Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 118. zenbakia

Irudi ‘zuriak’ Londresen


BBCren estilo etikoa

Aurreko bagilaren 24an, BBCk jarraibide editorial barriak onetsi ebazan, hau da, estilo etikoaren ganeko gidaliburu moduko bat. Horren arabera, irudi gogorrak zuzenean emokeran, atzerapenak onartu eitekezan. Kasu honetan hori be ez dabe bete, sarraski honen neurria zein izan dan jakiteko irudirik euki ez dogulako.

Kroniketan kazetari britainiarrek azaldu dabe lekukoek esan deutseena: jentea behearen ganean etzunda dagoala, keagaz baltzituta. BBC eta Sky News telebistek metro geltokietako kale itxiak baino ez dabez erakutsi.

Dan-dana lasai-lasai dago, bare-bare. BBCk atentadua jasan dauen autobusaren irudia emon dau urruneko plano batetik. Apenas ezin dira igarri burdin zati gorriak. Polizia batek eskua aurre-aurrean imini deutso kameralari bati.

Osasun taldeek zentro bat instalau dabe metro geltoki baten ahoan. Goitik behera tapauta dago.

Interneteko ‘fotoblog-ak’

Guztiagaz be, makina bat internautek lehenengo eskuko informazinoa emon dabe sarean; argibiderik gehienak jazokizun honen lekukoen ikuspuntutik emon dira. Gauzak holan dirala, ehundaka ‘fotoblog’ bete dira Londresko leherketen argazkiakaz; bien bitartean, hainbat komunikabide alternatibok herritarrek eurek emondako informazino eta argazkiak argitaratzen jardun dabe. Argazkirik gehienak eskuko telefonoakaz egin dira.

Informazinoa be guztiz dosifikau da. Larrialdi zerbitzuek atentadua izan eta zazpi ordura emon dabez hildakoen ganeko lehenengo datu ofizialak.

Egia esan, guztiz deigarria da Mendebalde honetan darabilgun hipokresia; izan be, Zinbawe edo Irakeko hildakoak arazo barik ikusi daitekez; denpora gitxian ezelako traba barik jakin daiteke zenbat irakiar hil diran azkenenengo bonba autoaren ondorioz. Baina Londresen ez, sorry. New Yorkeko Torre Bikien atentadua izan zanetik ezin da hildakorik agertu telebistan. Edo bai. Kontua da nongo hildakoak diran.

Begiluzea

Barri hau idazten gabilzala, oraindino ez dakigu benetan zer jazo dan pasa dan astean Londresko erdigunean, baina lehenengo momentutik BBC eta Sky News-en irudiek argi itxi deuskue zein izan dan informazinoa emoteko ildoa. Ez dago zauriturik, ez dago izu-ikararik sortu eragiten dauen eszena bakar bat be. Osasun eta segurtasun taldeen lana baino ez da agertu.

Behearen ganean jesarrita, begiak puztuta eta goitik behera odoleztatuta egoan gazte madrildarraren argazkia mundu osoko txoko guztietara heldu zan, martiaren 11ko atentatuak izan eta minutu gitxira. Britainia Handiko komunikabideek ez dabe holakorik gura. Telebistan agertu diran zauritu bakarrak hasikera batean ‘kontrolau ez dabezan bakan batzuk’ besterik ez dira izan.

Lehenengo uneetan atentaduak ‘ezbeharrak’ izan ziran; ordu batzuk igarota, ostera, telebista guztiek aitatu dabe urian itzelezko kaosa dagoala, baina ez da horren barririk emon. Zauritu bat edo bi ikusi doguz, beste barik, esku ohe baten ganean etxunda.