Ardaogintzea eta Txina (I)
Imanol Sarasola,
enologoa
Txina, gaur egun, danon ahotan dagoan lurraldea da, izan be, arlo ugaritan potentzia ekonomiko bihurtu da mundu mailan. Ekonomia eta lan arloan sartu barik, gero eta garrantzitsuagoa da bertako ardaogintzea eta produkzinoan be gora eta gora doaz etenik barik; gaia interesgarria izan daitekelakoan, hona hemen, hortik eta hemendik jasotako datu eta informazinoen ondoriozko idatzia.
Han dinastiaren garaian, (110. urtea k. a.) Txinak lehenengo aldiz lau mahats mota desbardin erosi ebazan Pertsian. Bolada haretan, txinatarrek lurraldearen ipar-ekialdean baino ez ebezan landatu mahastiak (Guansu eskualdean eta Xinjiang-go lurraldean) baina berehala jaubetu ziran inguru horreek kontsumogune eta gune ekonomikoetatik urrun egozala ( 3000 km baino gehiago) eta mahatsak eta ardaogintzeak ez eukela aparteko indarrik Txinan.
Yuan dinastiaren sasoian, (1245-1324 k. o.) Marco Polo Txinara joan zanean, ardaoa emon eutsen bertakoek. Baina, sasoi haretan, ardaoa ez zan Txinan egiten Pertsian baino eta handik ekarten eben zetaren ibilbidetik zeta eta portzelanagaz trukean.
Kristinautasuna Txinara heldu zanean, eleizearen beharrak asetu nahian alde batetik eta europarren beharrak bestetik, ardaoa egiten hasi ziran. Lurraldeko lehen bodega modernoa Zhang Yu da; 1892an sortu eban Zhang Bishink Yantai herrian, Shandong eskualdean 130 mahats mota inguru Europatik bertara eroanda.
Ardaoa beraz, txinatarrentzat, bertan egindakoa izan arren, kanpotik hartutako kulturea da. Gaur egunerarte, ardaoa ez da izan bertako jatorduetako lagungarri zabalduena eta gaur egun be, hango jatorduetan bertakoentzat ez da edari alkoholdun ohikoena.
2003an 421.000 hektarea inguru egozan mahastiakaz landatuta baina horreetatik 64.700 hektarea baino ez ziran ardaotarako erabilten. Ganerakoa jateko mahats eta mahaspasetarako izaten zan. Oraindino, hartzen dabenaren bosgarren zatia baino ez dabe ardao bihurtzen baina urtetik urtera, produkzinoa gora doa, gero eta ardao gehiago egiten dabiz kalidade hobeagokoa.
Kontuak kontu, beste sektore batzuetan sortarazo daben lehia ardaogintzara be ez ete daben eroango bildur dira Europako ardaogileak eta salmentak nabarmen murriztu daitekezalako arduratzen hasita dagoz.
Txinatarrak zeozertan hasten diranean...