Sarean  IV. urtea // 118. zenbakia

Patente informatikoak atzera oraingoz Europako Parlamentuaren erabagiz


Asteon, eguastenean, Europar Parlamentuak patente informatikoei buruzko Direktibea ezeztatu eban. Argitu daigun arloa.

Orain arte, bateren batek asmakizunen bat lortzen ebanean, herrialdeko erakundeetara joten eban asmakizuna patentetako asmoz. Zer da patentea? Gure asmakizunaren harian, estaduak gure eskubideak bermatzen deuskuz eta (epe batean) gure patentea erabilten dauen bakotxak diru-sariren bat pagau behar deusku. Epea amaitzen danean, barriz, patentea amaitutzat emoten da eta edozeinek erabili leike gure asmakizuna. Musikeagaz edo literatureagaz be gauza bera pasetan da: urte batzuk pasau arte, egile baten obrea erabili gura badogu, egile-eskubideak pagau behar doguz bai berari edo baita oinordekoei be. Finkatutako urte batzuk igaro ondoren, egilearen lana gizarte osoaren esku libre ibilteko bidea zabaltzen da.

Arlo teknologikoan be antzeko arazoak izaten dira baina, kasu honetan interesak banatuta dagoz: industriako enpresa nagusiak alde batetik eta erdi mailakoak eta txikiak bestetik. Lehengoen eretxiz, patentau beharra dago bai asmakizun teknologikoa eta baita asmakizun hori lortzeko beharrezkoak diran programa informatikoak be. Bigarrenen ustez, asmakizuna bera baino ez litzateke patentau beharko (bestela, berbarako, eragiketa matematikoak, batuketa, kenketa, biderketa eta enparauak be patentau beharrekoak ete dira?). Internautek eta kontsumitzaileen alkarteek bigarrenekoakaz bat egin dabe, bestela merkatua Estadu Batuetako enpresa erraldoien esku geratuko litzatekelako eta eurak, barriz, AEBko patente sistemearen errakuntza eta astokerietan nahastauko litzatekazalako (berbarako, Estadu Batuetan Microsoft enpreseak saguagaz egiten dan klik-bikotxa patentau egin dau. Legearen arabera, beraz, klik-bikotxa egiten dogun bakotxean eskubideak pagau beharko geunskioz Microsoft-eri).

Hor dago lehia. Ganera, Europako Batasunean oraindino herrialde bakotxak bere patenteen erakundea dauka, hau da, gaur egun 25 erakunde desbardin dagoz Batasunean. Eta politika munduan, batez be interesak handiak diranean, “lobbyak” ondo baino hobeto mobiduten dira enpresa nagusien interesak defendiduteko. Gauzak holan dirala, aitatutako Direktibea europar Kontseilura eta Batzordera eroan da, ez bat, ezta bi baizik eta hiru aldiz gitxienez onarpena lortu guran. Orain arte beti esan jako ezetz. Bitxikeria lez, Direktiba hau Nekazaritza eta Arrantzako Batzordean be sartu gura izan dabe onarpena lortzeko. Kasu honetan, Poloniako ordezkariari esker ez zan onartu.

Halan da be, egunotan Parlamentuan aurkeztu da eta 648 izan dira kontrako botoak, 14 aldekoak eta 18 abstentzinoak; beraz, proposamena ezerezean geratu da. Direktibearen helburua, teorian, argitasuna, seguridade juridikoa eta ikuspuntu bateratua eskaintzea izan da. Bozketa baino lehenago, Michel Rocard diputadu sozialista frantsezak aurkeztutako 21 emendakinak be ezeztatu egin ziran. Emendakin horreek onartuta, argi geratuko eitekean zer gauza patentau eta zer ez. Kontuak kontu, ordenadoreetarako programak ezin dira patentau, asmakizun teknikoa da patentau beharreko bakarra.

Gotzon Plaza

Europar Parlamentua nahiko urrun geratzen jakun erakundea da edo behintzat horixe da gure buruak pentsetan dauena, hango erabagiek ez dabela gugan ezelako eraginik, ez dogula zertan arduratu behar eta telebistan agertzen dan gauza bat baino ez dala eta geure bizitzeagaz jarraituko dogula ezelako ardura barik. Holan pentsau ezkero, erratzeko aukerea egoten da. Europako Parlamentua gero eta indar gehiago hartzen dago eta honen jarduerea eta eragina gero eta esanguratsuagoa izango da bizitza normaleko hainbat arlotan. Orain arte, Europar Kontseilua eta Parlamentuaren artean nahiko gatazka sutsua izan dogu agintea eskuratzeko, azken hilabeteotan agintea Parlamentuaren eskuetara doala emoten dauen arren.

Jakin beharrean gagoz, Europako Direktibak (legeen antzekoak) onartu eta handik pare bat urtera derrigorrezkoak izango dirana Europako Batasuneko herrialde guztietan, bertako legeriaren gainetik. Hor dago benetako Europako agintearen seinalea, Bruselan erabagiten dana lehenago edo beranduago gugana helduko jaku eta.