Argia astekariaren 2.000. alea kalean dago
Bizkaie!
Iruñeako kaputxino batzuen ekimenez sortu zan 1919an Argia aldizkaria. Orduan Zeruko Argia zan. 1963an, hamaika gorabeheraren ostean, astekari bihurtu zan aldizkaria. Argitalpenaren aro modernoa urte horretan hasi zala esan leiteke eta pasa dan astera bitartean 2.000 ale argitaratu dira. Xabier Letona Argia-ko zuzendaria pozarren dago: ‘une polita da hau’.
Astekariaren azalean Antton Olariagaren irudi bat jarri dabe, ‘Independentzia’ goiburuagaz. ‘Azalean, zeozer informatiboa jartea baino gurago izan dogu gure ikusmoldea erakustea’, azaldu eban Letonak 2.000. alea plazaratu eben egunean.
Barruan, hainbat alkarrizketa dagoz: Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariarena, Joseba Sarrionandia idazlearena eta Ramon Jauregi buruzagi sozialistearena, besteak beste. Artikulu eta erreportaje ugari dagoz, eretxiak tartetxua dauka eta Mikel Atxagak, Pello Zubiriak, Elixabete Garmendiak eta Josu Landak egindako gogoeten laburpenak be irakurri daitekez.
Ospakizunetan bete-betean sartuta, 30 urtetik beherako kazetarientzako erreportaje-lehiaketea antolatu dabe eta urriaren 28ra arteko epea daukie parte-hartzaileek lanak aurkezteko. Ganera, udagoienerako lau mahai-inguru antolatu gura dabez. ‘Euskal Herria 2005-2025’ izenburupean, euskerearen, ekonomiaren, kulturearen eta politikearen ganean egingo da berba jardunaldi horreetan.