Bertsotan  IV. urtea // 118. zenbakia

Astoa eta errotaria


Astoa
Etxeko jauna, aspalditxuan
zugaz enabil gustora:
gelditu bage beti lanian
batera eta bestera,
lanaren truke lasto sikua
natorrenian etxera,
niriak ein dau asto onegaz
errukitzen ez bazara.

Errotaria
Aspalditxuan ikusten zaitut
lan egitiaz mindurik,
jatekoari atxaki emon
ta geldi egon gurarik;
ezer ein bage jan eta edan,
ez dozu gura besterik,
geldi ôteko etxe onetan
ez dogu bear astorik.

Astoa
Egun danetan beti lanian
bai dakizu nabillena,
zure zorroak ara ta ona
erabilten dodazana;
zuretzat dira irabaziak,
niretzat bakarrik lana,
beste gauzarik ez dot eskatzen:
gosea kentzeko jana.

Errotaria
Zure lanaren irabazia
egunero artzen dozu,
lasto sikua, zatozanian,
kortan naikua daukazu;
beste gauzarik ez dozu bear,
arrantza gitxi eidazu,
eta lanera, zure bizkarra
berotzia nai ez bozu!

Astoa
Nagusi onek ez dau agertzen
menpekoen maitasunik,
onen bihotzak ez dauka behintzat
astoaren errukirik;
zaratia ta palukadia
ez dau beste zuzentzarik,
nik uste neban lau ankakoak
zirala astoak bakarrik.

Erabagia:
Astoa eta errotaria
orra alkarraz autuan,
asto gaxoak arrantza baña
zaku astuna lepoan;
errotariak barre egin da
irabaziak kolkoan,
asto-pareko hamaika kirten
bizi da gure munduan.

Iñaki Aurrekoetxea

Asto pareko amaika kirten
bizi da gure munduan.

Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketearen barri izan dogu joan dan astean. Algortako bertso-eskoleak eten luzearen ostean antolatu dau lehiaketa ezagun honen zazpigarren edizinoa. Egingo deutsagu kasu gehiago lehiaketeari berari hurrengo batean. Oraingoan, sariari izena emon deutson bertsolariagaz geratu gaitezan. Ez da lehenengo aldia Balendinen bertsoak ataraten doguzana. Akorduan izatekoa da Bizkaie! aldizkari honetako lehenengo zenbakirako be muxikarrak Atxeliko gurutzeari jarritako bertso ezagunak aukeratu genduzana.

Kepa Enbeita ‘Urretxindorra’ren semea, 1906an jaio zan Balendin, Muxikako Usparitxa-Jauregi baserrian. Bertsozaletasuna familiatik hartu eban eta gazterik hasi bertsotan. Gerra aurretik Bizkaiko Bertsolarien Sariketea irabazi eban eta gerra ostean Euskaltzaindiak antolatutako lehen Bizkaiko Txapelketa biak, 1958an eta 1959an. Urte horretan Garriko bertso-eskolea sortu eban Ariatzan eta berton urten zirala esan geinke Bizkaiko lehenengo bertsolari eskolatuak: Jon Lopategi, Abel, Moises eta Jon semeak, Sardui, Ajuria... 1986n hil zan Balendin, Galdakaoko eritetxean, baserriko teilatua konpontzen izandako istripuaren erruz.

Baina plaza-gizona ez eze, bertso-jartzaile oparoa izan zan Balendin. Euskal Herriko aldizkari gehienetara bialdu eban bertsorik: Euzkadi, Zeruko Argia, Arantzazu, Anaitasuna, Karmel, Olerti...Antzerki-obra bat be idatzi eban bertsotan. Bertso idatzietan askotariko gaiak erabili ebazan: baserriko bizimodua, herria, euskerea, fedea, andra-gizonen maitasuna, eta baita alegia eta ipuinak be. Oraingoan alegia bat aukeratu dogu. Auspoa Liburutegiak Balendinen bertso jarriekaz osotutako Nere Apurra liburutik hartu dogu 'Astoa eta errotaria' sortea. Balendinen paperetik jasoa da sortea, eta 1958ko zezeilaren 17koa da. Astoaren eta errotariaren arteko alkarrizketa bizia, bat-bateko ofizioa gogorarazo deuskuna, azken erabagi eta guzti, liburuan agertu moduan emon dogu.