Eretxia  IV. urtea // 118. zenbakia

Maite dot. Londonegaz egin dabena ez dot maite


IƱaki Atxutegi

Ez da erraza Londonen jazotakoa burutik kentzea. Argi eta garbi esango dot. London maite dot. Ingalaterran egon izan nintzan biziten bolada batean eta Londonen emon ditut momentu oso goxoak. Benetan gozetako moduko uria da Britaina Handiko uriburu erraldoia.

Akordetan naz zelan esaten eustien joan baino lehenago Londoneko kaleetatik edozein modutan joan leitekela inork inori ezelako azalpenik eskatu barik. Ez zan inporta estiloa, erlijinoa, pentsakerea edo sinismena. Eta holan zala egiaztau neban. Euskadin sekula eroan ez dodazan arropak jantzi dodaz Londonen. Sekulako museo andana bisitau neban. Kaleetan paseatze hutsa eta jenteari begiratzea gozamen hutsa zan.

Benetako metropolia da London. Jatetxe atzerritar ugari, mota guztietako gusto eta usainak, kolore guztietako personak. Aniztasuna sekula bizi ez dodan moduan. Mundu batetik bestera pasetako aukerea metroa hartuta. Hori guzti hori gura izan dabe zapuztu joan dan asteko atentaduakaz. Paradisua zana infernu bihurtu gura izan dabe.

Egia esanda, ez jataz sekula gustau autobusak Londonen batera eta bestera ibilteko. Trafiko arazoek trabau egiten eben nire ibilbidea. Metroa gurago neban. Jente asko ebilen metroan, lartxu, akaso, geltoki zikinak ziran, baina mundu osoari bueltea emoteko aukerea emoten eustan metroak hogei minututan. Auzo langile eta aberatsenen arteko distantzia, hain zuzen be.

Baina hau guztia esanda, ez dot gordeko azken egunotan ikusi eta entzun doguna. Edo hobeto esanda: okerrena ez da izan zer ikusi dogun, zer ez dogun ikusi baino. Horren uri zabalean informazino garbi eta zehatzik ez emotea kontraesan galanta izan da. Britainia Handiko gobernuak aginduta, informazinoaren iturria zarratu egin zan eta atentaduen ganean jakin izan doguna tantaka baino ez jaku heldu. Honeek lerrook idazten nagoanean, 38 dira hildakoak baina, zoritxarrez, hildakoen azken datua ez da hori izango.

Momentu honetan, egileen ganeko duda gitxi dagoz. Danok daukagu Al-Qaeda buruan. Ustez, gure gizarte zabalaren areriorik handiena. Begira zelako kontraesana! Gizarte zabala, anitza eskaini eta aldarrikatzen dogu. Aho beteka esaten dogu oso harro gagozala gure artean danak oso libreak garalako eta informazinoa era librean zabaltzen dalako. Hemendik kanpoko gobernuek informazinoa murriztu gura izaten dabenean, zentsura berbea jatorku burura. Eta Sartaldeko gobernu batek holan jokatzen dauenean? Hauxe da zapaldutako herriei saldu gura deutsegun gizarte eredua?