Gabriel Arestiren mailua, Ean
Esandako lez, barikuan bertan hasiko dira poesia egun honeek, garagarrilaren 15ean, ‘Poesia mailu bat da?’ itaunagaz eta Gabriel Arestiren etxEA izenburu orokorragaz. Eta jardunaldi honeek hasteko modua ez da makala izango: arrastiko 19:00etan, Beletxen, ‘Lauaxeta, poesia eta nortasun nazionala’ gaiaren inguruan egingo dabe berba Juan Luis Zabala, Igor Estankona eta Pako Sudupe idazleek, Xabier Mendiguren Elizegi moderatzaile dala. Ez da ahaztu behar Lauaxeta hil ebela ointsu bete dirala 68 urte, eta laster beteko dirala 100 urte Laukizen jaio zala. Mendeurren horren eta poeta nazional handiaren barri be luze eta zabal emongo dogu BIZKAIe! aldizkarian.
Aitatutako mahai-inguruaren ostean, iluntzeko 21:00etan, gazteei zuzendutako ‘Poesia gaztea’ tailerra hasiko da Beletxen bertan, eta gaueko 23:00etan, moilan, kantaldia egongo da Bide Ertzean eta Arean taldeakaz.
Hurrengo eguna, zapatua, hilaren 16a, antolatzaileek Arestiren figurearen inguruan zentretako erabili dabe: goizeko 10:30ean, Beletxen, mahai-ingurua egingo da ‘Arestiren mailuma’ izenburupean. Bernardo Atxaga eta Jerardo Elortza dira mahai horren bueltan egongo diran solaskide biak, Karmelo Landak moderatuta. Horren ostean, ‘Gabriel Arestiren nabigazioa’ izeneko poesia eta lore eskaintza kolektiboa egingo da Beletxe ondoko haritzaren eta harri landuaren aurrean.
Bazkari legea egin ostean, arrastiko 17:00etan, Bedaronan, Edorta Jimenez eta José Fernández de la Sotaren eskutik, kafe-tertulia egingo da, ‘Arestiren etxean’ gaia hartuta; ostean, 19:30ean, poesia irakurraldiagaz gozetako aukerea egongo da Bedaronan bertan, eta gaueko 23:00etan, barriz, Eako moilan. Azken horretan parte hartuko dabenak Jose Luis Otamendi, Jon Benito, Arantxa Aldalur, Kepa Urbieta, Aitor Bengoetxea, Igor Aranbarri eta Xabi Borda izango dira. Aurretik, baina, gazteek barikuan hasitako tailerragaz segiduteko aukerea eukiko dabe, 21:00etan Beletxen.
Domekea be ez da ekitaldi faltan egongo: aurreko egunean lez, 10:30ean mahai-ingurua egingo da Beletxen, Xabier Olarra, Txomin Peillen eta Txema Larrearen presentziagaz. Gaia, zelan ez, interesgarria: ‘Jon Mirande eta nazionalismo ortodoxoa: Euskaldun zintzoen balada’. Arrastiko 17:00etan, Natxitun, ‘Aberriaren galera: 1975-2005’ gaia hartuta, Jon Benito eta Urtzi Urrutikoetxea poetak tertulian ibiliko dira, eta beste poeta bat, Gotzon Barandiaran larrabetzuarra, moderatzaile eukiko dabe.
Amaitzeko, 19:30ean poesia irakurraldia egingo da Natxituko bolatokian, eta gaueko 23:00etan, barriz, errezitaldiak moilan. Mikelazulo / Icarus Jazz Trio, Juanra Madariaga, Miren Agur Meabe eta Txili Lauzirikak hartuko dabe parte azken horretan, aurtengo egitarauari amaiera ezin hobea emoteko eta, beste behin be, gogorarazoteko Gabriel Aresti gure artean dagoala, gero eta gehiago, gero eta indar handiagoz. Duda barik, poesia mailu bat izango da Ean, datorren asteburuan.
Julen Gabiria
Oin dala gitxi bete dira 30 urte Gabriel Aresti hil zala, bagilaren 5ean hain zuzen be. Baina Aresti, gero eta gehiago gainera, ez daukagu ahaztuteko Bilbon. Urteurrenak borobilak izan zein ez, sentsazino hori dago airean, Aresti gero eta presenteago daukagula. Gabrielen beraren belaunaldikoen eskutik etorri zan Bilboko poeta handia ez ahaztuteko behar zan lehenengo bultzadea, Anjel Zelaieta eta abarren eskutik, zelan ez. Gero, gazteagoek hartu eben bultzatzen segiduteko kemena, Karmelo Landak eta enparauek. Oin, hirugarren belaunaldi baten, gaztetasunak dakarren indar barriagaz, Eako ‘Herrijeri emon arnasa’ Kultur Taldea eta Bihotz Bakartien Klubeko kideek hartu dabe aurrekoen arnasa, eta Arestiren poesiak, beti gazte eta indartsu, aurrera segiduko dau, atzetik beste belaunaldiren bat etorri arte, indar barriagaz.
Holan ba, batek zein besteak bultzatuta, azkeneko urteotan Ea herrian Gabriel Arestiren omenezko poesia egunak antolatu dira, eta aurten be bardin egingo da, hurrengo asteburu osoan, barikutik domekara. Bertan, mahai-inguruak, literatura tailerrak, kantaldiak eta poesia errezitaldiak egingo dira, beti be espiritu arestiarraren itzalpean.