Kapsula-hotela
Bezeroak, izena emon ostean, harreragileak azaltzen deutsozan oinarrizko oharrak entzun behar ditu: bakotxaren sexuari jagokon solairuan egon, kapsula barruan ez erre, goizeko hamarrak baino lehenago urten... Ostean, zapatak leihatila baten itxi eta, ortozik, jagokon solairura joan behar da, bigarren leihatila baten bila. Han, beste giltz batek gela handi bat zabaldu (hainbeste giltz dagoz eta zeozelako trankilidadea emoten dau). Han, ‘lo egiteko leihatilatxua’ dago. Bertan itxi daitekez norberaren gauzatxuak edo ekipajea. Baina...! Guk gure gorputzek eroan leikiezan beste motxila daroaguz (ganera, gurdirik ez daukagunez, handienei erroberak jarri deutsieguz). Horregaitik, gure ganeko kapsulea be laga deuskue kargea han ixteko (ideia ona, benetan). Lekua hartu ostean, danek erabilteko jarrita dagozan gelatara joan leiteke bezeroa: komunak, dutxak, trankil egoteko edo masajeak hartzeko gelak... Bestela, kapsula ziztrinean sartu eta zumezko edo mimbrezko pertsianea bajau leiteke.
Kapsulak plastikozkoak dira. Barruan, koltxoia, edredoia eta buruko bat dagoz. Emoten dau burukoa lekalez beteta dagoala, batez be pisuagaitik eta gogortasunagaitik. Holan, behin barruan sartu ezkero, telebista ikusi, irratia entzun, zeozer irakurri edo lo egiten ahalegintzea besterik ez da geratzen.
Horretan egoan Zigor auzokoa zurrungaka hasi zanean. Zorionez ala zoritxarrez, ingurukoen telebisten soinua zurrungena baino altuagoa zan eta horrek zaratea txikiagotzen lagundu eban. Egia esan, aterpetxeetako oheetan beste leku dago eta, Japonen ohikoa dan legez, garbi-garbi dagoz. Ez dago ohetik jausteko arriskurik, ezta han zeozer ahaztuta ixteko be. Aukerea gustau egin jaku baina hoba da poztasun hori larregi ez erakustea, Europan bateren batek Babes Ofizialeko Etxebizitzak egiteko ideia hartu ez dagian...
Testua: Demelsa Gonzalez
Argazkiak: Zigor Aldama
Gau osoa parrandan emon izan baneu legez altzau naz gaur. Goizeko 7:30etan iratzargailuak jo dauenean, minutu bat lehenago lotara joan nazala pentsau dot. Horregaitik, ia modu automatikoan, eskua arin atara eta bentiladorea, irratia eta telebista martxan jarri ostean (porno kanala atoan aldatu dot, kanal hori ikusteko ez dodala pagau adierazoten dauen musikea entzun eta berehala), danak barriro amatau eta alarmea minutu bat atzerago jartea lortu dot. Buruko mina daukat eta umore txarrean nago. Esandakoa: itzelezko biharamona. Aitatutako parrandea Tokion zehar gora eta behera egindako hamazazpi orduko kontua izan da. Erdi lelotuta, horma-hilobitik ahal dodan moduan urten eta zutunik jarterakoan goikoari buruagaz gogor emon deutsat. Ezin dot sinistu.
Zigorrek eta biok argi daukagu ordua heltzen jakunean, erraustea dala gure aukerea baina, lehenago, kapsula-hotelean egin dogu lo, gizakiak bizirik dagozan personentzat asmautako kanposantuen antzeko batean. Halanda be, eta kontrakoa emon arren, ez dagoz txarto lo egiteko.
Arratsaldeko bostetatik aurrera harrera-gelara heldu gara. Luzeran 1,90m eta altueran eta zabaleran metro bateko gelea hartu dogu 4.000 yenen (30 bat euro) truke. Betiko logelak baino apurtxu bat merkeagoak dira eta etxera bueltan joateko azkeneko trena galdu ostean edo etxera bueltan joan gura ez danean, gaua pasetako aukera parebakoa eskaintzen dabe. Bezero gehienak gizonezkoak dira eta hotel gitxitan onartzen dabez emakumezkoak. Hotel honen liburutxuan bertan gizonezko baten argazkia agertzen da lo, haserratuta dagoan emakumezko bat arrantzaka daukala ames egiten dauen bitartean.