Zinea  IV. urtea // 119. zenbakia

El viento


Mina, erruduntasuna eta zoriontasunaren bilaketea Frank-en istorio honen ardatzak dira. Federico Luppi handiak antzeztutako personaia Patagoniatik heldu barri da Buenos Airesera, Alina lobeagaz egoteko asmoz. Frank-ek Alinari barri txar-txarra emon beharko deutso; izan be, baten alabea eta bestearen ama dana hil egin da. Aititaren egonaldiak aukerea emongo deutso Alinari, bizitzearen eta sentimentuen ganean hausnartzeko.

“El Viento” filmak uriko western bat dala emoten dau; personaiak hartu-emonetan paretan dira berbeta siku eta zakar baten bitartez; adikuneek, isiluneek eta keinuek asko be gehiago adierazoten dabe berbek baino. Gidoia ondo egituratuta dago eta apurka-apurka eroango gaitu amaiera bikain batera. Luppik ezin hobeto antzezten dau baserri girotik urira doan eta erruntasunez beteta dagoan gizon zailduaren papera.

Beste askotan egindakoaz bestaldera, pelikula honetan ez deuskue Argentinaren errealidadea erakutsi gura izan. Honako hau justizia, izakera, maitasun, etika, erru eta parkamenaren ganeko kontakizun bikaina da. Istorio triste baina eder eta bizia.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Eduardo Mignogna.
- Herrialdeak: Argentina eta Espainia.
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: Federico Luppi (Frank), Antonella Costa (Alina), Pablo Cedrón (Dufour), Esteban Meloni (Diego), Mariana Brisky (Gabi), Ricardo Díaz Mourelle (komisarioa).
- Gidoia: Eduardo Mignonga eta Graciela Maglie.
- Argazkia: Marcelo Camorino.
- Muntaia: Marcela Sáenz.