Felix Fromm Sextet alemanek irabazi dabe Getxoko Jazzaldiko Talde Lehiaketea
Bizkaie!
Getxoko XXIX. Nazinoarteko Jazzaldiko Talde Lehiaketako lehenengo saria Felix Fromm Sextet alemaniarrentzat izan da. Bigarren saria Frank Wöste Trio frantziarrak irabazi dau eta bakarlari onenaren saria Rainer Böhm-ek, Felix Fromm Sextet taldeko piano-joleak.
Aurten, epaimahiaren erabagia jentearen eretxiagaz bat etorri da, ikusleek be alemanei emon deutsie-eta lehenengo saria. Halanda be, Getxoko Jazzaldira hurreratutako zaleek bakarlari onenaren saria Steffen Weber-i emon deutse, talde irabazleko saxofoi-joleari.
Felix Fromm Sextet taldea Alemaniako zenbait unibersidade eta ikastetxetako jazz ikasleek osotzen dabe. Oso gazteak izan arren, hainbat jaialdi (Montreux, Den Haag, Viersen JazzFetival), irrati eta klubetan eskaini dabez kontzertuak, artista handi askoren laguntzinoagaz.
Sariak
Talde Lehiaketako lehenengo sariak 3.000 euro eta CD baten grabazinoa izan dira. Ganera, irabazleek Biotz Alai plazan jo eben, Richard Galliano akordeoi-jole frantziar ezagunaren aurretik. Ostean, alemaniarrek Belgikako Hoeilaart jazzaldian joteko aukerea izango dabe.
Bigarren sariari 1.200 euro jagokoz eta bakarlari onenaren sariari 600. Jenteak emondako sarien truke, irabazleek garaikurrak lortu dabez.
10.000 lagun
Jazzaldiaren antolatzaileek jakinarazo daben legez, aurtengo kontzertuetan eta beste hainbat ekitalditan 10.000 lagun inguru batu ziran herri bizkaitarrean.