Mario Angel Marrodan: malko bat, poema bat
Joseba Gotzon
Kantautorea eta Marrodán Olerki Elkarteko presidentea
Jenioa, zintzoa, aldakorra, plurala, arduratsua, ausarta, bidaiaria, zoragarria, sutsua, elestaria, umore txarrekoa, zuzentezina, sentikorra, xumea, …
Garagarrilaren 6an, lagun talde batek Mario Angel Marrodán-egaz hitzordua geunkan baina Portugaleteko poeteak -berari gustetan jakon esaldia- ezin izan eban bertan egon. Hari buruz berbetan, denok pentsetan genduan mundu honetatik joakeran lortuko ebala errekonozimentua. A zelako paradoxea! Eguen goizean joan jakun.
Momentu ilun honeetan, Mariori buruz berba egitea ez da lan erraza baina bere parebako etorri interesgarria imitatuz, berak emon euskuna idatzi honetan azaltzen saiatuko naz. Milaka gauza azaldu euskuzan laurehun argitalpenetan zehar.
Askorentzat, Mario munduaren aurrean egon dan jenio bat izan da, miseria eta sastadetatik ames eginez; maitasuna, itsasoa, pobrezia,… papelean margoztuz edo haren etorkizunaren jaube zan Euskal Herri libre bat amestuz; beste batzurentzat, barriz, despota eta umore txarrekoa izan da; eta beste batzurentzat poeta kaxkar bat, zentzunik bako adjektiboa. Nik esango neuke Mario poeta apala izan dala eta beti Herriaren ondoan egon dala. Haren tintea eskatzen eutson jente guztiaren zerbitzura egon da. Ez ekian "ez" esaten: hitzaurreak, artikuluak, omenaldiak, arte kritikak, entsaioak, aurkezpenak, pregoiak, … Bere plazer handiena zan milaka orri huts eta zuriri bizia emotea.
"No sé si mía o de quién / no sé si de quién o mía / La moneda cayó al suelo / para empezar la partida./ Siempre decide la suerte / Suerte ganada o perdida / Si sale cara la muerte! / Y si sale cruz la vida!"
Mario kritikatua izan da bi muturretatik: kidetasunetik eta frentismotik; biak bateraezinak kontrakoak izateagaitik. Bete betean nago kritikak ez eutsiela ardura, baina nagitasunik barik beraren 400 argitalpenak irrakurri egin behar dira ze bestela ezinezkoa da eretxi sakonak eta zentzunezkoak egitea. Nik uste dut Mariok kritika zuzena eta orekatua eskertzen ebala, gehiegikeriarik barik. Irudimen eta idazteko erraztasun handiko poeta batek, Mariok egin eban lez, gai danen gainean idatzi behar dau –holan egin eban berak-, batzuetan itzel, beste batzutan sentimentu eta maminagaz eta beste batzuetan hasarrre puntu bategaz. Zuzen eta zentzunez jokatzeko hiru "Marioak" irakurri behar dira.
"Gogoa daukat nekaturik / idazteari galdetzeagatik / zenbat bakardade gastaturik / inork ez banau irakurtzen / Ezer ez dudalarik. / Kantatu dudan guztia / Utzi dut paperean / Jaunak konfortatu dezan / nire musa hodeiertza / argitutako ortzadarra."
Nik Marioren olerkiakaz gozetako suberte itzela euki dot; hiru "Marioak" irakurri ditut eta Mario kritikau neikela pentsetan dot; nik Mario POETEA ezagutu dot. Horregaitik, gaur, euskal poeta garrantzitsuenetariko bategaz lan egin eta alkarregaz bizi izateagaitik zoriontsu sentitzen naz, oso.
Vascos del aquí y ahora, vascos de la casa vasca, vascos con los cien motores de la sangre y de la raza. / Vascos en la vasca historia del ayer y del mañana. / Un pueblo que canta y lucha, un pueblo que lucha y canta./ Vascos con la cruz a cuestas, hijos del hierro y la azada. / Vascos que entrañáis el roble desde el tronco hasta las ramas./ Lo eterno y lo nuevo tienen febril aliento en sus almas./ Mi verde paisaje amado / Vasconia sigue su marcha./ Con el corazón os canto / porque soy corto en palabras, porque ésta es la tierra que amo / hecha pasión, vida y patria.
Jakin badakit -badakigu- Marrodán Olerki Elkartea harrotasunez sentitzen ebala, kristalezko malkoen bidez adierazoten eban harrotasuna, bizi, itxaropen eta ilusinoz beterikoa. Poeteak ez badau negarrik egiten, poetea hilik dago. Eta Mariok negar egiten jarraitzen dau, Mario ez da hil.