Udako zereginak
Irakurteko egun aproposak
Oporretan gomendatzen diran jarduera intelektualetariko bat irakurtea da; izan be, denbora libre gehiago egoteaz ganera, irakurteak prestakuntzea eta heziketea lantzeko aukera asko be asko emoten dauz. Ganera, jarduera hau ez jako ezelango ikasgairi lotu behar eta haren bitartez astialdiko edukinak landu leitekez. Irakurtea pentsetan, lexikoa aberasten nahiz ulermena hobetzen ikasteko modu ezin hobea da; hori guztiori errez lortu daiteke mundu fantastikoetan edo kontakizun erakargarrietan sartuta. Egiaztatuta dago irakurteko usadioari eusten deutsien umeek ikasturte barrira egokitzeko erreztasun gehiago daukiezana.
Oporrak ezin dira eskolearen eta irakasgaien luzapena izan, baina tarte horretan ez dira umeen garapen mentala, hazkunde psikologikoa edota ulermen maila eten behar. Beharbada, auzi honek zerikusi handiagoa dauka jarrera edo jokabideakaz, jarduera muetakaz baino.
Begiluzea
Oporraldia alperren sasoia ete da? Hori izaten da guraso eta irakasle zorrotzek oporrak pasetan dagozan umeei eskatzen deutsena. Gazteenek ikasteko usadioari eutsi behar ei deutsie. Udako hileabeteak ezin dira alperrik galdu, urteko osoko beharrak eta aurrerapenek ahaleginak behar dabez.
Beste aldean, irakasle malguak dagoz, umeak unekada baterako eskolaz eta hango jarduerez ahaztea onuragarria dala pentsetan dabenak, ez bakarrik ikasturte barriari motibazino handiagoz oratzeko, ezpada askatasuna berreskuratzeko, olgetan jarduteko eta heziketa helbururik ez daukan astialdiaz gozetako, hau da, arauetatik harantzagoko tarte bat eukiteko.
Oporraldian egin beharrekoaren ganeko eztabaidea aspaldi-aspaldikoa da eta era guztietako eretxiak dagoz. Seguru asko guztiek daukie arrazoi zatiren bat, muturretara eroaten ez diranean izan ezik.
Atseden tarte bat
Tradizinoz, irakaskuntza prozesuak aldizkakoak izan dira eta horretarako ikastaroak, zikloak eta etapak eratzen dira, atseden tarteei esker bereizten edo banantzen diranak. Oporrak ez dira hezkuntza prozesua eteteko galga gogorra, ezpada norbanakoen heziketea erakundetuta ez dagozan osogaien bitartez aberasteko bidea: natura, kale, olgeta edo familiaren bitartez, hatan be.
Umeei ikasturtean ikasitakoa ahazten jakela dinoan teoria ez dago guztiz justifikauta. Irakaskuntza nahiz ikaskuntza prozesuak era egokian planifikau badira, ustezko galera hori ikasturtea hasteagaz batera berreskuratzen da. Oporrak umeak garatzeko fasetzat hartu behar dira; desbardintasun bakarra da fase hori ez dagoala araututa, ez dagoala eskolearen barruko egitarauen menpe.
Guraso batzuek agiriko akatsa egiten dabe umeen prestakuntzea edukinen pilaketa zehatz batera murriztuz; izan be, bestelako alderdiak hartu behar dira kontuan, berbarako ikasgelea ixten danean indarrean segiduten daben jokabide, portaera eta izakerak. Ikasgeletan landutako makina bat ezaugarrik beharrean segiduten dabe: kuriosidadea, sorkuntzea, gizarte trebetasunak, lankidetzarako jarrerak, errealidade barriak topetako interesa... Guraso zorrotzek seme-alabak kontroletako erabilten daben denpora guztia laguntzeko, olgetan nahiz bestelako jardueretan ibilteko edota eguneko esperientzien inguruan berba egiteko erabiliko balebe, seguru antzean ume honeen garapena askoz be gehiago bizkortuko litzateke.