Bidaide  I urtea // 15. zenbakia - 2002ko abenduaren 1a

2001: Odisea Asiako hego-ekialdean (II)

Munduko lekurik exotikoenetan zehar egindako bidaiaren ganeko kontakizunaren bigarren zatia


Laos

Thailandiako esperientzia gazi-gozoagaz asko ikasi dogu, eta arriskuen aurrean zelan jokatu badakigulakoan gagoz. Laosen emon doguzan egunak zoragarriak izan dira. Turista gitxi bazterretan, jentearen abegikortasuna sekulakoa eta paisajeak amesetakoak. Laoseko esperientzia ez dogu, ez, erraz ahaztuteko. Alde txarren bat azpimarratzekotan, azpiegiturarik eza eta garraio publikoen torturea aitatuko neukez. Autobusak ez dira autobusak bertan izen hori emoten deutsen arren; historiaurreko kamioiak dira, jesarlekutzat luzetara ipinitako ohol ustelakaz eta, ganera, jesarlekuen arteko tartea 30 zentimetrokoa da; pentsaizue, bidaiari gizajoa saltoka doa bide-zulo bakotxean (eta milaka dagoz) eta azkenean zauriak be sortzen dira. Tarteka, gureak lako autobusak be badabilz antza (guk ez dogu bape ikusi) baina bide-zuloak danantzako dagoz; kontua da ze garraio publikoetan 'milaka' lagun dabilzala hara eta hona eta fardel erraldoiakaz (ahal izango balebe elefanteak be eroango leukiez!), arroz zakuakaz, fruta kaxakaz eta bestelakoakaz. Hori guztia gitxi ez bada, tortura psikologikoa be sufridu behar izaten da; Laosen musikea altu entzutea gustetan jake, eta bidaietan ohikoak dira musika tramankuluak.

Halan da guztiz be, Laos gure bizitzako esperientziarik ederrenetakoa izan da, batez be jentearen abegikortasunagatik eta paisajeen exotismoagaitik. Laoseko iparraldea munduko parajerik ederrenetakoa da, ezelako duda barik; gureagaz zerikusirik ez dauen bertako kultureagaz be maiteminduta etorri gara: Laoseko herritarrak oso behartsuak dira, oso gauza gitxigaz bizi dira, ondasun gitxiren jaube dira eta beharra eta beharrerako baldintzak benetan gogorrak dira. Laosen, miseria gorria bizi eta premina handiak izan arren, ezer eskatzen ez daben lagunen artean gauza asko ikasi dodaz. Aldatu egin naz, beste persona bat naz orain.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama


Naturearen eta faunearen maitale amorratua naz; baina badagoz intsektu edo zomorro batzuk poza kenduta era guztietako sentsazinoak eragiten deustienak, eta horreen artean dagoz labezomorroak. Alde horretatik, Asiako hego-ekialdera joatea hankasartze edo errakuntza handia izan zan, ze ingurualde horretako labezomorroak erraldoiak dira eta miloeka dagoz. Kuala Lumpurren gaua egiten dauenean, labezomorroen txandea dator: egunez, kaleko jateko saltokietan geratzen diran hondakinen sundeagaz berbiztuta, estolden burdin hesietatik milaka edo miloeka labezomorro agiri dira. Gorrotatu egiten dodaz intsektu horreek, eta oinez zoazela hara eta hona ibili behar da zomorroak ez zapaltzeko. Dana dala, geroago konturatu naz jatetxeetan hegaz be ibilten dirala eta, beraz, babesik barik ikusi dot neure burua. Airez be eraso egiten dabe madarikatuok!. Jatetxe baten, ganera, zerbitzari edo kamareru batek labezomorro erraldoi bat zapaldu, eskuagaz hartu eta ezkaratzera eroaten ikusi dot, eta ia-ia jateko gogoa be joan jat...

Thailandian eta Kanputxean, ostera, asko gustetan jakez labezomorroak jateko: erreta sano gozoak ei dira eta neurriz handiak diranez, proteina iturri garrantzitsua; txirritxirriak eta har samurrak be oso jateko preziatuak dira. Oraindino gogoan daukat jatetxeko labezomorro gizajoa: nora eroango ete eban zerbitzariak? Komunera joateko beharrizana sentidu dot, baina zoritxarrez ez naz sasoiz heldu.

Thailandia

Thailandiako Erreinuan kamioneta zahar baten sartu gara, baina geugaz batera thailandiar bi, Filipinetako beste bi, malaysiar bat eta Kongoko lagun bi, Nissan Vanette antzeko ibilgailuan ia-ia mobiduteko be leku barik. Thailandiako hegoaldean, Hat Yai izan da lehenengo geltokia, eta aurretiaz pentsautakoa lakoa izan da herrialdearen irudia: Mendebaldeko turista asko, tenpluak eta prostituzinoa. Egia da, bidebakoa eta partziala baino ez dala herrialdearen deskripzino hori, baina lehenengo inpresinoa horixe da: furgonetatik urten eta nire gorputzaren neurri osoa hartzeko 'deskonpresinoa' egin orduko, hamabost bat urteko neskato bat hurreratu eta beragaz ohera joan gura nebanentz itaundu deust.

Thailandiako hegoaldeko uharteetan zehar egindako ibilbidean, turismoaren beste ikuspegi bat ikusi dogu: gehienbat gazteak eta anglosaxoniarrak sekulako astakeriak egiten, euren herrialdeetan egiten ez dabena egiten hain zuzen be: mozkor galantak hartzen, putetxeetara sarri-sarri osterak egiten eta ezelako errespetu barik ingurumenari kalteak eragiten eta herritarren bakea urratzen. Pattaya eta Phuketen ikusi doguz holakoak.

Bangkok uriburuan, aurretiaz entzunda geunkana konprobau dogu, hau da, Bangkok uri arriskutsua dala turistentzat. Emakumeentzat iraingarriak baina oso ospetsuak eta munduan zehar ezagunak diran ikuskizun erotiko horreetako baten egon ondoren, gure hotelera (zulo baltzera, hobeto esanda) joateko tuk-tuk bat hartu dogu (motordun trizikloa); susmo txarra hartu deutsat hasikeratik gidariari eta iparrorratz txiki bategaz arin konturatu naz gure hotelerako bidearen kontrakoa hartu dauela; handik denpora gitxira, gidariak tuk-tuka hutsik dagoan kale bazter ilun baten gelditu eta aurrera ez doala esan deusku; orduantxe, ezerezetik urtenda legez, gizon indartsu bi ikusi doguz korrika guregana bata alde batetik eta bestea bestetik; tuk-tuketik salto egin eta korrika hasi gara. Aukera bi ikusi doguz: hutsik dagoan kaletik alde egitea eta trafiko handiko zeharbide baterantz korrika egitea. Duda barik, trafiko handia dagoan zeharbiderantz jo dogu arnasestuka eta atzetik hur-hurrean gizon horreek etozala ikusi dogunean, abiadura handian datozen kotxeen artean sartu gara eta bozina hotsak arin hasi dira joka. Zorionez, San Kristobalen antzera, polizia bat topau dogu aurrez aurre eta atzera begiratu dogunean, miraria!, ez etorren inor.

Kontuak kontu, dana ez da txarra edo negatiboa Thailandian. Turistentzat berenberegi preparautako ikuskizunetan, gitxiengo etnikoen ohiko jantziakaz eta Mendebaldearen eragin larregirik ezagutu ez daben herrietan, herritarrak lurra zelan lantzen daben ikusten disfrutau dogu; halan da be, herri txiki horreetan, Adidas, LeviĀ“s edota Nike marketako jantziakaz ikusi doguz herritar batzuk. Herritar horreekaz oso gatxa da komunikazinoa, baina euren abegikortasuna, jatortasuna eta irribarrea ez doguz ahaztu, esperientzia benetan ederra izan da.