Barriketan  I urtea // 15. zenbakia - 2002ko abenduaren 1a

Gotzon Lobera (BFAko Euskerea Sustatzeko Zuzendari Nagusia): 'ni ez naz euskerearen militantea, euskalduna baino'

Euskerearen lehenengo eguna Xabierko Frantzisko egunean, abenduaren 3an egin zan diasporan orain dala 53 urte, eta aurten Bilbon sekulako egitaraua antolatu dau Bizkaiko Foru Aldundiak. Ordutik, gauzak asko aldatu dira eta aurrera pausuak izan badira be, momentu txarrak be bizi izan ditu euskereak. Euskereak lege aldetiko babesa behar dauena argi dago, baina hizkuntzea politikea egiteko tresnatzat erabili danetik eta, jakina, bestelako arrazoi batzukaitik, berez altxor handia dan hizkuntzearen kontrako jarrerak asko ugaldu dira eta, ondorioz, inoiz baino premina handiagoa dago euskerea sustatzeko eta babesteko. Edozelan be, euskerea osasuntsu dagoalakoan gagoz. Kontu honeezaz eta bestelakoez berba egiteko Gotzon Lobera konbidau dogu 'Barriketan' ataleko alkarrizketarako. Hona hemen berak kontau deuskuzanak:

1. Zergaitik eta noiz sortu zan Euskerea Sustatzeko Zuzendaritzea?

1999ko hauteskundeetarako EAJk eta EAk egindako proposamena izan zan, euskereari lehenengoz Bizkaiko Foru Aldundiaren ikuspegitik zuzenean organo bidez erantzun bat emotea, lehendik egiten ziran gauzak modu egituratuago baten egiteko. Zehatz esateko, 99ko irailean sortu zan Euskerea Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia. Niretzat harro egoteko motiboa da neu izatea lehenengo zuzendaria egoera honetan, batez be euskereagaz dodazan hartu-emonakaitik.

2. Euskerea sustatzeko eta babesteko zeregin hori aspaldi hartu zenduan. Zelako balantzea egiten dozu?

Pozik nago. Oro har, balantzea ona da, baina hobeto guran gabilz beti. Aurrera pausu itzelak emon doguz azken lau urteotan, baina ez dago geldi egoterik. Kalean ikusi da Bizkaiko Foru Aldundiak lehenengoz berenberegi diru-laguntza batzuk sortu dituala dekretu bidez euskerearen inguruko ekintzak babesteko. Sarritan, baloretan ez dana da horren atzean dagoan beharra; izan be, barruan sekulako egiturea eratu dogu: zuzendaritzea sortzea ez da bakarrik zuzendari bat egotea; zuzendaria eta idazkaria hor dagoz, baina zerbitzua be sortu genduan eta horren barruan beste atal bi: hizkuntza normalizazino atala eta horregaz batera euskerea gizarteratzeko atala (hauxe da jenteak gehien ikusten dauena); bestalde, hizkuntza normalizazino atalen bereizketa bat egin eta aurten sortu dogu itzulpengintza, terminologia eta teknologia barrien atala, arlo honeen garrantzia ikusita.

3. Zer da euskerea zuretzat?

Euskerea oso berezia da niretzat, nik euskerea ikasi behar izan nebalako gazte denporan; hamazazpi urtegaz ekin neutsan euskerea ikasteari eta segiduten dot euskerea ikasten. Ni ez naz euskerearen militantea, ze militanteak kantsau egiten dira: ni euskalduna naz. Nik beti esaten dot euskaldunok izan behar dogula euskaldun. Nik euskaldunak gura dodaz, euskaldun berbearen esangura osoan, ze euskaldunak badira jarrerea bestelakoa da. Niretzat euskerea arnasea hartzea lakoa da, eta beharbada nire bizimoduagaitik egunak emoten dodaz erderaz berba bakarra egin barik eta ez erderaz egin gura ez dodalako ezpada, nire hartu-emon sarea euskalduna dalako. Neure ama-hizkuntzea gaztelania izanda, gero eta gehiago konturatzen zara erraztasuna galtzen zoazela. Egun baten jagi eta amesetan egin neban euskeraz; ordurik hona, beste gauza bat da. Horregaz ez dot esan gura gaztelania maite ez dodanik; asko maite dot nire ama-hizkuntzea dalako.

4. Maila personalean euskerearen alde egin gura izan ezkero, euskeraz egitea, hizkuntzea erabiltea da botikarik onena. Edozelan be, herritarrek euskeraz egiteko preminarik ikusten ez badabe euskerea erabiltea ez da erraza izango. Zer egiten dabe erakundeek euskereari prestigioa emoteko?

Luis Mitxelenak esandakoa gogoratuko dot, hau da, euskerea ez da salbauko administrazinoa euskalduntzen dalako. Hori gogoan hartzekoa da. Orain esango dodana gordinegia izan daiteke jente askorentzako baina nik uste dot zoritxarrez inoren anparuan bizi izateko eta erantzukizunak norberak hartu beharrean inori emoteko ohiturea nagusitu dala; horregaz esan gura dot, guk euskereari prestigioa emoteko egiten doguzan kanpainakaz euskereak eremu guztiak zabal dituala; edozelan be, bakotxaren borondatea be hor dago. Etorkizunari begira, botikarik onena gure seme-alabei euskeraz egitea da eta, horretarako, ez da diru-laguntzarik behar borondatea baino. Argi dago, gure seme-alabek ikusi behar dabe euskerea ez dala inondik inora oztopoa, euskerea euren hizkuntza naturala dala, edozein lekutara heltzeko moduko hizkuntzea, euren nortasunaren ezaugarri behinenetakoa. Hori eginda, hurrengo belaunaldiek ez dakigu zer egingo daben baina geureari jagokonez, beharra ondo eginda geratuko da.

Ezelako balio soziologikorik barik, arduratuta ibili naz aurten eta behartxu bat egin dot nire kautan inori beharraren emoitzak emon barik; aurtengo udako Euskadiko jaietan ze musika entzuten izan dan aztertu dot eta harrigarria izan da inoiz entzun ez dodan legez, kanpoko musikea bertokoa baino gehiago; ganera, euren artean euskeraz egiten eben lagunek eurek eskatzen eben musika hori. Horrek esan gura dau jentearen gustoak norabide bat marketan dauela eta alperrekoa izango dala itsasoari mugak ipintea. Kontuak kontu, guk geuk sortu behar doguz produktuak eta hor dago erronkea, gizarte mailan oraindino geureganduta ez doguna, hau da, euskerea produktu legez ikustea. Gaztelaniagaz edo inglesagaz pasetan dan moduan, euskeratik bizi ahal bada, zergaitik ez? Jokatu daigun argi. Diru-laguntzak euskerarako barik industriarako eskatzen diranean, gure mundu hau normalizauta egongo da. Gizarteak kontuan hartu behar dau euskereak ibili behar badau beste edozein hizkuntzaren maila berean, zelai berean jokatu beharko dau, badakigu lehenengo partiduetan galduko dogula baina hortxe egon behar dogu.

5. Gure gazteen mundua erdalduna da gehienbat (komunikabideak, sekulako jarraipena daben Telebistako Gran Hermano edo OperaciĆ³n Triunfo lako programak, Internet...). Askorentzako erderea da ama-hizkuntzea eta ume eta gaztetxuek euskerea ikasgai legez hartzen dabe eta ez, ostera, komunikazinorako tresnatzat. Eskola girotik kanpo euskerearen erabilerea sustatzeko esperientzia bereziak antolatu dira han, hor eta hemen baina hanka-motz gelditu dira. Fishman hizkuntzalariak esaten dau familia, auzoa eta komunidadea oinarrizkoak dirala hizkuntzearen normalizazinoa lortzeko.

Gazte jentearen munduan arrisku bizi bi ikusten dodaz: alde batetik, munduko beste leku batzuetan egin diran esperientziak beste barik hemen txertatzea egundoko errakuntzea da. Bestetik, oso urduri jarten gara eskolan euskeraz eta kalean erderaz egiten dabelako umeek. Lehen, euskerea olgetarako hizkuntzea zan eta gaztelania eskolako hizkuntzea. Kontua da ze, gaur egun, euskerea etxetik daroenak oso gitxi dira. Baloratu egin behar da hezkuntzeari esker euskaldunen portzentajeak gora egin dauena; erabilereak gora ez egitea logikoa da; proiektu hau modu egituratuan orain 20 urte hasi zan eta oraindino ez da belaunaldi bat oso-osorik pasau. Horregaz ez dot esan gura arriskurik ez dagoanik baina datuak euren neurrian hartu behar dira. Gauzak holan dirala, Fishmanek aitatzen dauen hizkuntza komunidadearen kontua oso polita da baina nik uste dot oso problematikoa be badala, berbarako Eskozian beti hartzen dabe oinarritzat ama-hizkuntzea baina gure kasuan errealidadea beste bat da, neugandik hasita ze neu naz adibiderik onena zelan ama-hikuntza batetik pasau nazan beste bat erabiltera. Garbi dagoana da, gaur egun 2. belaunaldiko umeek markauko dabela etorkizuna eta, beraz, gure beharra izango da euren gustoen arabera bideratzea gure plangintzak.

6. Herrietan, euskerearen alde egiten diran ekintza, azterlan, esperientzia eta bestelakoak trukatzeko, zabaltzeko eta, hori guztia koordinetako asmoagaz, Alkarbide, euskara zerbitzuen bilgunea martxan dago. Indarrak metatzea eta alkarlana ezinbestekoak diralakoan?

Alkarbide izan da Aldundiak egindako ahaleginik handiena eta garrantzitsuena udaletako hizkuntza politika guztiak koordinetako. Gauza bi lortu doguz orain arte bete barik egozanak: administrazinoaren ikuspegitik euskerea arlo sektorial bihurtzea beste edozein arlo legez; hau zeharkako kontua da baina aldi berean erabagi planifikatuak be nahitaezkoak dira tokian-tokian sartzeko. Horrezaz ganera, maila politikoko arduradunek horren guztiaren zentzuna edo ardurea hartzea be lortu dogu.

2001eko zemendiaren 20an sortu zan Alkarbide eta urtebeteko tarte honetan aurrera pausu handiak izan dira. Oso pozik gagoz.

7. Sasoi bateko eta gaur egungo euskerea ikasteko derrigortasunak, hizkuntza eskakizunek eta enparauek euskereari mesede ala kalte egin deutse?

Hizkuntza eskakizunen inguruan nik kalkuletan dot era guztietako eretxiak egongo dirana, beti be, norberaren bizipen edo esperientzien arabera. Gauza bi bereizi behar dira: alde batetik, administrazinoak herritarrei zerbitzua emoteko nahitaez bete beharreko baldintzak eta, bestetik, zerbitzu horreek eskaini behar dituen funtzionarioen eskubideak zelan bermatu. Gauzak holan dirala, hizkuntza eskakizunak tresna dira geure administrazino eginkizunak beteteko. Gaur egun, Bizkaia osoan % 28ko euskaldun portzentajea dogu administrazinoan eta garbi dago gatxa izango dana % 100era heltzea. Salbuespenak salbuespen, mundu guztiak ontzat hartzeko moduko politikea behar dogu eta % 34ra heltzea ez dot uste gehiegizkoa danik. Hori bai, hizkuntza eskakizunen tresna malgua izatea derrigorra da hizkuntza eskubideak bermatzeko; gai honetan, zuhur eta neurriz jokatu behar da baina helburua argi dago: administrazino euskalduna.

8. Azken aldian, helduen euskalduntze prozesua be moteldu egin da. Euskaltegietan gero eta eskasagoak dira matrikulazino kopuruak. Zergaitik?

Prozesuaren moteltzea ulertzekoa da, izan be, ezerezetik hasten danean gauzak bizkor doazelako beti. Momentu honetan, egoerea bestelakoa da, besteak beste, biztanle euskaldunen kopuruak gora egin dauelako. Bestalde, hizkuntza politika neutrorik ez dago: egiten ez dana ez da egin barik gelditzen dana, egiten ez dan lekuan horren kontrako zeozer egiten da eta, hortaz, administrazinoak eragile izan behar dau hori pasau ez daiten. Ez da kasualidadea euskereak aurrera egitea Bizkaian eta Gipuzkoan eta atzera, ostera, Araban eta Nafarroan.

Gaur egun, euskalduntze-alfabetatze sektorean dabilzanek argi izan behar dabe ontzigintzan edo altzairugintzan egin zan moduan, birmoldaketea nahitaezkoa dana. Jarduerak moldatu egin beharko litzatekez egungo hizkuntzearen aldetiko eskakizunei erantzuna emoteko. Testugintzea, hizkuntza industriak eta bestelakoak landu beharreko arloak dira.

9. Gaur egungo gizartean zein da bizkaierearen lekua?

Zoritxarrez tematu egiten gara beste inon planteau be egiten ez diran kontuakaz. Atzerrian, arrazoi pragmatikoak tarteko, ingles estandarra baztertu eta berbakera bereziak erabiltea gauza arrunta da politika zein industria mailan jenteagandik ahalik eta hurren egoteko. Beraz, bizkaierea ez da familia girorako bakarrik; erabilera mailan bizkaiereak edozein egoeratarako balio dau. Bizkaiereak berak ekarpen handia egiten deutso euskera estandarrari, euskerea aberasteko oso garrantzitsuak dira euskalkien aportazinoak.

Diasporea be ez da ahaztu behar. Hemendik kanpora joandakoek euren berbetea erakutsi eutseen seme-alabei, eta berbeta hori bizkaierea edo beste edozein euskalki izan arren euskerea da eurentzako; hori lotura bat, lokarri bat da eta oso garrantzitsua. Labur-labur esateko bizkaiereak badauka bere lekua eta ez edozelakoa ganera.


10. Nafarroan euren hizkuntza zaharraren kontrako legeak jarri ditue indarrean. Ze logika dauka horrek?

Helburu politiko jakinak tarteko, euren nortasuna ontzat hartu gura ez dabenak dagoz hor. Nire ustez ez dago gauza okerragorik norberaren zuztarrei uko egitea baino, norberaren buruari uko egitea baino. Logika alderdikoia baino ez dago beraz. Egitura politikoez aparte, kulturearen ikuspegitik, 1973. urtean, Francoren sasoian, Amadeo Marco, Nafarroako Aldundikoak argi esaten eban bera euskalduna zala, eta ez daukat ahaztuteko.

11. Abenduaren 3a ganean dogu: Hizkuntza gitxituen nazinoarteko eguna, euskerearen eguna...; era horretako egunak beharrezkoak edo eragingarriak ete dira?

Hemen beti gabilz konplejuagaz. Zergaitik ez dogu ospatuko holako egun bat? Aldameneko herrietan be egiten ditue frantsesaren edo gaztelaniaren eguna eta ez da inor harritzen. Garanagaitik harro egon behar dogu, eta ikuspegi horretatik egiten dogun guztia ona da.

12. Euskerearen egunaren harian, aurten egitarau betea preparau dozue, aparteko indarra emon gura izan deutsazue egunari?

Bai. Aldundiaren atzealdeko karpan jarriko dogun erakusketan hiru arlo azpimarratuko doguz: Euskereak egiten gaitu euskaldun / Euskaldunak diasporan / Euskerea bat eta asko, euskerea danona. Erakusketa hori goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00etara egongo da zabalik.

Bestalde, eguerdian ekitaldi berezia egingo dogu Euskalduna Jauregian; aurkezpenik behar ez daben Unai Elorriaga eta Miren Agur Meabe omenduko doguz; horrezaz ganera, etorkizunari begiratzea ondo dago, baina gure aurrekoek zer egin daben ikusita eta, horregaitik, aurten Lauaxeta olerkaria fusilau ebenetik 65 urte bete dirala gogoan hartuta, Antton Valverdegaz batera, ekitaldi berezia izango da.

Eguna biribiltzeko, literatura unibersaleko 100 titulu euskeratuta dagozala ospatzeko, euskal musikaririk unibersalenagaz, Kepa Junkeragaz disfrutetako aukerea egongo da arratsaldeko 20:00etan.

13. Ekitaldiak ugari eta euskerearen aldeko konpromisoa edo manifestua sinatzeko aukerea emongo deutsazue herritarrei. Astebeteko epean, erlojua eskumuturrean ipini eta zeintzuk dira konpromisoa sinatzen dabenentzako bete beharrekoak?

Sinbolikoa baino ez da izango, batez be, herritarrei gogorarazoteko euskerea egunean eguneango tresnea dala eta ez jakula ezer kostetan lehenengo berbea euskeraz egitea edo liburu bat euskeraz irakurtea. Beste gauza batzuen antzean, hizkuntzea ugertu egiten da erabili ezean.

14. Ehun urte barru zein izango da euskerearen egoerea?

Ehun urte barru, danok ulebako, Jabier Gurrutxagak kantetan eban moduan. Nork daki ehun urte barru zein izango dan egoerea? Baina horrek ez nau arduratzen. Lan egin behar da gure seme-alabek ikusi daien zer egin dogun guk, ondo egindakoak hobetu eta oker egindakoak zuzendu daiezan. Etorkizuna gazteena da eta konfiantza osoa izan behar dogu gazteakan.

15. Agendan hutsune askorik ez dozu iznago. Ze proiektu darabilzu orain buruan?

Bai, oso lanpetuta nabil. Dana dala, euskerea enpresa munduan bideratzeko gaian ez dodala asmau edo gehiago egin behar nebala pentsetan dot. Azkenengo urtea izan arren, aurten gabilz arlo honetan ekinbide bereziak jorratzen eta lantzen eta honezkero hartu-emonetan gagoz enpresario zein merkatarien alkarteakaz. Arlo hau da orain gehien landu behar doguna.

Koldo Isusi Zuazo