Zinea  IV. urtea // 119. zenbakia

Harry Potterren hurrengo filmaren emonaldi sekretuak AEBetan


Joseba Terreros

Harry Potter and the Goblet of fire pelikulearen estreinaldi mundiala datorren zemendian helduko da, baina hainbat personak jada aitatutako filma ikusteko aukerea izan dabe daborduko.

Harry Potter and the Half-Blood Prince, mago gaztearen abenturen azkeneko liburua laster kaleratuko dabe ingelesez; dana dala, Hollywooden laugarrenaren filma preparetan dihardue oraindino. Harry Potter and the Goblet of fire izeneko filmak datorren zemendiaren 18an ikusiko dau argia.

AEBetan mago gaztearen abenturak modan dagoz. Hori dala eta, Warner ekoiztetxeak filmaren emonaldi sekretuak eskaini dauz, kaleko jendea hartu eta "familiarteko" pelikula bat ikusiko dabela esanez. Behin zinema-aretoan, eta filmaren izenburua jakinarazo eutsienean, han batutako jentea aldarrika hasi zan, hainbat lekukok adierazo dabenez.

Bat-bateko kritikari horreen esanetan, Mike Newel britainiarrak zuzendu dauen filma "bikaina" da, orain arte kaleratu dabezanetarik onena. Pelikula horretan, Potterren arerioaren arpegia aurrenekoz ikusi ahal izango dabe zaleek, Ralph Fiennes aktore britainiarren aurpegia hain zuzen, harek egin dau-eta lord Voldemport maltzurrarena.

Laugarren liburua irakurri dabenek aldez aurretik jakingo dabe filmean hilko dan personaiaren izena. Hortaz, euren jakingurea The Half-Blood Prince liburuaren orrialdeetara zuzendu beharko dabe, istorio barrian nor edo nor hilko dala iragarri ebalako J.K. Rowling idazleak aspaldi. Jakingura horrek diru asko ekarri deutso idazleari, Harry Potterrek daborduko 102 miloe ale saldu dauz eta.