Antxina-barri  I. urtea // 14. zenbakia - 2002ko zemendiaren 15a

1951ko grebea


Berrogeita hamaikako grebea sasoi baten amaierea be bada. Francok, esan dogun legez, laguntzinoak jaso zituan erbestean, eta kreditu horri esker eta mugak zabaltzea jadetsi ondorik, arnasea hartzea lortu eban ekonomia modernizetako; horren ondorioz, beharginen egoerea hobetu egin zan. Agintari erbesteratuentzat be sasoi barria hasi zan 50eko hamarkadan. Ordutik aurrera Francoren kontra ekiteko bide barriak jorratu behar ziran. Ganera, errepublika sasoitik etozan erakundeek erakunde sortu barrien lehia be izan eben. Belaunaldi barria egoan sortzen Euskal Herrian, eta belaunaldi horrek beste era batera ikusten zituan gauzak.

Grebearen azkeneko ekintza ondorengo errepresinoak atxilotutako presoentzako epaiketea izan zan. Epaiketea Gasteizen egin zan eta bertan ikaragarrizko kondenak ipini eutsiezan 14 laguni, beste hiru libre itxita.

IƱaki Goiogana,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria

Berrogeita hamarreko lehenengo urteetan erbestean ziran euskaldunek gauzak oker ikusten zituen. II. Mundu Gerrearen amaiereak biztutako esperantzak agortzen joiazan. Mendebaldeko demokraziek ordurako argi eta garbi ixten egozan euren Francoren aldeko apustua. Gerra hotzaren sasoia zan. Beste alde batetik, erbestean egozan indar euskaldunek eta espainiarrek ez ziran gauza mendebaldeko demokraziek onartzeko moduko proposamen bat planteetako.

Halanda be, oraindino Espainia isolatuta egoan, nahiz eta amerikarrakaz tratuetan izan eta isolamentu horretatik urteteko bidean egon. Autarkiaren urteak ziran, eta horrek ekarren arrazionamentu-libretearenak, estraperloarenak, ustelkeriarenak eta abarrenak be bai.

Beharginak egunean bizi ziran, jateko, janzteko eta etxebizitzarako nahikoa irabazi barik. Horri guztiorri gehitu behar jako ez egoala askatasun politikorik eta errepresinoa sekula baino gogorragoa zala.

Honako giro baten grebea sortzea ez da harritzekoa, baina Francoren diktadurea zelakoa zan ezagututa, bai mirestekoa. Ez zan 51koa diktadura sasoiko lehenengo grebea; baina bai, akaso, gogorrena eta sasoi bat ixteko balio izan ebana. Ez zan lehenengo huelgea izan, 1947an, maiatzaren lehenean, Bizkaian eta Gipuzkoan beste greba orokor bat zabaldu zan eta. Oraingoan, barriz, Hego Euskal Herri osora zabaldu zan, eta bertan parte hartu ebenak beharginak izan ziran gehienbat.

Grebea Azkoitin hasi zan apirilaren bian, nahiz eta bertan laster amaitu, batez be agintariek beharginei euren eskabideak aztertuko zituela agindu eutseelako. Bizkaian eta Gipuzkoa osora, barriz, hil bereko 23 eta 24an zabaldu zan. Egun horreetarako deitu eben sindikatuek-eta huelgea. Eskatzen ziran gauzak, papelean behintzat, ez ziran politikoak, soldatak % 50 igotea eta prezioei eustea baino. Huelgearen eragina handia izan zan, beharginen % 85ek egin eben eta. Erantzun honen aurrean agintari frankistak ez ziran eskuak lotuta gelditu; izan be, nonahi izan ziran kanporaketak, atxiloketak, eskirolak kontratetea, eta abar. Danak balio eban huelgea apurtzeko. Baina, halan da be, lortu ebena huelgea zabaltzea izan zan. Maiatzean bizkaitarrak eta gipuzkoarrak beharrera bueltau ziranean, arabarrak eta nafarrak hartu eutseen erreleboa. Araban maiatzaren 4an eta Nafarroan 7an.

Lurralde horreetan be errepresinoa izan zan nagusi, baina beharginak gogor eutsi eutseen euren eskakizunei eta Araban eta Nafarroan be eragina handia izan zan industrian eta herri handietako merkataritzan.

Grebea hasi zan herri berean amaitu zan, Azkoitin, non bagilaren 5ean beharginak barriro huelgeari ekin eutsien hilebete bi lehenago berbatutako akordioa agintariek beteten ez ebelako.

Lanera bueltauta gero beste polemika bat be sortu zan: zeinek deitu eban huelgea eta zeinek eraginda zabaldu zan. Postura nagusi bi dagoz horretan, batak dino berez sortu zala, beharginek ez ebela beste biderik eta. Besteak, barriz, dino huelgea Euskal Gobernuak, bertan ziran alderdiek eta euskal sindikatuek deituta zabaldu zala.