Euskaldunok munduan  IV. urtea // 118. zenbakia

Euskal dantzak Saloun


Bizkaie!

Ereintza Dantza Taldeak Mediterraneo aldera oporrak igarotera joan diran euskaldunei herri-mina kendu deutse. Pasa dan asteburuan, Lagun Artea Euskal Etxeak ’Dia d´Euskadi’ antolatu eban Saloun (Tarragona).

Euskal etxeko kideek kataluiniar kostaldeko herri ezaguneko euskaldunei eta euskaldun ez diranei bertoko kulturea helarazo eutsen. Egia esan, euskal turista asko izaten dira urte osoan zehar Tarragonako herri horretan eta, hori aprobetxauta, ekitaldia antolatzea erabagi eben Euskal Etxekoek.

Errenteriako (Gipuzkoa) Ereintza Dantza Taldea izan zan protagonista nagusia. Jaialdiaren aurreko edizinoetan be parte hartu izan dabe eta, aurten (seigarren edizinoa izan da), zazpi euskal probintziatako dantzakaz alaitu dabe giroa. Dantzariakaz batera, bost musikari, kolaboratzaileak eta lagun ugari hurreratu ziran Saloura.

Jon Maia taldeko dantzariak azaldutakoaren arabera, ‘aurreko urteetan izandako harrera onak barriro be joatera animau gaitu’. Ia tradizino bihurtu da Mediterraneo aldera uda partean egiten daben osteratxua talde gipuzkoarrarentzat.

Eguerdi partean, Salouko kaleetan zehar ibili ziran Ereintza taldeko dantzariak. Iluntzean, Jaime I Paseoan (herriaren erdigunean), ia ordu t´erdiko ekitaldia eskaini eben: Zuberoako Maskaradea, Lekeitioko Kaxarrankea eta Dantzari Dantzea, Nafarroako Larrain Dantzea eta beste hainbeste dantza egon ziran ikusgai, fandangoa eta arin-arina ahaztu barik.

Inguruan oporrak pasetan egozan euskaldunek euki eben, bai, euren herriko ohiturez gozetako aukerea.