Barriketan  IV. urtea // 118. zenbakia

Jorge Lopez de Guereñu: ‘murala obra soziala da'

Bilbotarra da, 1963an jaioa, Diseinu Grafikoan eta Komunikazinoan diplomatua; pintura espezialidadean, Arte Ederretan lizentziatua. Ilustratzaile eta diseinatzaile freelance izan da luzaroan hemengo eta kanpoko enpresa eta argitalpenetan. Gurean eta munduan makinatxu bat erakusketa kolektibo zein banakakoetan parte hartu izan dau eta sariak be ugari jaso ditu. Gaur egun, 95ean berak sortutako Lapiz Arte eta Diseinu zentroa zuzentzen dau Bilbon eta ilustrazino, diseinu, marrazki zein pintura eskolak emoten ditu.

1.- Bilbon, Begoñako tuneletako muralak eta oraintsu Larrabasterrako Jam jaialdirako mural erraldoia egin zenduan kaleko pintore edo grafitisten ekarpenak tartekatuz. Zein izan da helburua? Zelako esperientzia izan da?

Ezer baino lehen, Jam jaia zer dan azalduko deutsut. Musikearen eta hip-hopagaz lotura handia daukat 80. hamarkadan AEBn egin nebazan egonaldien ondorioz. Orduan grafitiek erakarri ninduen eta gerora eragin handia izan dau horrek nire pinturatan. Sasoi haretan, gehienbat AEBko iparraldeko urietako auzo baltz eta latinoetan sortutako Jam jaiak egiten ziran baina gero herrialde osora eta mundura zabaldu ziran, pentsauezina izan arren, baita Iranera be. Jam izena, berez, kultura baltzagaz zerikusi handia daben jazz munduko jam session edo inprobisazino saioetatik dator. Hortik aurrera, hip-hop kultura urbanoaren hiru atal nagusiakaz jokatzen zan: breakdance dantzea, disc jockey eta raperoen musikea eta artisten pinturea. Jatorria hortxe dago.

Sopelanako Jam jaia muralaren errematea izan zan. Helburua grafitista libreen eraginez hondatuta egoan ingurua berreskuratzea zan eta proiektuaren barri Udalak emon eustan; egia esan, gustora hartu neban enkargua, eta ideia barritzailea proposatu neutsen, hau da, mural erraldoian grafitisten ekarpena sartzea. Ideia ondo iruditu jaken eta aurrera egin genduan; ganera, ingurua ezagututa eta ni neu surflaria izanda, polita otu jatan surfa eta Sopelanan praktiketan diran kirolak mural batean integretako asmoa. Esperientzia sano positibo eta gogobetegarria izan da niretzako.

2.- Muralean grafitiak sartzea barritzailea izan da; akaso, grafitigileen errespetua lortzeko asmoagaz?

Bai, esperientzia barritzailea izan da. Nik badakit Getxoko Udalak, berbarako bertako grafitista bategaz akordioa daukala herriko skate pistako grafiti onenak konserbetako. Ideia ona duda barik. Muralak eta grafitiak buztartzeko esperientzia, barriz, beste udalerri batzuetan apliketea gurako neuke, herriko leku zehatzak apaintzeaz ganera, lekuan lekuko grafitistei aukerea emoten jakelako barruan daukiena adierazoteko.

Grafitisten harian, ‘Arerioagaz ezin badozu, bat egin beragaz’ esan izan dot prentsan eta oihartzun handiko berbak izan dira. Nire asmoa argia izan da: artiston ekarpenak muralean integretea, besteak beste, erakundeek eta gizarteak, oro har, kultura honen barri izan dagien eta grafitisten ganean daukien eretxia aldatu dagien. Hori bai, ideologietan sartu barik, estetikearen aldetik nik ez dodaz artista lez hartzen pintada politikoak egiten dabezanak. Bestalde, grafitisten artean onak eta txarrak dagozala be esango neuke.

3.- Murala Sopelanan praktiketan diran kiroletan (surfa, parapentea...) oinarrituta dago eta kolore urdina da nagusi. Emoitzeagaz pozik, lana amaituta, zeozeren falteagaz edo zeozer gehiago marrazteko gogoz geratu zara?

Lehen egoan muralaren ezkerraldea zan niri gehien gustetan jatana; inguruko paisajea ikusten zan eta hori garbitu eta zaharbarritu egin dogu, gauza batzuk aldatuz. Ganerakoan, bai, inguruan praktiketan diran kirolak sartu doguz muralean eta tartean, grafitisten ekarpenak. Erabilitako kolore nagusiak urdina eta berdea izan dira, paisajeagaz bat giteko.

Oso pozik nago emoitzeagaz eta ez neuke ezer gehiago sartuko. Gauza arruntak gustetan jataz, ez nago muralak lar kargetearen alde. Kontuan hartu, murala ez dala horma batean koadro bat jartea lakoa. Neurrietan dago aldea eta edukinaren maminean. Nire eretxiz, mural bat egiten dozunean, obrea non kokatuko dan pentsau behar dozu, ze jente ibiliko dan inguruan.

4.- Muralistea eta pintorea zara baina zein da zure eretxia grafitien ganean? Grafitia artea dala esan daiteke?

Bai. Grafitia artea da. Lehen be esan deutsut onak eta txarrak dagozala arlo honetan be baina grafitista onak estetika jakin baten bila dabiz eta edozein lekutan ez dabez egiten euren lanak. Arte lanak dira eta inori kaltea edo hasarrea eragiteko asmorik bakoak.

Idatzizko pintada erreibindikatibo-politikoak, barriz, niretzako ez dira arte adierazpenak.

Onak eta txarrak bereiztuz, sinadurea nabarmentzen daben grafitisten lanak artearen munduan sartu daitekez eta Espainian, horreetako batek, Muellek, hain zuzen arrakasta handia euki eban 80ko hamarkadan. Milaka kamiseta eta poster saldu ebazan, izan be, haren tag edo sinadurea benetan ederra, ikusgarria zalako.

Grafiti artistikoei dagokienean, duda barik arte adierazpenak dira; munduan zehar egile oso onak dagoz eta gurean be bai, berbarako Eva Mena.

5.- Grafitiak ideologia edo ideia politikoakaz lotu izan dira 60ko hamarkadearen amaiera aldetik. Gaur egun, gauzak aldatu egin dira?

Mexikoko muralismoa lehenagokoa da, 40 edo 50. hamarkadetakoa, hain zuzen eta 60ko hamarkadearen amaiera aldean, mobimentu sozialen susperraldiagaz grafitiak ugaltzen hasi ziran. Jazzagaz be hartu-emon handiak izan ditu grafitiak, izan be, 1955eko martian, Charly Parker hil zanean, ezezagun batek ‘Bird Lives’ esaldia, grafititzat hartu geinkena zabaldu eban AEBetan, batez be, New Yorken. Hortik aurrera, grafitiak hip-hop musikeagaz batera garatu dira, gurean jenteak rapagaz nahastuten dauen hip-hoparen kultureagaz. 70eko hamarkadan hasi zala esan daiteke baina 82-83tik 89-90era bitartekoa da izan zan bolada indartsuena.

Azken urteotan, barriz, grafitiaren bilakaerea sekulakoa izan da diseinu grafikoak bultzatuta, izan be, lotura handia dago ordenadore bidezko diseinu programen estetikearen eta grafitien artean. Orain izena ez dot gogoratzen, baina Nike etxeak badakit grafitista bat kontratau dauela publizidade kanpainak bideratzeko eta hori orain urte batzuk pentsauezina zan.

Bestetik, post pop jokerea, publizidade arloko ilustrazinoaren ukutua eta komikien indarra nabarmen islatzen dira gaur egungo grafitietan eta spray-a ez eze, brotxak eta esponjak be erabilten dira grafitietan; gauzak itzel aldatu dira...


6.- Grafitiak eta kaleko pintadak edonon egiten dabezanak zigortu egin behar dirala dinoe askok...

Gai polemikoa da. AEBetan urteak daroez grafitien kontuagaz eta aspaldi konturatu ziran grafitistei aurre egitea oso gatxa dana; Espainian, Linareseko kasua ezagutzen dot; bertako alkateak, herritarren artean grafitista bikaina eukala ikusirik, ganerako herritarren oneretxiagaz, akordioa lortu dau artisteagaz herriko hormak ‘apaintzeko’ eta emoitzea, benetan ederra da. Nire eretxiz, ona izango litzateke udalek hartu-emon zuzenak planteetea lekuan lekuko grafitistakaz, era horretara, artearen adierazpideetako bat gizarteratzeko.

Beste alde batetik, kaleko pintadak eta grafitiak, biak spray edo aerosolagaz egiten dira baina bestela ez daukie zerikusirik. Grafitiak artea dira eta ganera, ingurua apaintzeko balio dabela uste dot. Pintadak ez dodaz artetzat hartzen baina pena handia da pintadak egiten dabezanek beste aukerarik ez izatea euren gauzak adierazteko ze ingurualdea lorrindu baino ez dabe egiten kasu gehienetan.

7.- Gero eta mural gehiago ikusten dira urietako eraikinetan fatxadak zein hormak apaintzen. Zer deritxazu?

Ni neu muralistea izanda, zer esango deutsut ba! Sano interesgarria dala pentsetan dot eta mural gehiago egin beharko litzatekezala. Bilbon, artisten kolektibo bat dago Bilbo Zaharraren zaharbarritzean lan handia egiten dagoana eta nik neuk be Begoñako tuneletako muralak egin dodaz oraintsu.

Bestalde, muralak egiteko enkargua pintoreei egitea ez dot ondo ikusten; murala obra soziala da, murala kokatuko dan ingurua eta inguru horretan bizi diran herritarrak nahitaez kontuan hartu behar dituana.

8.- Uria, kalea da muralen habitat naturala?

Duda barik. Natur guneetan muralek ez daukie zentzurik. Muralak uriak apaintzeko edo zaharbarritzeko aproposak dira baina modu gehiago be badagoz zeregin horretarako eta urietan berdeguneak be behar dira. Gaiaren harian, erakundeek nekazaritza eta baserri-giroari garrantzia larregi emoten deutsela pentsetan dot ze gaur egun, uri guneak hazten doaz eta nekazaritza guneak, barriz, desagertzen; ukaezinezko errealidadea da hori eta urien bilakaereagaz batera doa artea, kasu honetan muralismoa.

9.- Pinturea interes handiena sortarazoten dauen arte adierazpena dala pentsetan dozu?

Ez dakit. Gaur egun, gurean eskultura publiko gehiago dagoz pinturak baino. Salbuespenak salbuespen, jentea aurrean jarten deutsazunagaz interesetan da. Honegaz ez dot esan gura arte arloan jenteak kalidadea non dagoan ez dakianik baina erakundeek gehiago egin beharko leukiela pentsetan dot arte adierazpen desbardinak sustatzeko.

10.- Ze lan egiten dozu normalean? Zeintzuk dira zure erronkak?

Hiru jardueratan nabil buru-belarri. Batetik, Lapiz izeneko Arte eta Diseinu Zentroa gestionau eta eskolak emoten dodaz; bestetik, urteak daroadaz muralak eta koadroak pintetan eta gero eta gehiago ahalegintzen naz muralak eta koadroak zeozelan buztartzen; horrezaz ganera, saltsa askotan sartuta nago: skate pista bateko proiektua daukat mahai gainean, Bilboko Udalari be proposamen bat egin behar deutsat, muraletan grafitiak tartekatzeko esperientziagaz eta mundu hau ezagutarazoten jarraitzen dot eta aurreratuko deutsut, 2006 edo 7rako New Yorkeko ingurualde edo auzo oso bat muralen bidez apaintzeko proiektua dagoala Amerika osoan (Alaskatik Patagoniara) lan egiten daben artisten kolektibo bategaz.

Koldo Isusi Zuazo