Barriketan  IV. urtea // 119. zenbakia

Xabier Letona: 'independentziaz jokatzea ez da bape samurra'

Xabier Letona Arrasaten jaio zan 1966an eta Iruñean bizi da. Kazetaritzako ikasle zanetik dabil ARGIAn. 1988an hasi zan aldizkariko erredakzino taldean. 1997an zuzendariorde izentau eben eta 2002tik zuzendari da. Politika saila landu dau gehien, eta bere eretxi eta analisiak argitaratu ditu, besteak beste, Arrasate Presseko zutabeetan eta Euskadi Irratiko tertulietan.

Argia aldizkariaren 2000. alearen harian, hona hemen Xabierri egindako alkarrizketea:

1.- Argia astekariaren 2000. alea kalean ikusita, poza baina era berean konpromisoa eta erantzukizuna be sentiduko dira...

Holan da, bai. Astez aste 2000 zenbaki kaleratzea 42 urtetan zehar ez da bromea. Bi gauza batzen dira, batetik historiatik jaso dozun ondare oso bat, eta bestetik norbera ibili dan garaiko lan talde desbardinek egindako ekarpena. Posizino eta maila bategaz heldu gara 2000.enaren helmugara eta erantzukizuna ez da edozelakoa, merkatuan jarraitu nahi badogu posizino hori hobetu egin behar dalako, mantentzea ez da nahikoa.

2.- Gure mundu txiki honetan horrenbeste urtetan bizirik irauteko zein da sekretua?

Sekretu bakarra ez dago. Alde batetik ohikoak dira, proiektu argi bat izatea, konpromisoa, lana, erakundeen laguntzinoa... Baina bi ezaugarri funtsezkoak iruditzen jataz ibilbide luze horretan: proiektuaren independentzia (instituzinoetatik, alderdietatik, eragile ekonomikoetatik...) eta langileak gure komunikazino proiektuaren protagonista nagusi izatea, jabegoa zein kudeaketari dagokionean.

3.- Noiz eta zelan hartu zenduan Argiako zuzendari lana? Zelako gorabeherak izan dira ordutik hona?

2002an izentau ninduen zuzendari. Zelan hartu neban? Ahal zan moduan. Egia esan, 1988an hasi nintzan Argian eta zuzendari izentau aurretik zuzendariorde lanetan ibili nintzan sei urtez, eta beraz, Argiaren barrenak ondo ezagutzen nebazan. Oraindino ikasten ari naz zuzendari lan hau aurrera eroaten, oso molde desbardinean egin daitekeen funtzinoa dalako, eta norberak berea topau behar dauelako. Gorabeherak? Asko eta era danetakoak. Gogorrena 2003ko zezeila eta martian Egunkariaren itxierearena izan zan, Pello Zubiria lankidea medio –nire aurreko zuzendaria- geuk be oso hurretik bizi izan gendualako erasoa. Ganerako gorabeherak eguneroko kudeaketan emoten diranak dira: kazetari taldea, arazo ekonomikoak... Kazetari ikuspegitik, 2004ko M-11ren harira bizi izandako egunak intensidade handikoak izan ziran.

4.- Zeruko Argia 1919an jaio zan Bilboko Kaputxinoen ekinbidez fedearen eta erlijinoaren harian. Orduko eta gaurko irakurlearen perfilak ez dau eukiko zerikusi handirik...

Seguru ezetz, baina orduko gizarteak eta egungoak be ez, ia mende oso bateko tartea da eta maila guztietan izan diran aldaketak sekulakoak. Halan da be, gauza batzutan antzerakoak dira: jente euskaltzalea, irarkurzalea, jende kualifikatua...

5.- 1963an astekari bihurtu zan aldizkaria eta orduantxe hasi zan Argiaren aro modernoa. Daborduko 2000. alea argitaratu dozue Antton Olariagaren irudia tarteko, independentziaren aldarria eginaz. Informazinoaren eta kulturearen munduan erraza al da gaur egun independentziaz jokatzea?

Ez, ez da bape samurra eta gainera balore absolutu moduan ez da inoiz existiduko, baina bai ahalik eta independentzia maila handienera heltzea, eta guk uste dogu maila altuan gagozala. Ahalik eta independenteen izateko, horretarako borondatea behar da eta gero ahalik eta egitura sendoena, menpekotasunak ahalik eta txikienak izan daitezan. Bistan da, euskal prentsa ahula da berez eta larri ibiliko ginateke, adibidez, dirulaguntzino publikorik barik; horrek, beraz, eragiten deutso norberaren independentziari, baina proiektu eta nortasun sendoa erakusten badozu, eutsi ahal jako. Alderdi politikoek horren indar handia daben gizartean beste horrenbeste pasetan da, oso argi ez badozu, samur eror zaitekez euren sareetan.

6.- Aldizkaria astekari bihurtu ostean, zeintzuk dira aldizkariak bizi izan dituan momenturik ederrenak?

Nik 1988tik aurrerakoaz egin neike berba. Ederra izan zan Egunkariaren sorrerea 1990ean, ederra ARGIA koloretan ikustea 1997an, ARGIA Interneten ikustea, 2003an aldizkaria barritu genduanean...


7.- Ganerako euskal prentsak bezela, momentu larriak bizi izan ditu Argiak...

Bai, arrazoi ekonomikoengaitik, bai Espainiako judikaturatik sortutakoak, bai barruko arazoengaitik... 2003an Egunkariaren itxiereagaz bizi izan genduana oso latza izan zan... Atxiloketa eta miaketen osteko lehenbiziko bizpahiru asteetan Pello Zubiriagaz jazotakoakaz estu ibili ginan Argian. Gogoan daukat, 1997ko udan zenbait lankiderekin izandako arazoak tarteko, bizitako une gogorrak: grebea, Argiaren aurrean bilkura bat, presinoak... Nik Argian bizi izan dodan une gogorrenetakoa izan da.

8.- 1990ean, Euskaldunon Egunkaria sortu zanean, hara joateko aukerea emon eutsen Argia-n beharrean ebilzanei. Zelako momentua izan zan?

Sekulakoa izan zan, ordura arte ia sinistezina zalako euskerazko egunkari bat egon eitekeanik. Egunkaria atara aurreko azken bi urteetan Argia asko gizendu zan jentez, hain zuzen be Egunkarirako behar zan kazetari taldearen bizkarrazurra osotzeko. Danok izan genduan Egunkarira joateko aukerea, baina batzuek erabagi genduan Argian geratzea, batez be, astekariaren erritmoa eta kazetaritza moldea gustukoago gendualako. Baina Argia, zentzu askotan gainera, hustu egin zan operazino haretan eta urteetan asko kosta jakun burua altzetea.

9.- Ramon Saizarbitoria, Joxemi Zumalabe, Damaso Intza, Eugenio Agirretxe, Gurutz Ansola... Zeruko Argian eta Argian idatzi dabenen zerrendea benetan luzea da. Gaur egun zelakoa da Argiaren lantaldea?

Lan talde nahiko gaztea eta gehienbat emakumezkoez osotua. 27 bat lagun gara danetara eta horreetatik zortzi gabiz aldizkarian kazetari lanetan eta beste lau interneten. Ganerakoak komertzial taldean, administrazinoan eta argitalpen sailean ari dira.

10.- Zenbat irakurle ditu gaur egun Argiak? Zerenbestekoa da Sareko Argiaren indarra?

Ez da samurra irakurle kopurua zehaztearena baina 30.000 eta 40.000 artean egon daitekez. Gure tiradea 10.500ekoa da, eta 8.000 inguru harpidedun ditugu, baina horreetatik laurena harpidetza kolektiboak dira (eskolak, liburutegiak...), beraz, samurra da kasu horreetan Argia bat 10-15 lagunen eskuetatik pasetea. Gainera, interneteko irakurleak hor dagoz eta egiazki ez dakigu zenbat personek irakurten daben, baina Sareko Argiak egunero 4.500 sarrera ditu eta 13.000 orri zerbitzatzen ditu egunero; jakina, horreek guztiak ez dira sartzen ARGIAra, baina asko bai.

Edozein modutan, ikusten ari gara urtetik urtera gatxa dala harpidetza barriak egitea eta arduratuta gagoz azken bi urteetan harpidedunen beherakadea izan dogulako. Beraz, erronkea begi bistakoa da, edo hobetu eta irakurtzearentzat interesgarriago bihurtu edo larri ibiliko gara epe ertainera. Bestalde, holan esanda gogorra emoten dau, baina aitatutakoa eguneroko erronkea da eta holan ezagutu dot nik behintzat azken 20 urteetan.

11.- 2000. alea potolo-potoloa da eta Larrun pentsamentu aldizkariaren 88. zenbakia be plazaratu dozuez...

2000. zenbakia ohikoan egiten dogunaren bikotxa izan da ia eta, normala danez, mimoz zaindutakoa da. Larrun be gure marka berezietakoa da eta nahi izan dogu une garrantzitsu horretan hor egotea. Baina aurrera begira, ez dot uste klabea orrialde kopuruan dagoanik, emoten dan horren kalidadean baino. Egungo gizarte mediatikoan dagoan informazino kopuru itzela desinformazinoa bilakatzen da azkenean, eta irakurlea informazino itsaso horretan gidatzea izan daiteke klabeetakoa.

12.- 2000. Alearen harian, 30 urtetik beherako kazetarientzako erreportaia lehiaketea eta udagoienerako mahai-inguruak antolatu dozuez.

Bai, ARGIAren 2000. zenbakia astebeteko kontua zan eta guk zerbait gehiago egin gura genduan, ez aldizkariaren bidez bakarrik, eta kalera ataratea ideia ona izan eikeala otu jakun, hori bai gure jarduereari lotuta. Hausnarketa eta eztabaida bultzatzen ditu Larrunek eta horrexegatik udagoienean politikea, kulturea, hizkuntzea eta arlo sozio-ekonomikoari buruzko lau mahai-inguru egingo ditugu “Euskal Herria: 2005-2025” ardatzaren inguruan egituratuta. Lehenbizi Larrunen argitaratuko ditugu parte-hartzaileen txostenak eta gero eztabaida horreen gainean egingo da modu publikoan. Erreportaje lehiaketeari dagokionez, azken finean jente gaztea motibetako eta ezagutzeko modu bat da.

Koldo Isusi Zuazo