Top-Manta
Diskografikek pirateoari leporatzen deutse diskoen salmentatan izan dan beherakadea. Bestalde, euren bigarren arerioa Internet-en bidez musika artxiboak persona batetik bestera pasetea da.
Hori dala eta, euren galerak murrizteko (edo atxaki horregaz) CD danei zergea imintea lortu dabe. Jakina, lobby indartsua da eta eragin handikoa. Nahiz eta legearen arabera bakotxaren erabilera personalerako kopia egiteko aukerea emon, zerga bat 'kanon' izenekoa jarri jake CD danei pirateoaren kaltea zelan edo holan konpontzeko.
Baina beste alde batetik (eta holako kontuetan normalean ez da esaten), badagoz beste ikuspuntu batzuk be: zer deritxagu musikearen prezioari: 2003an, CD baten prezioa 1997koaren parekoa zan. Ondorioa? 2003ko salmentak eta 1997koak parekoak izan ziran. 2000n, prezioak behera egin eban. Ondorioa? Salmentek gorantza jo eben. 2001ean, prezioa mantendu egin zan. Ondorioa? Salmentak gorantza. 2002an, prezioek gora egin eben. Ondorioa? Salmentek beherantza egin eben.
Oso kuriosoa, ezta? Jakina, ez dogu esaten pirateoak eta Internet-eko merkaduek ez daukiela zerikusirik, baina argi dago ez dirala elementu eraginkor bakarrak.
Gotzon Plaza,
informatikoa
Manta = idi-probetan irabazleari emoten jakon saria, garaikurra.
Top-Manta = Idi-proba nagusienean irabazleari emoten jakon saririk nagusiena izango ete da?
Daborduko danok jakingo dogu zer dan 'top-manta', aurreko bromea ahaztuta. Pirateautako CD, DVD eta beste gauza batzuk (hemen, arlo teknologikoaren ganean egingo dogu berba, baina top-mantan kopiautako, pirateautako produktu danak sartzen dira). Herri danetan zabalduta dago jokera hau, batez be orain, uda aldean. Eguraldi onari esker eta herrietako jaiak dirala-eta, txoko guztietan topau geinkez holako postuak.
Prezio merkeak izaten dabez baina kalidadea, sarritan, nahiko eskasa. Eta jazoera hau, batzuen ustez, merkaduaren krisialdiaren eragile zuzena da.
Aspaldiko kontuak dira musikariek top-manta honen kontra egiten dabezan kanpainak eta ekitaldiak. Hor dago, berbarako, Espainiako SGAE erakundea, internauta askorentzako $$$$ izena euki beharko leukena.
Kontuak kontu, enpresa diskografikoek pirateoaren kontrako burruka bizia hasi dabe eta euren artean 'gerrea' dagoala esan geinke. Eta jakina, 'gerra' danetan lez, lehen zauria egiak jasoten dau. Bakotxak beraren arrazoiak azalduko deuskuz, baina beti sua norberaren alderantza mobiduz. Honen adibide garbia hor doatsue:
Bagilaren 23an, Madrilen egindako prentsaurrekoa: John Kennedy (IFPI -produktore diskografikoen nazinoarteko federazinoa- erakundeko presidentea) eta Antonio Guisasola (Promisicae-ko -Espainiako diskografika nagusien alkartea- presidentea). Prentsaurreko horretan esan eben (eta holan agertu da gero komunikabide danetan), Espainia dala Europan gehien pirateetan dauen herrialdea. Eta ez bakarrik hori: mundu mailan, Espainia hamargarren postuan dago pirateoaren aparteko ranking-ean. Esan eta egin: komunikabide nagusienek holan jaso eben eurren barrietan: El Pais, ABC, El Mundo egunkariek; CNN+ telebista kateak, Cadena SER irratiak, Libertad Digital egunkari digitalak.
Prentsaurreko horretan, IFPI erakundearen txostena be aurkeztu zan. Gauza bitxi eta kuriosoa da baina, txosten hori irakurri ostean, beste ondorio batzuk atara daitekez. Txosten horretan herrialdeak sailkatuta agertzen dira, diskoen merkaduan pirateoak daukan ehunekoaren arabera hain zuzen be: % 50 baino gehiago, % 50-25 bitartean, % 25-10 bitartean eta % 10 baino gitxiago. Espainia hirugarren taldean dago, % 24gaz. Aurreko multzoetan Grezia, Polonia, Eslobakia, Italia, Portugal eta beste batzuk dagoz eta, nik dakidanetik, herrialde horreek Europan dagoz, ezta? Orduan, zer dala-eta esan behar da Espainia Europako herrialde liderra dala musikearen pirateoaren munduan? Eta mundu mailan hamargarren dagoala? Txosteneko grafikoa ikusita, argi dago hamargarren postu hau guztiz urrun dagoala.