Euskerea berbagai  IV. urtea // 119. zenbakia

'Geurien be bai' planak plangintzako lehenengo urtea bete dau Bermeon


Ondokoak izan dira hitzarmena sinatu daben eragileak:

- Alkarte profesionalak: Lebazaleen Koop., San Pedro Kofradia, Berton eta Tabernarien Elkartea.

- Sindikatuak: ELA eta LAB.

- Enpresak: Astilleros de Bermeo, Ormaza, Salica, Serrats, Royo, La Gaviota, Zallo, Garavilla, Cusumano, Albacora eta Bermiopost.

- Kirol Taldeak: Bermeo Futbol Taldea, Arraun Elkartea, Sollube 707 eta Urdaibai Eskubaloi Taldea.

- Kultur Taldeak: Alkartasuna Dantza Taldea, Euskeraz Berbetan, Zantzue Kultur Elkartea, Erroxape emakume taldea eta MB-2000 Aisi taldea.

- Musika Taldeak: Bermeoko Abesbatza, Izaro Abesbatza eta Bermeotarrak Fanfarrea.

- Txokoak: Adiskide Txokoa, Kai Gane Txokoa eta Urre-Urre Txokoa

Bermeoko Udalak, hiru urterako plangintza estrategikoaren barruan, lehenengo urteari jagokon egitasmoaren zatia amaitutzat emon dau balorazio positiboa eginaz. Igazko bagilean, herriari euskeraz biziteko aukerea eta indarra emon behar jakozalakoan, “Geurien be bai” izeneko plana abiarazo eban Bermeoko Udaleko Euskara Sailak Ahize-AEK Hizkuntza Aholkularitzearen laguntzinoagaz. Proiektu honen helburu nagusia Bermeoko arlo sozio-ekonomikoan eta alkarteetan euskerearen erabilerea bultzatuko dauen plana garatzea da, beharretara egokitutakoa hain zuzen be, begirunea, parte-hartzea eta adostasuna oinarritzat hartuz.

Herrian euskerearen erabilerea eta presentzia areagotzea da helburua, plana erakunde bakotxaren behar eta ezaugarrietara egokituz, eta euskerea erakundearen kulturan eta kudeaketarako sisteman txertatuz.

2004ko bagiletik 2005eko bagilera bitartean 50 enpresa eta 60 alkarteetara heldu da planaren barri. Ikasturte osoan zehar lan-taldeak eta mintegiak beharrean ibili dira enpresa eta alkarteetan euskerearen egoeearen diagnostikoa egin eta ondorioak atarateko. Lan talde bi eta mintegi bi ibili dira lanean, Jarraipen Batzordearen laguntzaz, diagnostikoak eginaz, emoitzak aztertuz, esperientzia desbardinak ezagutuz eta erakundeen baliabideak aurkeztuz. Lan munduan alkarte profesionalek, sindikatuek eta hainbat enpresek hartu dabe parte, eta alkarteei dagokienean, barriz, kirol taldeak, kultur taldeak, musika taldeak eta txokoak ibili dira. Lehenengo fase honen balorazinoa oso positiboa izan da, batetik, uste baino eragile gehiagok sinatu dabelako hitzarmena eta, bestetik, hasiera batean identifikautako beldurrak eta zalantzak neutralizau eta gainditu egin diralako.

Azkenean, lehen urteko hitzarmenak lortzeko 18 enpresa eta 20 alkarte lehenetsi ostean, 17 enpresa eta 16 elkarte izan dira hitzarmena sinatu dabenak. Sinadura ekitaldia Arrain Azoka egunean gauzatu zan, maiatzaren 20an eta bertan egon ziran enpresa eta alkarteetako ordezkariak alde batetik, eta Bermeoko alkatea bestetik Udala ordezkatuz. Ekitaldi haretan eragileek eguneroko funtzionamentuan euskerearen erabilerea indartzeko euren esku dagoan guztia egiteko konpromisoa hartu eben; aldi berean, Udalak horretarako beharrezkoak izango diran bitartekoak jarriko dituala ziurtatu eban. Azpimarratzekoa da Bermeoko kontserbera guztiek berbatu dabela “Geurien be bai” plana, hau da, herriko sektore ekonomiko garrantzitsuenetakoak. Ez da edozelakoa horrek izan leiken eragina, alkarte eta enpresa horreek herrian daben ospe eta ezaugarriei esker.

Hurrengo ikasturtean, hitzarmena sinatu daben enpresa eta alkarteei banan-banan diagnostiko zehatza eta euren zerbitzuak euskeraz eskaintzeko bidean egin beharreko aldaketak proposatuko jakez, beti be euren oneretxiagaz egingo diran aldaketak.