Japoniako gorabeherak
Testua: Demelsa Gonzalez.
Argazkiak: Zigor Aldama.
Japonia maisua da mundu zabalean ezelako zentzunik bako beharrizanak sortarazoten. Holako ondorioa ataraten dozu bainugelara joan eta zein botoi sakatu behar dozun ez dakizula geratzen zaranean.
Akrobaziak egiten dabezan pilotoak entrenetan diran lekuan jesarrita, aukera desbardinak probetea baino ez jatzu geratzen. Goitik beherako ur jauzia ezustean hartu zeinke baina hori baino okerragoa izan daiteke komun-ontziko berogailua beroegi jartea. Gure gorputzean behar ez doguzanak hutsitzeko momentua gozagarriagoa izan daiten, ur jauzi dotore baten antzeko soinua aktibetako modua be badago, lotsatienentzako.
Botoia sakatu neban lehenengo aldian, zeozer apurtu nebala pentsau neban eta pagau barik ez nintzala handik joango. Tramankuluetako batzuk sensoreen bitartez dabiz: ‘eskua hemen jarri, zisternako ura behar badozu’, ‘botoi gorria sakatu zaborrontziaren tapea zabaltzeko’, ‘berdea, barriz, jaboia behar izan ezkero’. Sarritan, ezuste ederragoen bila, bainugelan normalean baino denpora gehiago egiten dozu makinatxu bat botoi dagoz eta sakatzeko.
Japoniarren beste asmakizun bat, jatetxen ingurukoa da. Gauza jakina da argazki makina onenak Japonian egindakoak dirala eta Zigor amesetan lez dabil elektronikako dendetan ugari dagozan azken belaunaldiko kamara eta objektiboen artean. Kontua da ze, argazkien kalidadeari esker, berbarako argi propioa euki leikien frijitu oriotsuen ordez, jatetxeetako sarrera-atarietan, eskaintzen dabezan jatekoen plastikozko kopiak erakusteko ohiturea zabaldu dala. Kontua ez da bromea eta Singapur eta Hego Korean be zabal dabilen ohiturea da. Japonian joandako mendean abiarazo eben benetako jatekoaren propagandarako plastikozko jatekoa erakustea; urtzen hasitako izozki, sushi zein patata frijiduen klon sintetikoak edonon topauko dozuez.
Beste alde batetik, gero eta indar handiago hartzen dagoana mangaren mundua da. Diru asko mobiduten dauen merkatuak sexua eta edadea ez eze, ogibideak be bereizten ditu eta etxekoandreentzako, bulegoko zein obrako beharginenatzako komikiak be badagoz. Genero erotikoa edo pornografikoa kategoriatan sailkatuta dago (umeak, homosexualak, hermafroditak...).
Edozelan be, argitalpenen arloan, mangaren sektorea indartsuenetakoa izan arren, harrigarriena merkataritzearen atzaparrak noraino heldu diran ikustea da. Norberaren idoloen panpinak erosteko aukerea ez eze, norberaren gustoen arabera, panpinak personalizetako modua dago ehundaka buru eta gorputz eta milaka jantziakaz. Norbera mangako protagonista bihurtzeko aukerea be badago eta normala da kalean mozorrotutako lagunak ikustea (panpinen antzera jantzita, printzesa zein mangako pertsonaien antzera jantzita). Dirutza handia mobiduten dau negozio honek eta 600 euroko mozorroak be badagoz salgai era guztietako osogaiakaz (zapatak, koloreetako pelukak...).
Horrezaz ganera, sex Shopak be diru iturri handia dira eta hor be aukerak milaka edo miloeka dira...
Herrialdeak entretenimentua behar dau eta herritar askok serio hartzen dabe kontua, izan be, askok eta askok bizitzan beste burukominik ez dabe izaten.
Zorionez, holako kontu edo nabarmenkerietan japoniarrakaz ez dogu lehian sartu beharrik, beste burukomin eta zeregin interesgarriagoak daukaguz eta.