Euskaldunok munduan  IV. urtea // 119. zenbakia

Euskal Herriko hainbat janari enpresa, New Yorkeko Fancy Food erakusketan


Iratxe Ormatza

Fancy Food New Yorken egiten dan gourmet janariaren erakusketa ospetsua da. AEBetan gaur egun janari denda espezializatuetan hemengo janaria topua leiteke: Iruñeako txorizoa, antxoak, Idiazabal gaztaia, hegaluzea… Erakusketea, baina, merkatu horretan sartzeko ate nagusia da.

Aurten Euskal Herriko 13 enpresa egon dira, kontserberak gehienak, 9 zehatz esateko. Bilboko Merkataritza Ganberako Kanpo Sustapeneko Saileko Izaskun Arregik esan dau helburua Ipar Ameriketako merkatuek zein funtzionamentu daukien ezagutzea da, erakusketeak eskaintzen dauzen aukerak aztertzea eta merkatuan gehiago sartzea. Hau da Eusko Jaurlaritzeagaz batera Euskal Herriko enpresak etorten diran lehen aldia, aurreko urteetan enpresa batzuk euren kabuz joan izan dira eta. Aurten kontserben arloan jarduten daben enpresen barri emon gura izan dabe, batez be, antxoa eta hegaluze kontserben barri. Dana dala, bestelako produktuak be egon izan dira, esaterako marmitakoa, ajoarrieroa, txangurroa, oliba orio organikoa, pikillo piperrak, patata tortillea…

Bizkaiko eta Gipuzkoako kontserba enpresak joan dira. Bizkaitik La Gaviota, Ormaza, Ortiz, Serrats, Zallo eta Etxebarri Idoeta joan dira. Gipuzkoatik, Ondartxo, Corpa eta Yurrita. Eta Nafarroatik, Queiles, Floristan, Industrias Alimentarias de Navarra eta Urzante. Ortiz enpresaren kasuan, hau bosgarren aldia izan da. Ortizeko Jakobo Mujikaren esanetan, erosteko ahalmen handia daukan personak dira euren helburua, Europara etorri izan dana, kalidadezko produktuei inportantzia emoten deutsena, hain zuzen be.

Fancy Food erakusketan, danetara 2.300 erakusketari egon dira. Horreetariko 1.800 AEBetakoak eta 500 atzerrikoak. Ikusgai eta erosgai, barriz, 100.000 produktutik gora.