Musikea  IV. urtea // 119. zenbakia

Boban Markovic, Sharon Shannon, Malkit Singh eta Olodum dira Getxo Folk 2005eko artista nagusiak

Irailaren 1etik 4ra bitartean


Folk Jaialdiko azken kontzertu nagusia emonaldi bikotxa izango da. Lehenengo, Korrontzi taldearen txandea izango da. Proiektu honen bidez, bizkaitar trikitilari ezagunen lana omendu gura dabe.

Gero Olodum kultur kolektiboak joko dau. Talde hau 1979an sortu eben Salvador de Bahíako Maciel-Pelourinho barrutiko bizilagunek (Brasilen), Inauterian talde antolatu edo "bloco" gisa parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Olodum taldean, 16 urtean, 800 lagun izatetik 3.000 izatera heldu dira Inauterietako desfilean. Eurek esaten dabenez, 'kultura baltzaren balioak gorde gura dituan taldea' da Olodum. Eurentzat, arrazismoaren kontrako burrukea funtsezkoa da. Talde honen barrutik musika talde bat sortu zan, nazinoartean garrantzi handia hartu dauena, 'The Rhythm of the Saints' lako lanei esker eta Paul Simonen neurriko artistakaz lan egiteagaitik.

Arratsaldeko kontzertuei dagokienean, Areetako Geltokiko plazaren ondoan dagoan aparkalekuan izango dira eta bertan nazinoartean hain ezagunak izan ez arren, kalidade handiko taldeakaz gozetako aukerea egongo da. Gauez, leku berean, Munduko Terraza egitasmoan, hurragoko erritmoak izango dira nagusi Injuve Musikaren Zirkuituen atalean parte hartzen daben talde gazteen eskutik.

Ganera, beste herri batzuetako kale-bandek desfileak egingo dabez eta herriko kaleak erritmo tradizionalen erakusleiho ikusgarria izango dira. Aurten, Eskoziako eta Alemaniako taldeak etorriko dira Getxora.

Azkenik, jaialdian Bidezko Merkatua be egongo da (irailaren 1ean). Munduko Merkatua, barriz, abuztuaren 30etik irailaren 4ra arte izango da.

Bizkaie!


Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdiaren XXI. edizinoan, besteak beste, Boban Markovic, Sharon Shannon, Malkit Singh eta Olodum artista eta taldeak nabarmenduko geunkez.

Aitatutakoakaz batera, beste zortzi talde dagoz, irailaren 1etik 4ra bitartean munduko musikak Getxora ekarriko dabezanak. Egitarauan, musika emanoldiez ganera, bestelako jarduerak be badagoz: Bidezko Merkatua, Munduko Terraza, kaleko banden desfileak eta bestelakoak.

Urtero lez, eguna hasteko, arratsaldeko kontzertuetako talde eta artisten emonaldia izango da, Areetako Geltokiko Plazaren ondoko aparkalekuan, 19:00etatik aurrera. Kontzertu nagusiak 21:30etan hasiko dira plazako karpan; amaitzen diranean, 23:15ak aldera, Munduko Terrazan (Geltokiko Plazaren ondoko aparkalekuan) gaueko kontzertuak egingo dira. Ganera, irailaren 4an umeentzako ikuskizuna egingo da, Areetako Geltokiko Plazan, eguerdiko 12:00etan.

Kontzertu nagusiei dagokienean, aurten Boban Markovic Orchestra taldeak hasiko dau Getxo Folk. Talde hau Balkanetako ijito-orkestrarik ospetsuenetako bat da. Bere eskutik, jenteak jai giroko musikea entzungo dau, jantzarako eta mobimenturako asmautakoa, baina bestelako alderdiak be badituana.

Boban Markovicen jakituria instrumentalari esker, serbiar brass band-ak beste dimentsio batera heldu dira. Talde honen legenda 1990eko hamarkadearen hasieran abiatu zan. Hamarkada haretan, urtero-urtero irabazten eben Gucarit-eko Dragacevo Jaialdi ezaguna, ijito-musikako metalen taldeetako jaialdi nagusia, Balkanetako talderik onenak biltzen dituana. Euren musikea mundu osoan ezaguna da orain, eta zinera be eroan dabe Emir Kusturica zuzendari ospetsuaren eskutik.

Irailaren 2an, Sharon Shannon irlandar folkeko artistarik ezagunenetakoa etorriko da. Urte gitxitan bere herriko musika tradizionaleko ezinbesteko erreferentzia bihurtu da. Clare konderriko Ruan herrikoa da Shannon; eremu profesionalean 1990ean agertu zan lehenengoz, Jim Sheridan ospetsuari esker, "The Hostage" musika egitasmoan txoko bat eskaini eutsonean. Urte horretatik aurrera, Sharonen ibilbidea arrakastaz josita egon da, eta zazpi disko grabau ditu.

Jaialdiaren erdialdean, Malkit Singh jardungo da Getxon. Bhangraren erregeak mundu osoan zabaltzen ari dan musika mota bat ekarriko dau Getxora, Punjabeko doinu tradizionalak erritmo elektronikoakaz eta popagaz nahastauta.

Malkit Singh 1963an jaio zan Hussainpur-en (Punjab, India), eta Punjabeko tradizino folklorikoko maisurik handienagaz ikasi eban. Bere herrian "Golden Voice" sari garrantzitsua irabazi ebanean, ez eban susmorik be bere talentuari eta indarrari esker, bhangra ohitura zaharrenetatik Indiako zinearen pantailetara (Bollywood izeneko industria indartsura) eta hortik mendebaldeko kultur eta abangoardia giroetara be salto egingo ebanik.

'Nach Gidde Wich' disko harrigarria izan zan lehenengoa eta 1987an bhangra musikako industria jaio barriko arrakastarik handiena jaso eban, 'Gurh Nalon Ish Mitha' lanaren bitartez. 1988an, 'Upfront' diskoagaz, anglo-asiar zirkuitua gainditu eban eta bhangraren historian gehien saldutako diskoa izan zan. Ordutik 20 lan atara ditu eta pelikula eta dokumentaletako musikea be idatzi dau.