Zinea  IV. urtea // 118. zenbakia

War of the worlds


Spielberg-ek beste behin be bikain eratu eta atondu dauz ikuskizun hunkigarri baten osogaiak, baina oraingoan ikus-entzuleei irudi ikaragarriak eskaintzeaz ganera, angustia gorria sortu eragiten be jakin dau. Eta horretarako, ganera, ez dau zehetasun korapilatsurik erabili; errekako gorpu aldragaz edo ferryko eszena bildurgarriagaz gomutatzea nahikoa da, film honek hainbat unetan heldu eragiten deuskun izu-ikarearen sinpletasunaz konturatzeko.

“War of the worlds” filma ikusikeran, estu eta larri paretan gara, beharbada pantailan agertzen diran gehiegikeriei aurre egiteko ezgauza garalako. Spielberg-ek ostera be jadetsi dau gure begi ninietan euren indar eta sendotasuna dirala-eta errez ahaztuko ez jakuzan irudiak grabetea. Zuzendari honek zine areto batean esperimentau gura dogun guztia opesten deusku batez bestekoaren oso ganetik dagoan kalidade eta maisutasun batez.

Bestalde, Tom Cruise-ren lana ona eta landua da eta hari laguntzen deutsien seme-alabena be; Tim Robbins-ek, beharbada, neurriz ganera antzeztu dau bere papela, baina autortu beharra dago filmeko pasarterik ahul eta makalenean parte hartzea egokitu jakona.

Spielberg-ek, komertzialtasunari begira, larregizko hunkiberatasuna emon gura izaten deutse bere film guztietako amaierei; kasu honetan be horixe da zuzendari zoragarri honen arazo bakarra: handitasun begitsu, bigun eta apatza; osterantzean, ikus-entzunezkoen maisua dala frogatu deusku atzera be.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Steven Spielberg.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 116 minutu.
- Antzezleak: Tom Cruise (Ray Ferrier), Dakota Fanning (Rachel), Miranda Otto (Mary Ann), Justin Chatwin (Robbie), Tim Robbins (Ogilvy).
Gidoia: Josh Friedman eta David Koepp; H.G. Wells-en nobela batean oinarrituta.
- Argazkia: Janusz Kaminski.
-Muntaia: Michael Kahn.