauen beste pausuetariko bat da, aurki. Tabakoaren kontsumoaren ganean gobernuak urtero egindako azken galdeketearen arabera, erretzaileen kopurua % 31ra murriztu da azken zazpi urteotan. Lau urtez, jarraian, tabako paketeen salmentea urritzea lortu da.
Jokera horregaitik izan edo lege barriaren ezarpen zorratzagaitik izan, Ichigayako auzoan ez da erretzailerik ikusten kalean. Kanpoko beste eremu batzuetan, kasu baterako uriaren erdialdean, erre daiteke, baina kartelek behin eta barriz ekarten dabe gogora Chiyodako barrutian ezarritako debekua.
Erretzaile kopurua apurka-apurka gitxitzen doa. Ganera, Japoniako konpainia pribatuek be itzel lagundu dabe tabakoaren kontrako burrukan. 'Pharmacia KK' konpainiak aurten egindako galdera-sorteagaz bat, Tokioko enpresen % 90 inguruk tabakoaren kontrako neurriren bat hartu dabe honezkero; azterlanak dinoanari jarraituz, % 21,3k neurri horreek ezarri zituan gizartean igarten dan jokaereagaitik; % 13,1ek lan ingurua aldatu eta beste ukutu bat emoteko eta % 2,6k beharginen osasuna jagoteko. Antza danez, enpresa bakar batek be ez dau neurri hori hartu, beharginen lehiakortasunari eutsi eta tabakoagaitiko lan baxarik egon ez daiten.
Tabakoa kalean erretea galarazoteko agintariek izan daben ardura nagusia be ez ei da osasuna izan. Antza danez, segurtasun kontua izan da. Chiba eskualdean, Tokioko Ipar-ekialdean, aurten egindako beste galdeketa baten ildotik, jentearen ardurarik handiena sute bat sortu edo erredurak izatea da. Inkestan parte hartu eben 225 lagunetatik 16k horrelako arazoren bat izan ebela esan eben. Beste 26k erropea inoren tabakoaren erruz inoiz erre jakela esan eben eta 41ek zigarroen ondorioz erredurak izandako personaren bat ezagutzen ebela adierazo eben.
Udalak emoniko datuen arabera, lehenengo astean jasotako dei eta mezu elektronikoen % 70, gitxi gorabehera, lege barri honen aldekoak izan dira. Eta honezkero neurri hau beste barruti eta auzo batzuetara zabaltzeko aukerea aztertzen hasi dira.